Tolosako gazteen elkarlanak kalea hartuko du bihar, Txapin Festan

Herriko gazteek elkarlanean sortutako Txapin Festa izango da bihar, Tolosan, bosgarren urtez jarraian. Hastapenetan, gazteak lokaletatik kalera irten eta kalea “guztiena” dela aldarrikatzeko sortu zen jaieguna; gaur egun ere, helburu bertsuekin jarraitzen dute lanean Gazteok Txapinetan antolakuntza taldeko kideek.

Tolosako gazteen artean, lokalak alokairuan hartu eta bertan elkartzeko ohitura zabaltzen hasi zen duela bospasei urte: “Horrek gazteok gure artean ezagutzea ere galarazten zuen, eta gazteon arteko harreman hori sustatu nahi genuen”, dio Eider Olazar Elduaienek. Txapin Festaren hastapenetan antolakuntza taldeko kide izan zen Olazar.

Bide horretan, kalearen jabetza aldarrikatzeko bideari ekin zioten: “Gure lehen egitekoa pare bat larunbatetan herriko lokal guztietara joatea izan zen; geure burua aurkeztu, eta helburua zein zen azaldu genien gazteei. Hasieran pentsatu genuen ez zigutela egingo jaramon handirik, baina aurkakoa gertatu zen, eta, oso erantzun ona jasotzeaz gain, lekukoa ere hartu digute jada”, azaldu du Olazarrek.

Txapin Festa izena ere hasieratik sortutako ideia izan zen; lehen urte hartan prestakuntza lanetan ari zirenek argi izan zuten zer nahi zuten: “Kalea guztiona dela aldarrikatzeaz gain, gazte tolosarrei dei egin nahi genien. Txapin hitza etxeko zapatilei deitzeko Tolosan erabiltzen den modua denez, horixe aukeratzea pentsatu genuen”.

Manex Izagirrek eta Iker Varelak gazteen arteko harreman sareak nabarmendu dituzte. Gaur egun, oraindik, Gazteok Txapinetan taldeko antolatzaile lanetan jarraitzen dute biek. “Gazte egun moduko bat egin nahi izan genuen, geuk antolatutakoa. Festa bat egitea errazena izan zitekeela pentsatu genuen, jendea erakartzeko. Gure ideia beste lokaletara joatea zen, eta, bide horretan, egun hau aprobetxatu genuen, guztiok batera egoteko”.

Harreman sare horren erakusle dira festa egunari pixkanaka gehitu zaizkien tolosarren belaunaldi berriak: “Urtero izaten da jende berria antolakuntzan. Batzuek utzi egiten dute, baina beste askok jarraitu egiten dugu”, dio Izagirrek.

Iker Varelak, berriz, elkarlanaren garrantzia nabarmendu nahi izan du Txapin Festaz hitz egitean: “Bada urte osoan antolakuntzako bileretara etortzen ez den jendea baina festa egunean bertan asko laguntzen duena. Jendeak modu aktiboan parte hartzen du”. Finean, gazteek festa bere sentitzen dute, Manex Izagirreren ustez: “Helburua ez zen festa bat antolatzea, gero jendea bazkaltzera joateko. Jendeak bere burua jai horretako zati sentitzea nahi genuen, eta neurri batean lortu dugula uste dut”.

Goizetik gauera txapinetan

Elkartu, proposamen eta ideia berriak jaso, eta egitaraua osatzen du urtero Gazteok Txapinetan taldeak.

Horrela, beraz, bihar goizean hasiko da Tolosako gazteen jaia; 11:00etan, kalejira egingo dute herriko hiru lokaletan barrena, eguna hasteko. 12:30eko baltsa jaitsiera izango da festako ekitaldi nabarmenetarikoa. Kuadrillen egunean egiten zen aspaldi Tolosan, eta duela bi urte berreskuratzea bururatu zitzaien, Txapin Festarako: “Originala eta desberdina da, Tolosan halakorik ez baita bestela ikusten. Jende asko joaten da ibai ertzera, eta giro polita sortzen da”, diote antolatzaileek.

Bazkari legea 14:00etan egingo dute, Plaza Berrian, eta bertsolariak ariko dira bazkalondoa girotzen. Gauean, musikaren txanda izango da, 23:00etan: Karma eta Kantaflor taldeak ariko dira, eta, 00:30etik aurrera, berriz, DJak ariko dira herriko bost tabernatan musika jartzen.

Egitasmo berriei begira

Urte batetik bestera egitasmo eta jarduerak berritze horretan, ahalegin berezia egiten du Gazteok Txapinetan antolatzaile taldeak. “Urte osoan ere saiatu izan gara Txapin Festaz harago bestelako jarduerak antolatzen”, dio Izagirrek: “Dena den, ez da erraza; egun bat prestatzeko elkartzen garen arren, honez gain beste hamaika kontu izaten baititugu”.

Bide horretan, aurten gazteen eta gazte lokalen gaia jorratzen duen Buah txabal antzerki obra Tolosan ikusgai izango da, Tolosako Galtzaundi euskara taldearekin elkarlanean: “Gure asmoa antzerkia asteburu honetan antolatzea zen, baina ezinezkoa izan da, eta abenduan izango da azkenean”, esan du Unai Olaldek, antolatzaile taldeko kideak.