Demagun Interneteko ur batzuetan arre besteetan garden horietan nabigatzen ari zarela eta eduki interesgarri batekin topo egiten duzula. Munduarekin edo, hain urruti jo gabe, zure jarraitzaileekin partekatu nahi zenukeen moduko zerbait. Mezua idaztera zoaz, demagun Twitterren. Demagun zalantza handiak sortu zaizkizula hitz edo esaldi baten inguruan. Demagun, halaber, zalantza hori nori galdetu baduzula. Zalantza bota, erantzuna jaso. Eta demagun, gainera, ez dela denbora tarte luzeegia igaro ekintza batetik bestera. Irudikatu jarraian kontatzera noan beste hau. Egunero, astero… —irakurleak ipin beza berari ondo datorkion denbora tartea—, harpidetza soil baten bitartez, Euskaltzaindiaren arau baten inguruko azalpen pilulatxo bat jasotzen du irakurle horrexek, edota antzeko bi termino edo egituraren arteko aldeari buruzko argibideren bat, edo zuzen idazteko aholkutxo bat, edo ezagutzen ez duen atsotitzen bat, edo… Bada hori guztia eta askoz ere gehiago ipintzen die Fundeu edo Fundación del Español Urgente (http://www.fundeu.es/) delako egitasmoak, klik batera, sarean gaztelaniaz jarduten duten erabiltzaileei bere Twitter kontuaren bidez (@Fundeu).
Ezin ezkuta dezaket ematen didan inbidia. Eta erabiltzaile euskaldunok Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuaren antzeko zerbitzuren bat sare sozialen bitartez jasotzeko aukera izango bagenu? Askotan pentsatu izan dut. Akademiak badu lehendik ere presentzia bat Internet bitartez: bere erabakiak eta arauak sarean daude kontsultagai, Hiztegi Batua bezala, eta zalantzak argitzeko zerbitzu txukun bat ere badu, Jagonet. Horri guztiari etekin handiagoa ateratzeko, sarean gabiltzan askoren ustez, egokia eta onuragarria litzateke Euskaltzaindia sare sozialen bitartez, @Plazaberri Twitter kontuaren bitartez esaterako, sareko euskal erabiltzaileekin harremanetan egotea, dela bere erabakiak zabaltzeko, bere jardunaldi eta publikazioen berri emateko, arau eta gomendioak sozializatzeko, zalantzak modu arinean argitzeko, dela iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko…
Zein dira, baina, tresna hauen abantailak? Labur azalduta, sare sozialek balio estrategikoa dute eta izango dute hemendik aurrera. Une honetan bertan, gizarteko eragilerik aktiboenak, oihartzun handia daukatenak, Twitter bidez ari dira zabaltzen euren mezuak, komunikabide klasikoen aurretik. Mundu osoko joera hau Euskal Herrian ere oso azkar ari da gauzatzen. Beraz, euskaldunok mezuak hedatzen ari garen plazetan horrelako zerbitzu bat izateak ekarriko lukeen onura garbia da. Sare sozialetako jarduerak gizartean eragin errepikatzailea du, eta indar errepikatzaile hori baliatu beharko genuke gure hizkuntzaren erabilera zuzena zabaltzeko.
Beste ildo batetik, ez legoke gaizki Euskaltzaindiak egungo teknologiak baliatzea eraginkortasun handiagoa lortzeko eta hiztunengana hurbiltzeko. Horrez gainera, sare sozialetan muturra sartzeak aukera emango lioke Euskaltzaindiari teknologia berrietan, komunikazioan eta sare sozialetan erabili beharreko euskararen gainean gogoeta egiteko, dagoen praktika eta sortzen diren zalantzak bertatik bertara ezagutzeko eta egoki deritzen erabakiak hartzeko.
Amaitzeko, jakin badakit eskatzea erraza dela eta egitasmo ororen atzean ezkutatzen den diru kontuen itzal luzeak distira ken diezaiokeela proposatutakoari. Eredu bezala aipatutako Fundeuk, adibidez, BBVAren laguntza jasotzen du. Formula horiek edo antzekoak ekar litezke gurera?
Horra arrazoi sorta labur bat, luzatu ere egin litekeena, baina ez da inoren asmoa kosta ahala kosta konbentzitzea; aitzitik, sarean honen inguruan dagoen kezka aintzat hartuta, iradokizun moduan botatzea ondo legokeela iruditu zitzaidan duela hilabete batzuk. Halaxe egin nuen, baina ez dut gaur arte erantzunik jaso. Euskaltzaindiak baditu bere teknikariak, baita teknologia kontuetan adituak diren euskaltzainak ere, eta ziur nago jakingo dutela erabakirik egokiena hartzen.