Bonbardaketa taula gainera eramango du Teatro Interior taldeak

Andres eta Eulalia fikziozko bikotea ageri da agertokian. Gerrako fronteak denbora dezente darama Eibar inguruko mendietan, eta herrian gelditzen diren gutxitarikoak dira beraiek; ahal izan dutenek ihes egin dute, fronteak luzaroan iraungo ez duela dakitelako. Halako batean, Toribio laguna sartzen da bikotearen sukaldera: armagintza eskolako ikasketak dituela eta, Eusko Jaurlaritzak Valentziara (Herrialde Katalanak) joateko aukera eman dio, hango lantegi batean armak ekoiztera. Ezin ditu lagunak eraman; bai, ordea, haien seme-alabak.

Oinazea, beldurra, ezintasuna eta bat-bateko erabakiak hartu beharra; 1936ko gerra bizi izan zutenen bizipenak abiapuntutzat hartuta, Eibarko bonbardaketa kontatu nahi du Teatro Interior antzerki taldeak Balada de perdedores antzezlanean. Datorren ostegunean estreinatuko dute Eibarko Coliseo antzokian.

Lau aktorek eta zuzendari batek osatzen dute gaur egun taldea; horietako bik, Maite Lorenzok eta Eduardo Falcesek, 30 urtetik gora daramatzate horretan. Garai batean batez ere poesia errezitaldiak antolatzen zituztela azaldu dute. Iaz, ordea, Eibarko Udalak eskatuta, antzezlan bat taularatu zuten, Bigarren Errepublikaren 80. urtemugaren karietara. Aurten, era bertsuan prestatu dute Balada de perdedores.

Falcesek udan idatzi zuen gidoia, eta taldea urrian hasi zen entseguak egiten. Gertatu zena hobeto ezagutze aldera, Jesus Gutierrez historialariarekin hitz egin zuten. “Apurka, gertatu zenaren berri jakin dugu”, azaldu du Lorenzok; “herriak zenbat jasan zuen, eta zenbat iraun”.

Datu historikoak taularatzeko, pertsonaia baten kontakizuna baliatu dute, Falcesek azaldu duenez: “Amonatxo batek bere istorioa kontatzen digu, betiko gerra garaiko istorio horietako bat”. Horrela, bi gatazka irudikatu nahi dituzte: gerra historikoa, eta emakumeak bere barruan bizi duena. “Gerraz betetako maitasun istorio bat da, edo maitasunez betetako gerra istorio bat”, esanez laburbildu du Sardo Irisarri zuzendariak.

“Txikitasunetik” kontatu nahi dute gerra, Irisarriren arabera: “Gure baliabideekin bagenekien ezin genuela bonbardaketa bat erakutsi”. Horren ordez, sentipenak baliatuko dituzte egoera hori irudikatzeko. “Garrantzitsuena ez da gatazka erakustea, baizik eta zer gertatzen zitzaion gatazka hori bizi zuen jendeari. Eta antzerkia euskarri aparta da hori kontatzeko”, esan du Irisarrik.

Azkenaldian, egunero ari dira entseguak egiten, antzezlana politzen. Horregatik, Irisarrik ez du batere gogoko amateur hitza taldea deskribatzerakoan: “Hauek ez dira antzezle profesionalak, beste gauza batzuetan aritzen direlako. Aktorea bazara eta gainera torlojuak egiten badituzu, jada ez zara aktore profesionala. Baina kalitatean ez da desberdintasunik antzematen”.