Apustuzale amorratuak garenon asteburuak dezente patetikoak izan ohi dira. Familiakoei eta lagunei ez diegu batere kasurik egiten, mundu zabaleko mila partidatan jokoan ditugun xoxengatik. Lasai antzean igaro beharreko orduak kaka eginda azazkalak janez pasatzen ditugu, estresak jota. Txikiteo koxkorra egiteko bildu, eta tabernek sakelakoentzat sare egokia izateak erakartzen du gure arreta, eta ez foie pintxo goxoa jaten eta ardo txuria edaten ari diren ezpain gorridun neska gazte lirainen irribarreek. Bizio guztiek bezala, ardura eta konstantzia eskatzen baitute apustuek.
Badut halako orakulu bat, diren eta ez diren lehiaketen nondik-norakoak maisuki xehatzen dizkidana. Apiril hasieran-edo abisua pasa zidan: behin Eurovisioneko zirkua goitik behera aztertuta, aukera bakarra zegoen. Sartu ahal duzun guztia Suediaren alde, azkar. Irabazi egingo du, ziurtzat eman dezakezu. Kontu hauetan —beste askotan ez bezala— morroi leiala naizenez, orakuluari men egin, eta nire xoxak Loreen izeneko abeslari erdipurdiko baten eskuetan laga nituen. Eta maiatz bukaera aldera asteburu estu samarra pasatzeko prestatzen hasi nintzen.
Nahiko lasai nengoen aurreko zapatuan, ordea, orakuluak jaialdia hasi baino pare bat ordu lehenago deitu zidan arte. Azken entsegua egiten ari zirela, agertokian isuritako elur itxurako ke zorrotadek eztula eragin omen zioten Loreeni, abesteari utzi behar izan arte. “Ezbehar zorigaiztoko bat bakarrik”, esan zidan. “Azken emanaldiari begira kezkatzeko motiborik ez zegok, lasai. Hori bai, hobe ditek ditxosozko makina tentuz erabili, neska gajoa atxiska has ez dadin!”. Ipurdia pixka bat estutu, eta kaña batzuk hartzera irten nintzen, Eurovision ditxosozkoa burutik ezin kenduta.
Gaua orakuluak aurreikusita bezala joan zen, eta hark ere Loreenen antzera pozez malkotan amaitu zuen. Beldurtzeko moduko euro piloa baitzuen jokoan —gehitxo nire gusturako, moralistarena egin behar badut—. Ez erratu halere. Pertsona zintzook bestelakorik uste baduzue ere, apustuzaleok ez gaitu diruzaletasun ustelak motibatzen. Bizkorretan bizkorrenak sentitzea da helburua, ez besterik. Informazioa inork ez bezala bilatzeko, burua hotz mantenduz erabaki zuzenak hartzeko eta sekula kontrola ez galtzeko gai garela geure buruari frogatzea. Behin hori lortuta, asmatzen dugun bakoitzean ahal den jende guztia jakinaren gainean jartzea bakarrik geratzen da. Horrelako zutabeak idatziz, adibidez.