Zeliakoentzako otorduak eskaintzen dituzten Gipuzkoako zortzi ostalaritza etxeetako bat da Lazkaoko Lazkaomendi auzoko Lizargarate landetxea. Maria Teresa Albizuren (Itziar, Deba, 1951) bilobetako bati orain bi urte atzeman zioten zeliakoa zela, eta halako kasu bat etxean izanda, orain urtebete inguru hasi zen landetxean zeliakoentzako menuak ematen.
Bilobaren gaixotasunak bultzatuta hasi zinen zeliakoentzako janaria eskaintzen, orain urtebete. Zer moduz ari zara moldatzen?
Ondo moldatzen ari gara. Zeliakoentzat otorduak prestatzeko, ohitura batzuk aldatu behar dira, eta sukaldean kontuz ibili, batez ere glutena duten eta ez duten jakiak ez nahasteko. Sukaldean garbitasuna eduki behar da, eta kutsadura gurutzatua esaten zaiona saihestu.
Adibideren bat jar al dezakezu?
Janaria manipulatzeko garaian ibili behar da kontuz. Glutenik gabeko haragi bolak prestatuz gero, kazuela horretan erabilitako koilara ezin da glutena duen beste kazuela batean sartu. Ogi txigorgailuan, adibidez, ez dut glutenik gabeko ogirik sartzen, ogi normalaren apurrekin nahas daitekeelako. Glutenik gabeko ogi txigortua eskaini behar badut gosaltzeko, glutenik gabeko ogi hori zartaginean egingo dut. Azken batean, zeliakoentzako menua emateko, osotasunean ulertu behar duzu zer den gaitz hori; ez da mugatzen glutenik gabeko produktuak eskaintzera.
Eta, glutenik gabeko produktuak lortzeko, zer aukera dago gaur egun?
Iaztik hona asko hobetu dela esango nuke. Lehen, Eroskira-eta joaten nintzenean, ez nuen aukera handirik bilatzen, baina, orain, gero eta gehiago dago. Etxera ere bidali zidaten orain hilabete glutenik gabeko produktuen zerrenda bat. Jakin egingo zuten nonbait nik zeliakoentzako menuak ematen ditudala.
Zer eskaintzen duzu?
Gosariak eta afariak ematen ditut landetxean. Zeliakoentzako bizkotxoak eta madalenak egiten ditut etxean, irinarekin egin ordez maizenarekin egindakoak. Marmelada ere etxean egiten dut, frutarekin eta azukrearekin. Afaltzeko, berriz, entsalada edo zopa eskaintzen dut. Entsalada etxeko produktuekin egiten dut, eta zopari fideoak bota behar badizkiot, glutenik gabeko fideoak botatzen dizkiot. Bigarrengorako saltsako zerbait prestatzen badut, maizena erabiltzen dut irin normalaren ordez. Ohitura hori hartzea da.
Baina produktuen prezioan aldea egon badago.
Glutenik gabeko produktuak hiru edo lau aldiz garestiagoak dira. Produktuena garrantzitsua da, baina zeliakoentzat garrantzitsuagoa da jakitea janaria manipulatzen ari den pertsona horrek badakiela zertan ari den.
Formaziorik jaso al duzu?
Elkartetik etorri zitzaizkidan etxera, baina ikasi beharrekoa etxean ikasi dut batez ere.
Eta zeliakoentzako jana ematen hasi zinenetik, horregatik apropos etorritako jenderik izan al duzu?
Banaka batzuk etorri dira bai. Aste honetan bertan deitu didate uztailerako bost egun jasotzeko.