Musikari gisa aurkezten du bere burua Josean Larrañaga Urko-k (Donostia, 1948). Zortzi urterekin hasi zen musikaren ibilbide horretan, eta gaur egun, motelago bada ere, ez zaizkio kantagintzarekin loturik dauden proiektuak falta.
Gazte-gazterik hasi zen Larrañaga kantatzen. “Ni Easo kalean hasi nintzen, Victor Pradera kalea zenean. La Voz de Guipuzcoa irratia zegoen bertan, eta Chocolates Zahor, salta a la fama lehiaketa egiten zuten. Egunero Parte Zaharreko Los Angeles eskolara gindoazela jendea ikusten genuen txokolatearekin. Txokolatea lortzeko irratira sartu, eta galdetu egin genuen: ‘Aizu, nola da hau?’. ‘Hau lehiaketa bat da, eta kantatu egin behar da’, erantzun ziguten. Eta guk kantatu genuen. Nik Entre copa y copa se acabó mi vida abesti mexikarra kantatu nuen, eta nire lagunak antzeko zerbait. Kantatu eta irabazi egin nuen lehiaketa”.
Ondoren, Los Corsarios taldean, Ray Charles eta The Beatlesen abestiak egiten zituen. Urte batzuk geroago iritsi zen Larrañaga euskal musikara. 19 bat urte zituen Donostiako Bellas Artes antzokian Lurdes Iriondo ikusi zuenean kantatzen. “Iriondo ikusita esan nuen; ‘Zergatik ez dut nik euskaraz kantatzen?’. Ideiarik ez neukan, gurasoek euskaraz ez zekiten, eta aitona-amonek ez zekiten erdaraz. Euskalduntzen hasi nintzen”. 1972an bere lehenengo kantaldia egin zuen Amara Zaharrean Oskarbi, Lupe, Karlos Ruiz eta Etxamendi eta Larralderekin batera. “Ni Amara Zaharrekoa nintzenez, ‘Josean zu atera’, esan zidaten”.
Musikan ez da etiketen zalea. “Ni musikaria naiz, baina orduan oso politikoak ginen”. 1974. urtean Trinitate plazan egin zuen kontzertua gogoan du Larrañagak. “Han kristorena muntatu zen, ikurrina debekatuta zegoen, eta Polizia sartu zen. Nik gau osoa eman nuen San Telmon ezkutatuta, baina oso emanaldi hunkigarria izan zen”.
Larrañaga euskaldun berri izateaz gain, euskal inguruan berritzailea ere izan da. Besteak beste, berak grabatu zuen lehenengo aldiz zuzeneko disko bat euskaraz. 1977ko kontzertu hartan ere arazoak izan ziren politikaren harira. “Juan Pedro Calvo, 40 Principalesen buruak esan zidan: ‘Josean, alde egin! Polizia bidean da, zure bila’; handik alde egin eta sagardotegira joan ginen afaltzera”.
Herri kantak eta bulegoak
Ordura arte musika arloa asko zaintzen bazuen ere, 1978ko egoera politikoak horretan sakontzea ahalbidetu zion. “Egoera berriak agertokiko nire diskurtsoa albo batera uztea ahalbidetu zidan”.
Guk euskaraz, zuk zergatik ez? kantaz oroitzean irribarrea piztu zaio. “Guk euskaraz, zuk zergatik ez? hor dagoen zerbait da, ereserki bat, eta herriarena da orain. Arestirena eta nirea den arren, jada ez da nirea”.
Larrañagak 1991. urtean mantsotu zuen bere disko ekoizpena. Bidean, Bihotz bihotzez (1986) eta Sagardoa: betiko kantak (1991) lanek bere artista jardunaren beste alor bat utzi zuten agerian; hain zuzen ere, herri kantak ezagutarazten egindako ahalegina.
Kuadrillarekin egindako afarietan konturatu zen jendea kantatzen hasi bai, baina ez zituela hitzak ezagutzen. “Donostiako traineruaren aurkezpenean kantatzeko deitu zidaten, eta horrelako kanta batzuk egin nituen”. Emanaldiaren ondoren Gipuzkoako Aurrezki Kutxako arduradun batek kanta horiekiko interesa agertu zuen, eta hitz egin behar zutela adierazi zion Larrañagari. “Horrelakoekin eta politikariekin, hitz egingo dugu-k esan nahi du ehun urtera hitz egitea; baina, egun batean harekin kalean topo egin, eta bulegora joateko esan zidan, hitz egin genuen eta dena sinatu genuen; abesti horiek ezagutarazi genituen”.
Egun, beste eginkizunek uzten dioten denbora eskaintzen dio musikari. “Ia urtero joaten naiz Argentinara emanaldiak egitera”. 1960ko, 1970eko eta 1980ko kantak ezagutarazten dituen Gu Gira proiektuan ere parte hartzen du. “Aurten beste hiru bat emanaldi egin, eta esperientzia bukatuko da, baina oso ona izan da”.
Larrañagak, 2013. urtean, Donostia erre zeneko bigarren mendeurrenaren harira Konstituzio plazan zerbait berezia egin nahi du. Hala ere, musika jarduna uzten ari dela dio, eta lagun mina izan zuen Imanol Larzabali esandakoa dakar gogora: “Artista agertokian hiltzen da hiltzeko beste tokirik ez duenean”.