Konkista, eskuratze-sistema gisa, erakargarria da. Geuk aukeratu, geuk bideratu, geuk lortu, eta geuretzat. Begirada bat, begiradaren ausentzia, beste begirada bat, diseinatutako hitzak, milimetraturiko irribarrea, denbora, eta trofeoa. Sistema bertikala da erabat, baten sumisioan edo ahulgunean eta bestearen boterean edo botere nahian oinarritua. Konkistatzeak botere sentsazioa ematen du, eta, beraz, boterea. Horretara ohituta gaude, salbatzaile edo salbatu izatera, harremanetan eta botere-harremanetan. Harremanetan. Lau begiko begiradak eta elkar jan nahi duten garunak gustatzen zaizkit niri, baina. Elkar miazkatuz eta koxkaka jan nahi dutenak. Bihotzaren konkista.
Eta bihotzetik burura —gauza bera izan eta kontinente ezberdinetan bizitzearen paradoxa—, Euskal Herriaren konkistara. Konkistatu gintuzten, bandera lurraren kopetan jarrita —lurrean, udaletxetako mastetan— , eta konkista ez da konkistatzea eta kito; konkistatzea, lortzea eta konkista iraunaraztea baita, hitzaren adiera estuenean. Eta horretarako ez da aski lurra. Buruaren konkista. Konkistaren biziraupena lortzeko, lur hori zapaltzen dutenen —lur horren konkistatzaileek zapaltzen dituztenen— hizkuntza konkistatu eta aldatu behar da, bizitzeko modua, harremantzekoa… mundua ikusteko darabiltzaten betaurrekoak lurrera bota behar dira, zapaldu, eta berriak jarri, lokietan iltzatuta, ahal bada. Euskal Herrian badakigu horretaz zerbait. Baina gure prisma propioko prismatikoen bila gabiltza, etorkizuna konkistatu ez, berriz geureganatzeko.
Eta argentinarrek badakite jakin zer den konkista. Zer den konkista, eta zer den konkistatu zintuztela ezabatzeko amnesia kolektiboan bizitzea. Konkistatzaileek eta konkistatu diruzaleek bultzatuta. Euren larrutan eta lurretan bizi izan dute, eta bizi dute, baina apurtu dute katebegi bat dagoeneko, eta aurki lehertuko dute inguruan eta garunean duten kartzela. Ziur nago. Nazkagarria dena —fin esanda— zera da, norberarena dena berreskuratzeari traizioa deitzea. Hori ere konkistaren zati bat da, kontzeptuen, izenen konkista, konkistetan arriskutsuenetarikoa. Eta beraz, esan diezadala norbaitek, mesedez, nori otu zitzaion El Conquistador deitzea Argentinan grabatzen duten reality show-ari. Konkistadorearen figura baldin bada irabazlearena, ederki gabiltza.