Iraganaren zuloak

Gernika ez zen izan 1937ko udaberrian bonben azpian lehertu zen herri bakarra; matxinatu frankistek Hego Euskal Herria okupatzen amaitzeko hilabete gutxi falta zirela, Bizkaiko beste hainbat herri ere bonbardatu zituzten, tropa alemaniar eta italiarren laguntzaz. Gipuzkoan ere bazuten jomuga Hitlerren eta Mussoliniren hegazkinek: duela 75 urte pasatxo, 1937ko apirilaren 24an eta 25ean, Eibar bonbardatu zuten.

Errepublikarentzat, gune garrantzitsua zen Eibar. 1936ko irailerako, Gipuzkoa matxinatuen esku zegoen ia osorik, eta frankistak Bizkaira bidean ziren jada. Eibarren eta Elgetan, ordea, luzaroan eutsi zioten erasoari; zazpi hilabetez egon zen frontea han, 1937ko apirilaren amaierara arte. Ordurako, ordea, bazekiten ez zutela askoz gehiago iraungo: martxoaren 31tik hasiak ziren Bizkaia bonbardatzen, eta ekainaren 19an erori zen Bilbo. “Tarte horretan izan ziren bonbardaketarik gogorrenak”, azaldu du Jesus Gutierrez historialariak (Eibar, 1961).

Baliabideei zegokienez, matxinatu frankisten eta tropa errepublikanoen artean alde handia zegoela argitu du Gutierrezek: “Hemen, lehenengo asteetan nola-hala moldatu ziren pistola motzekin eta eskopetekin aurre egiteko, baina ez zuten kanoirik. Blindatu bat egiteko, kamioi bat hartzen zuten eta, burdinazko txapekin, ahal zuten bezala moldatzen zuten”. Horregatik, ez zitzaien asko kostatu Francoren tropei Gipuzkoa hartzea. Gerra frontea Elgetara iristerako, ordea, egoera desberdina zen: “Europako herrialdeetan neutraltasuna zegoen sinatuta, baina ez zen betetzen. 1936ko irailean armak ailegatu ziren, eta penintsulako iparraldeko fronteetan banatu zituzten. Horrela, parekotasun handixeagoa lortu zuten”.

Frontea, ordea, Eibartik oso metro gutxira zegoen, eta herria, inguratuta. Ihes egitekotan, Bilbora bakarrik joan zitezkeen eibartarrak: “Egunero jasaten zituzten bonbardaketak mendiko kanoietatik, eta, eguraldi ona egiten zuenean, hegazkinak ere etortzen ziren Gasteiztik”.

Elgetako frontea apirilaren 24an jausi zen, eta orduan hasi ziren eraso bortitzenak. Ordurako Eibarko herritar gehienak ihes eginda zeuden, bereziki Bizkaiko industriguneetara: “Soilik defentsa militarrarekin zerikusia zutenak gelditu ziren: gudariak eta milizianoak, eta zerbitzuetan aritzen zirenak, armen eta janariaren hornikuntzan”.

Herrian gelditu zirenek bazituzten hainbat defentsa mekanismo leherketak hasten zirenerako. Alde batetik, hamasei babeslekuko sare bat zegoen herrian: “Udalak bando bat atera zuen, esanez halako kaletan bazeunden, halako babeslekura joan behar zenuela”, azaldu du Gutierrezek. “Mendi tontorretan begiraleak zeuden; hegazkinen bat ikusiz gero, telefonoz hots egiten zuten parrokiko kanpandorrera, eta, sirenen bidez, herritarrei abisu ematen zitzaien babeslekura joateko”.

Horri esker, aurreko bonbardaketek eragindako kaltea izan zitekeena baino nabarmen txikiagoa izan zen. Apirilaren 24 eta 25eko bonbardaketak, ordea, desberdinak izan ziren: “Ez zituzten soilik lehergailu arruntak bota: sua piztekoak ere jaurti zituzten, jakinda etxeak oso txikiak zirela eta elkarrengandik oso gertu zeudela. Eta, gainera, ez ziren berehala lehertzen, baizik eta nonbaiten sartu ostean”. Gaur egun Eibarko udaletxea dagoen lekutik gertu, erasoa igaro zain zeuden herritar ugari, lurpeko babesleku batean ezkutatuta. Gutierrezek aipatutako lehergailu horietako batek bete-betean harrapatu zuen gune hura, baina lurrazalean lehertu beharrean, babeslekuaren barruan egin zuen eztanda. Gutierrezek emandako datuen arabera, bi egun horietan 74 pertsona hil ziren Eibarren.

Zigor “zentzagarria”

Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen lehen herria izanik, espero izatekoa zen frankistek Eibarri eraso egitea, Gutierrezen ustez: “Eurek bazekiten. Estrategikoki ez zen oso garrantzitsua; azken oztopoa zen gerrako industria eskuratzeko, baina horretaz gain, bazegoen gogo berezi bat zigor zentzagarri bat emateko”.

Leherketek suntsitu ez zutena suak kiskali zuen. Bereziki Eibarko alde zaharra gelditu zen txikituta, Javier Muñoz historialariaren hitzetan. EHUn Artearen Historia irakasten du Muñozek, eta Eibarko Udalak antolatutako Juan San Martin beka jaso zuen 2009an, herri horretako gerraosteko berreraikuntza aztertzeagatik.

Bonbardaketa gertatu eta “segituan” hasi ziren herria berreraikitzeko lanetan, Muñozen arabera: “Hasieran, udala eta ekimen pribatuak izan ziren horretan aritzen zirenak; estatua oraindik gerran zegoen, eta ez zegoen baliabiderik”.

1938an, alde frankistak bere mende hartutako lekuak berreraikitzeko zuzendaritza bat sortu zuen, Servicio Nacional de Regiones Devastadas y Reparaciones deiturikoa. Haren bidez, berreraikuntza lan guztiak politika orokor baten arabera antolatu nahi zituen, bereziki ondarearen %75 baino gehiago suntsituta zeukaten herrietan. Tartean zeuden Gernika eta Eibar.

Plan horren arabera, Eibar hiri industriala izango zen gerraostean. Muñozek gehiago zehaztu du: “Gerra aurretik zegoen biztanleria bikoiztu nahi zuten: 13.000tik, 24.000 biztanleko hiria nahi zuten antolatu. Arazoa zen Eibarren ez zegoela espaziorik, mendiz inguratutako bailara bat zelako”.

Hori konpontze aldera, Ego ibaia estaltzea eta etxebizitza sail handiak egitea erabaki zuten. “Zailtasun asko zeuden, eta baliabide gutxi”, ekarri du gogora Muñozek. “Eskulanik ez zegoen; horregatik erabaki zuten Eibarren presoen kanpamendu bat jartzea, lanak merkatzeko. 200 edo 300 preso inguru egon ziren han, gehienak errepublikazaleak”.

Apurka, beste herri batean bizitzen asmatu zuten eibartarrek, Gutierrezen hitzetan: “Esaten dute pertsonok edozertara moldatzen garela. Gerran egonda ere, nahitaez moldatzen gara, eta egoera normaletan ezinezkoak diruditen gauzak egiten ditugu: ogitartekoa hartu eta, lantegira joan beharrean, lubaki batera igo eta tiroak bota, eta egon, eta jaitsi, eta egon, ea egoera aldatzen den. Hainbat kasutan herrira itzuli eta etxea txikituta topatu arren”.