80koak argazki bidez hurbiltzen

Marivi Ibarrolak (Naiara, Errioxa, 1956) lehen ilaratik jarraitu ahal izan zituen The Clash, RIP, La Polla Records, Alaska, Kortatu eta beste hamaika talderen kontzertuak. 1980ko hamarkada zen, eta argazki kamera lepotik zintzilik zuela ibili zen kontzertuz kontzertu. Argazki kazetaria da donostiarra —Errioxan jaio bazen ere hiru urte zituenean Donostiara lekualdatu zen haren familia; egun Madrilen bizi da—. Garai hartan, ordea, musikak (punka eta rocka bereziki) eta kaleko mugimenduak gerturatu zuten argazkigintzaren mundura. Hamarkada hartan egindako lana bildu, eta liburua kaleratu du urte hasieran: Yo disparé en los 80. Erakusketa ere eduki du Donostiako Ernest Lluch aretoan: Lo juro por los Ramones. Euskal Herriko musika taldeen argazkiak dira asko, RRV Euskal Rock Erradikala mugimendukoak, baita gai sozialei buruzkoak ere. Horiez gain, movida madrileña-ko taldeak ere ez dira falta. Bai liburuak, bai erakusketak “harrera ona” izan dutela dio. Ase gabe gelditu da, ordea.

Oraintsu ateak itxi dituen erakusketa, erakusketa ibiltaria izatea gustatuko litzaioke Ibarrolari. “Erakusketa, bere horretan ere beste herri batzuetan jar daiteke. Hala ere, herri edo hiri bakoitzak bere historia duenez, argazki batzuk aldatuz joan daitezke”. Lehen harria Gipuzkoan jarri du, baina ez du muga horien barruan gelditzerik pentsatzen. Hala ere, ideia zehatzenak bertarako ditu: “Zarauzko Photomuseuma prentsaren bidez bakarrik ezagutzen nuen orain arte. Orain gutxi, berriz, museoko arduradunekin hizketan aritu naiz. Argazkigintzaren inguruko museo bakarra da hau, eta ez da erraza izango baina ea elkarlanean zerbait egiterik badugun”. Bestetik, erakusketa kultur aretoetan eta ikastetxeetan jartzeko modukoa dela uste du. Kasu horietan, erakusketa zuzenean kudeatu ahalko luke: “Erakusketak bolumen handia du eta bidaiako gastuak ordaintzea beharko nuke, ez besterik”. Herririk ez du buruan oraindik, baina bat aipatzekotan Arrasate aipatu du: “Hangoa zen RIP, eta kontzertu askotan egin nizkien argazkiak”.

Aurrez argitaratu gabeko lana

Liburuan jaso dituen argazkien “%80” inoiz argitaratu gabeak dira; erakusketaren kasuan, portzentajea “altuagoa” da. “Garai haietako fanzineren batean agertuko zen argazki hauetakoren bat, baina publiko zabalari ez zitzaion inoiz ezer iritsi eta uste dut esan daitekeela hori ez dela argitaratzea”.

Ibarrolarentzat “ezjakintasun eta dokumentazio falta handia” dago garai eta mugimendu horren inguruan: “Ikusleek interes handia erakutsi dute. Batzuek hura ezagutu ez zutelako; dokumentu grafiko gutxi zegoelako edo era bakar baterakoa zela uste zutelako beste batzuek. Gustura nago ekarpenen bat egin ahal izan dudalako, errealitatearen zati bat. Izan ere, 1980ko hamarkadan izan zuten beren garrantzia talde eta pertsona horiek”.

Kontzertu bakoitzean istorio desberdin bat kontatu izan du Ibarrolak. “Antzerki obra bat bezalakoa da. Musika talde berari kontzertu bat ez zaio berdin ateratzen inoiz, eta niri ere horixe gertatzen zait argazkiekin. Hainbat ezaugarri batzen dira beti desberdina izateko. Ez gara makinak, finean. Argiaren arabera, egunez ala gauez izan, argia kontra dagoen ala ez….”. Hala ere, naturaltasunera jo izan du beti. Momentuan gertatzen zena islatu nahi izan du kameraren klik bakoitzarekin. “Modu konkretu batera espresatzen ari zen jendearen lekukotasuna jasotzen nuen: abestien bidez, okupazio mugimenduarekin… espresatzen zena. Han nengoenez, gertatzen zena islatzen nuen. Ez ziren poseak”.

1980ko hamarkadan Ibarrolak ez zuen pentsatu ere egiten argazki haiekin erakusketarik edo libururik egingo zuenik. “Hura guztia dokumentatu nahi nuen, baina ez zen dokumentatzeko. Ez dakit nola esplikatu”. Aisiari lotutako afizioa zen argazkigintzarena: “Gustatzen zitzaidan kontzertuetara joaten nintzen, eta horregatik beste talde askoren argazkirik ez dut, ez zitzaizkidalako gustatzen. Egunkari batentzat lan egin izan banu, ez nituzkeen argazki hauek edukiko. Beste alde batetik joko nukeen”.

Ildo beretik jarraitzen du orain ere, baina kontzertuak hobeto aukeratuta: “Gauza oso berezietara bakarrik joaten naiz”. Azken argazkiak apiril amaieran atera zituen, Madrilgo La Casa Encendida aretoan. Daniel Johnston artistaren kontzertu batean izan zen: “Sarrera guztiak salduta zeuden eta han ere isilka sartu behar izan nuen, beste hainbatetan gertatu bezala. Leporaino beteta zegoen, eta nik ez nuen ohiko kamera eraman, azken momentuko zerbait izan zelako. Soinean beti eramaten dut kameraren bat, ordea, eta harekin atera nituen. Ondo gelditu dira gainera”.

Ibarrolarentzat atzera begiratzea izan da liburua argitaratzea eta erakusketa prestatzea. “1980ko hamarkadan kontzertuz kontzertu ibili arren, gero urrundu egin behar izan nuen. Seme-alabak izan nituen eta beste bide bat hartu nuen”. Garai hartako musikari batzuekin harreman pertsonala bazuen. Eta denborarekin mantendu ditu haiek. Beste batzuekin, berriz, argazki bidezkoa baizik ez zuen. Eta ezusteko pozgarria jaso du zentzu horretan: “Liburua egiterakoan musikari haietako batzuei kolaborazioak eskatu dizkiet, eta erantzunarekin harrituta nago”. Gogoan dutela konturatu da, eta denek kolaboratu dute testuak idatziz. “Nire estrategia beraiek agertzen ziren garai haietako argazkiren bat bidaltzea izan zen. Horren aurrean ezin izan zidaten ezetz esan”, dio umoretsu.

Alaskari bidalitako argazkiaz gogoratzen da, esaterako: “Bera berdez jantzita ageri da goitik behera, baita azazkalak ere. Bere parean trajedun gizonezko bat pasatzen ageri da. Ez dakigu zein den hura. Baina kamerak hori du, dena harrapatzen duela. Zuk protagonista jotzen duzu begiz; kamerak, berriz osotasuna”.