Nepal Azpeitira gerturatuko da egunotan. Edo Azpeitia Nepalera. Izan ere, Nepalgo hiru umezurztegiri laguntzeko elkartasun keinuak egiteko aukera izango dute herritarrek. Child Bright fundazioak aisiarekin lotutako ekitaldiak antolatu ditu: tonbola eta zazpiko futbol txapelketa. Asteburu honetan eta hurrengoan egingo dituzte, eta lortutako dirua umezurztegi horietako egoera hobetzeko erabiliko dute zuzenean.
Tonbolarekin hasiko dira dirua biltzen. Hala, gaurtik igandera bitartean tonbola martxan izango da Azpeitiko Sanjuandegi auzoan. Han festak izaten direla aprobetxatuz jarri zuten tonbola lehenbiziko aldiz iaz, eta aurten errepikatu egingo dute.
Zazpiko futbol txapelketa hirugarrenez egingo dute aurten. Ekainaren 9an eta 10ean jokatuko dituzte partidak, baina izena emateko aukera igande honetan amaituko da. Parte hartu nahi dutenek taldeko 80 euro ordaindu beharko dute. Futbolean aritzeko baldintza gutxi jarri dituzte antolatzaileek: 15 urtetik gora izatea da bete beharreko araua. Irabazleentzat sariak egongo dira. Txapelketari buruzko informazio gehiago datorren asteazkenean emango diete parte hartzaileei —Azpeitiko Betharram aretoan, 19:00etan—. Iaz, Gipuzkoa osoko hamabi taldek parte hartu zuten txapelketan, eta “giroa oso ona izan zen”. Hala azaldu du ekitaldiaren antolatzaile Idoia Unanue azpeitiarrak.
Haurrak adoptatzera Nepalera joan ziren hainbat gurasok sortu zuten Child Bright fundazioa, 2009an, Toledon (Espainia). Hango umezurztegien egoera txarrak bultzatu zituen fundazioa sortu eta laguntza bidea zabaltzera. Hasieran, Child Bright Future umezurztegiari bakarrik laguntzen zioten. Gaur egun, ordea, beste bi umezurztegiri ere laguntzen diete. Eta esku hartzea umezurztegietatik harago zabaltzea ere erabaki dute. Unanuerentzat “oso garrantzitsua” da laguntza beste eremu batzuetan ere ematea: “Oso ondo dago umezurztegiak laguntzea, baina, nire ustez, egoera txarrean dauden familiei lagundu behar zaie, haurrek umezurztegian amai ez dezaten”. Hasiak dira egoera larrian dauden familiak laguntzen. Gaur egun, umezurztegietan bizi diren 87 haurri eta beren familiekin bizi diren beste 11 haurri laguntzen die fundazioak. Bestalde, haurrak 16 urte bete arte bizi dira umezurztegietan. “Ordura arte, eskola, aterpea, jana eta beste dituzte, eta gero kalean gelditzen dira”. Egoera horretan dauden gazteei laguntzen ere saiatzen da.
Unanuerentzat, “diru gutxirekin asko egin daiteke Nepalen”. Horregatik antolatzen ditu tonbola eta futbol txapelketa, beste hainbat azpeitiarrekin batera. Tonbolarekin “diru mordoa” lortzen dute, “eta ikusita han zenbat gauza egin daitekeen hemen jasotakoarekin, merezi du lan hau hartzea”. Urte hauetan, umezurztegien eraikinen egoera hobetu dute, haurrentzat zaintzaile gehiago kontratatu dituzte, haurrei eskola eta osasun zerbitzua bermatu dizkiete eta unean uneko arazoen aurrean irtenbideak ematen saiatu dira: “Orain gutxi, esaterako, gobernuak butano bonbona izugarri garestitu du; 12 eurora igo du, eta hori izugarrikeria da han. Halako egoerei aurre egiten laguntzen diegu”, azaldu du.
Gipuzkoan, oraingoz, Azpeitian ditu kideak Child Bright-ek. Horregatik, hemen inguruan egiten diren ekitaldi bakarrak dira Azpeitikoak. Fundazioa laguntzeko, hainbat modu daude. Aukeretako bat ume bat babestea da, hilero kuota bat ordainduz; beste bat, bazkide egitea; baita ekarpen ekonomiko zehatz bat egitea ere.
Elkartasuna, barra-barra
“Mirari Astigarragak eta biok ematen dugu beti aurpegia, baina atzean jende asko dugu laguntzen”, azpimarratu du Unanuek. Bere senarra aipatu du, baita tonbola eta txapelketa egiteko laguntza ematen duten guztiak ere. Horien artean, sariak ematen dituzten saltokiak daude: “Ehundik gora direnez, ezin ditugu banan-banan aipatu, baina bihotzez eskerrak eman behar dizkiegu guztiei, haiek gabe ezingo genukeelako ezer antolatu”. Alde horretatik, Unanue harrituta agertu da jasotako erantzunarekin: “Tonbola egin ala ez zalantzatan ibili ginen, krisi garaian dendariengana eskean joatea ez zitzaigulako erraza egiten. Baina joan ginen, eta erantzuna izugarri ona izan da”. Iaz baino sari gehiago lortu dute tonbolarako, eta ehun saltokik baino gehiagok parte hartu dute. Afariak, arropa, deskontuak eta era guztietako zerbitzuak zozkatuko dituzte hiru egunotan.
Bi ekitaldiak antolatzearen lanari garrantzia kendu dio Unanuek, eta meritua beste batzuei eman die: “Batzuk Nepalen egonak gara, ikusiak gara hango egoera eta normala da hura hobetu nahi izatea. Baina hangoa ikusi gabe laguntzen gaituen boluntario asko dago, eta horrek asko irakatsi dit niri. Elkartasun handia dago hemen”. Fundazioko kideen lana ere goraipatu du: “Batez ere, fundazioa sortzeko ausardia izan zutenak eta uneoro erabakiak hartzen ari diren horiek dira garrantzitsuenak”.