Zeliakoak, gizartearen babes gose

Glutena hainbat zerealek —gariak eta oloak esaterako— duten proteina bat da, eta glutena liseritu ezin duten pertsonak dira zeliakoak. Gaur egun, hesteetako gaitz kroniko ohikoena da Euskal Herrian, eta, Gipuzkoako Zeliakoen Elkarteak dituen datuen arabera, jaiotzen diren ehun pertsonatik bat zeliakoa da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 6.000 zeliako inguru daude, eta Gipuzkoako elkartean 800 lagun daude izena emanda, nahiz eta elkarteko kideek jakin badakiten zeliako gehiago izan badirela.

Hesteetako ileak atrofiatzen zaizkie glutena duten produktuak dastatzen dituzten zeliakoei, eta, horren ondorioz, ez dituzte ondo xurgatzen elikagaiak. Sintomarik ohikoenak goserik eza, gorakoa eta beherakoa dira, eta diagnostikorako modurik eraginkorrena hesteetako biopsia egitea da. Haur nahiz helduei berdin-berdin erasan diezaiekeen gaitza da, eta genero aldetik ere ez du ezberdintasunik egiten. Diabetesaren parekoa da alde horretatik.

Etzi, hilak 27, Zeliakoen Nazioarteko Eguna da, eta egun horretarako Gipuzkoako Zeliakoen Elkarteak aparteko ekitaldirik antolatu ez badu ere, gaitzaren eta gaixoen egoeraren berri emateko baliatuko dutela adierazi du Amparo Cervo Gipuzkoako elkarteko arduradunak. “Zeliakoen kolektiboak dituen beharrak gizarteratzeko erabiliko dugu eguna, helburu bakar batekin: kaltetuek haien ingurune sozialean txertatzeko prozesua optimizatzea”. Gipuzkoan bi ekitaldi egingo dituzte; batetik, zeliakoen gaitzaren arlo psikologikoari buruzko hitzaldi bat antolatu dute, eta, bestetik, Donostiako Mundaiz ikastetxean Zeliakoen Eguna ospatuko dute ekainaren 9an.

Ostalarien kluba, martxan

Gaitza atzematen dioten pertsonarentzat “psikologikoki gogorra” izaten da zeliakoa dela onartzea, batez ere helduen kasuan. “Hori norberaren araberakoa ere izaten da, egoera berrietara ohitzeko norberak duen gaitasunaren araberakoa, baina eriari gehien eragiten diona arlo soziala da. Kalera ateratzen gara, oporretara, jatetxeetara joaten gara, eta hor sumatzen dugu hutsunerik handiena”, zehaztu du Cervok.

Zeliakoena behar dietetiko bereziak dituen kolektibo bat da, eta norbera etxean eta familian molda badaiteke ere, taberna eta jatetxeetara joaterakoan sortzen dira komeriak. “Zeliakoek okerren daramaten arloa horixe da. Ostalaritzan aritzen den hainbat jendek ez du gurekiko begirunerik, ez du elkartasunik, eta hori etsigarria ere bada guretzat”.

Eta, egoera hori iraultzeko asmotan, Zeliakoentzako Ostalaritza Kluba izeneko proiektua jarri zuen martxan 2010ean zeliakoen elkarteak. Eskarmentua hartuta ekin zion, gainera, egitasmo horri; izan ere, 2007an ere egin zuten antzeko saio bat, baina ez zen ondo atera, Cervok gogoratu duenez. “Ostalariek, orduan, ez zuten formaziorik hartu, eta jarraipenik ere ez zitzaien egin. Denbora pasatu ahala, jatetxeak erlaxatu egin ziren, eta ez zituzten betetzen zeliakoei kalitatezko zer- bitzu bat eskaintzeko baldintzak”.

Cervoren esanetan, glutenik gabeko ogia edukitzeari utzi zioten jatetxeek, zeliakoentzako menua “gero eta eskasagoa” zen, eta plater eta azkenburuko landuak egiteari ere utzi zioten. “Entsalada bat eta xerra bat jateko, ez goaz jatetxe batera; hori etxean ere badaukagu! Etxean jango ez dugun zerbait jan nahi dugu jatetxeetan”, nabarmendu du.

Deialdia egin zuten, bai, orain bi urte, eta aste gutxi direla kaleratu dute Zeliakoentzako Ostalarien Klubaren Gida. Gipuzkoako zortzi ostalaritza etxe daude bertan: Andra Mari, Bully, Olentzo, Il Capo, Gandarias, Londres eta Ingalaterra hoteletako jatetxeak eta Lizargarate landetxea. “Horiek elkartearekin jarri ziren harremanetan; doako formazioa hartu zuten, eta gida horren barruan daude orain”.

Produktuak merkatu behar

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zeliakoak joateko moduko 32 ostatu daude: 19 Araban, 5 Bizkaian eta 8 Gipuzkoan. Araba da lurralderik txikiena, eta bertan dago jatetxe gehien. Gipuzkoan dagoen ostalaritza eskaintza eta jateko tradizioa kontuan hartuta gutxi ez ote diren galdetuta, hona Cervoren erantzuna: “Ikusten ari gara Gipuzkoak gure kolektiboarekiko kontzientzia gutxi duela eta ez duela gure klubeko partaide izan nahi”. Klubeko partaide diren jatetxeek zeliakoentzat apropos egindako produktuak dituzte, hala nola glutenik gabeko ogia, pasta eta gozoak. “Horrez gain, jakiak manipulatzean kutsadura gurutzatua saihestu behar dutela ere ikasi dute formazio saioetan”.

Cervok bestelako eskaera batzuk ere egin beharrean daudela uste du, bai administrazioari baita enpresa pribatuei ere. Haren esanetan, glutenik gabeko produktuak “garestiak” dira, eta merkatu egin beharko lirateke: “Glutenik gabeko produktuen BEZa %8koa da, eta glutena dutenena %4koa da. Gai honi irtenbide egoki bat emateko administrazioaren borondaterik eza agerian uzten du horrek”. Enpresei, berriz, produktuei “ondo irakurtzeko moduko etiketak” jartzeko eskatu die, “letra larriz eta kolorez” adierazitakoak. “Badaezpadako etiketak ez lituzkete erabili behar”. Babes gosea dute zeliakoek.