Bukatu dira hango eta hemengo futbol ligak eta Eurokoparen eta Espainiako Koparen zain dira futbolzaleak. Talde handienak izan dira hizpide hedabideetako titulu nagusietan, eta ustekabeetarako aukera gutxi egon da Europako liga nagusietan. Ingalaterrako liga ezberdina da, ordea.
Ongi daki hori Pablo Sanchez donostiarrak. Iazko martxoan ekin zion Sanchezek Ingalaterrako Burnley taldean fisioterapeuta gisara lan egiteari, eta esperientzia zoragarria gertatzen ari dela dio: “Ametseko lana da niretzat. Asko ikasten ari naiz, eta klubeko jendea oso jatorra da, jokalariak zein langileak. Erronka handia zen eta hasieran beldur pixka bat ere banuen, futbolarien artean orokorrean ego handiak izaten direlako. Baina lanean hasi bezain laster jende normala dela konturatzen zara. Gehiegi gurtzen ditugu askotan, hedabideen erruz agian”.
75.000 biztanle inguruko hiria da Burnley, Manchestertik 40 bat kilometrora dagoena. Manchesterren bizi da Sanchez, eta autoz egiten du, egunero, Burnleyrainoko bidea.
Garai gazi-gozoan ailegatu zen Sanchez taldera. Izan ere, Burnley taldeak ere ezagutu ditu garai hobeak. 1882an sortu zen taldea, eta 1960an irabazi zuen bigarren eta azken aldiz liga, gaur egun Premier League dena. 2011. urtean, ordea, Bigarren Mailara jaitsi zen, The Championship deitzen zaion horretara. Aurten 13. tokian sailkatu dira.
Izan ere, han ez da hain nabaria talde historikoen nagusitasuna. Nottingham Forest taldeak, adibidez, Bigarren Mailan jarraitzen du, eta mailaz jaisteko zorian egon da, bi urtez jarraian —1979an eta 1980an— Europako Kopa irabazi zuen taldea.
Futbola barrutik ezagutzeko eta partidak bertatik bertara ikusteko aukera izan du Sanchezek Ingalaterran: “Futbola gustukoa izan dut beti, eta izugarri gozatu dut aurten. Burnley taldeko Garapen Taldea delakoan egiten ditut fisioterapeuta lanak; profesional gazteak daude taldean, oraindik garatzeko aukera dutenak eta lehen taldera poliki-poliki igaroko direnak. Lehen taldearen etxeko partidetan ere egoten naiz, zenbaitetan hirugarren fisioterapeuta baten beharra egon daitekeelako…”. Gazteen taldeak, orokorrean, aste barruan jokatzen ditu partidak eta asteko entrenamendu saioetan ere egon behar izaten du Sanchezek: “Zortzietan iristen naiz klubera, eta gosaldu ondoren, 08:30etik 10:30 arte, min hartutako jokalariak tratatzen ditut; 10:30ean, entrenamendu saioa hasten da eta gainean egoten naiz. Tokatu zait jokalari aritu behar izatea ere entrenamenduren batean… 12:30 aldera, bazkaldu egiten dugu denok, eta ondoren, beste bi orduz, jokalariak tratatzen ditut. Amaitzean, jokalarien datuak hasten naiz sartzen ordenagailuan; egindako ariketak eta bestelakoak”.
Ikaragarri gozatu du Pablo Sanchezek Burnley taldearekin. Ingalaterran futbola modu berezian bizi dutela dio: “Liverpool ikustera ere joan nintzen behin Anfieldera, eta sekulako giroa zegoen, zaleak etengabe abesten eta animatzen. Gabonetako partidetan ere giro berezia egoten da. Hemen futbolak ez du etenik. Eta zortea dut gustuko lanarekin gozatzea. Pena izan da Burnley igoerako kanporaketarako ez sailkatzea. Berdintasun handia dago talde guztien artean, eta zaila da mailaz igotzea”.
Burnleyk badu berezitasun bat: Preston eta Wolves taldeekin batera, Ingalaterrako lau liga txapelketa nagusiak eskuratu dituzten taldeetako bat da. Premierren eta beheragoko mailetan eskarmentua duen talde bat da, beraz. Turf Moor estadioko zaleek denetarik bizi izan dute. Kopan, hirugarren kanporaketan galdu zuten aurten, Norwichen aurka, eta Ligako Kopan ezin izan zuten Cardiff City gainditu, laugarren kanporaketan. Espainiako Ligarekin alderatuz gero, bada beste ezberdintasun bat ere, Sanchezek azpimarratzen duenez: “Championshipera jaisten diren taldeei Premier Leaguek 12 milioi libra inguru ematen dizkie hurrengo hiru urteetan, maila mantentze aldera. Aurten, esaterako, hobekuntza handiak egin ahal izan dira taldeko instalazioetan, eta lanerako asko eskertzen da. Etorkizunera begira, jokalari gazte onak ditu Burnleyk, eta espero dut laster Premierrera itzultzeko aukera izatea…”.
Hurrengo denboraldiari begira, nagusiki Burnleyko profesional gazteekin arituko da lanean Pablo Sanchez, eta, aldi berean, ikastaroak egiten jarraituko du, gehiago ikasteko helburuz. Eta bien bitartean Old Trafford edo Anfield futbol zelai historikoetan Burnley aulkitik ikustearekin egingo du amets. Heaven can wait…