Beste behin ere, Estatu Batuetatik datorren berri batek asaldatu nau, ez eguna aldrebesteraino, baina bai barrua nahasteraino. Zaborra, morbo zikina eta moral eskasa eskaintzen duten milaka telebista kate horietaz gain, beste kate bat sortzeko ideia berritzailea izan dute: txakurrentzat eginiko lehen telebista katea, Dog TV. Ez al dute nahikoa gu erasotzearekin? Ze kulpa dute txakurrek!
Ekoizpena Jasmine Television israeldarraren eskutik dator, eta bere lehen hilabetean milioi bat afiliatu lortu ditu; sinestezina da modan egoteko beharrak duen indar itsua. Kate horretako arduradunen esanetan, hilean bost eurogatik —eta, gainera, merkea dela aldarrikatzeko gibela dute— zure txakurrak entretenimendu bat izango du, eta ez duzu berarekin jolas egiteko beharrik izango. Eta horrela funtzionatzen du jendeak, haurrekin egiten den moduan; isilik egon dadin jar iezaiozu pelikula bat, edo emaiozu bideo joko bat; horrela, ez duzu berarekin jolasik edo hitzik egin beharko. Niri bakarrik iruditzen zait, edota geroz eta gaixoago gaude? Ez diot ezeri zentzurik aurkitzen. Orain arte pentsatzen nuen txakur bat duenak haren konpainiaz gozatzen duela jolas-mimo artean; eta gaur ikasi dut ez dela beti horrela —egunero ikasten da zerbait berria; gaurko lezioa ez da nire gustukoa izan, baina, tira—. Lerro hauek idazten ari naizela, nire alboan daukat Norka, 7 urteko txakur txuri beldurti bat. Ahoan bere jostailu kutuna duela, nirekin jolas egiteko zain daukat; “orain ez, Norka, hau bukatutakoan jolas egingo dugu” esan diot; badirudi ulertu duela, eta hasperen egin eta bere txokora joan aurretik azken begiratu bat bota dit; “baina gero bai, e?”, esan didala iruditu zait.
Dog TV katearen azken berrikuntza, txakurrentzat eginiko Gran Hermano saioa izan da… Bai, irakurle, badakit sinestezina dela, baina begira ezazu Interneten, eta ikusiko duzu ez naizela adarra jotzen ari; nahi nuke! Txakurrentzat egokitutako kolore eta frekuentzien bidez, erakargarri irudituko zaien saio bat sortu dute, etxe batean bizikidetzan dauden txakur taldea, jaten, lotan eta elkarri zaunka egiten ikusi ahalko dituzte bere espezieko lagunek; saiatu naiz ezberdintasunak topatzen guk ezagutzen dugun Gran Hermano horrekin, eta ez diot batere aurkitu.
Nire txakurrak entretenimendua nahi duenean pilotatxoa botatzen diot, korri eginarazten diot, paseo luze bat ematen dugu, edota, egunaren arabera —gaizto xamar nagoenean— , bere jostailu kuttunenarekin —zapaldutakoan hotsa egiten duen gomazko Pluto bat— amorrarazten dut. Baina sekula ez zait bururatu telebista jartzea. Gu baino bizkorragoak, jakintsuagoak, leialagoak eta garbiagoak dira; beharrezkoa al da izaki inuzente baten nortasuna horrela bortxatzea? Ez da beharrezkoa, ez da osasungarria, eta ez da naturala. Baina errentagarria da; kito, hortxe bukatzen da eztabaida.