Petrolioaren eskutik, Riorako giltza

Saltsa guztietako perrexilaren antzekoa da Jon Martin (Oiartzun, 1981). Gehienek bertsolari izateagatik ezagutuko duten arren, hainbat eremutan mugitu da. Geldirik egoten ez dakiten pertsona horietakoa da; esku artean beti zerbait dutenetakoa. Egin duen azken proiektuaren bitartez, Unesco Etxearen beka bat irabazi du. Horri esker, Rio +20 Garapen Iraunkorrerako Goi Bileran izango da, Rio de Janeiron, Brasilen, handik informatzen. Ekainaren 15ean abiatuko da.

Unescok, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, Euskal Herrian duen adarra da Unesco Etxea; beka bat eskaini zuen Rio+20 goi bileran egoteko eta handik, blog baten bidez, informazioa helarazteko. “Nazioarteko gailurretan gizarte zibilak betetzen duen zeregina ezagutu eta komunikatu nahi duen pertsona behar dugu, Rio+20 goi bileran gobernuen artean egingo dituzten negoziazioen hurbileko jarraipena egiteko gogoa duena”, zioten lehiaketaren baldintzek. Eta horiexek bete ditu Martinek, Petrolioaren lioa post-bideoarekin. Egungo gizarteek petrolioarekiko duten “gehiegizko mendekotasuna” islatu du bertan, irudiekin, bertsoekin eta musikarekin. Beira taldearen babespean garatu du proiektua.

Oso pozik dago Martin lortukoarekin, uste baitu lehiara aurkeztu direnak ez direla edonor, eta saria bera ere ez baitu edonork ematen. Ekologiarekiko eta komuni- kazioarekiko lotura aspalditik datorkio. Kutxak ematen duen Gazte Ekoliderrak bekan parte hartu zuen duela bizpahiru urte. Beka horren lehenengo belaunaldiko kideetako bat izan zen: “Bertan garapen iraunkorrean eta lidergoan hezi gintuzten, oso jende onarekin”.

Aurretik ere interesatzen zitzaion ekologia, baina ezjakintzat zuen bere burua; ikastaroaren ondoren, zertxobait gutxiago. Eta alboan suertatu zitzaizkion kideak ere izan ziren ezjakintasun hori gutxitzeko laguntza. Talde “osatua” sortu zuten: “Bakoitzak bere alorretik zeukana aportatu zuen: nik komunikazioan, eta beste batzuk osasunean, ingeniaritzan, ingurumenean… denen artean sekulako potentziala lortu genuen”.

Talde horrek, ordutik, harremana mantendu du, eta atzetik etorri diren ekoliderrekin ere sarea osatu dute. Sare horretako pertsonetako batek eman zion Martini eta beste kideei lehiaketaren berri.

Aurkeztea erabaki zutenek, bi aukera zituzten: kazetaritza artikulu bat edo ikus-entzunezko zerbait aurkeztea. Martin kazetaria da ikasketaz, eta artikulua idaztea izan zitekeen naturalena berarentzat, baina ikus-entzunezkoa egitea erabaki zuen: “Konturatu nintzen, beste lehiakideek ni baino gehiago zekitela, eta nire kasuan, indarra emango zidana forma izango zela”.

Mamiz ere indarra du, ordea, Martinen lanak, eta horregatik irabazi du beka. Bertsoetan, esan nahi zuena politago egitea lortu du, nahiz eta bertsoek esan daitekeena ere mugatu dioten.

Lana entregatuta, aurkeztutako lan guztietatik sei aukeratu zituen Unescoko epaimahaiak. Hori eginda, beste hainbat puntu izan zituzten kontuan antolatzaileek: aurrez aurreko elkarrizketa, curriculuma, egindako lanaren kalitatea, eta jendeak lan horri egindako iruzkinak eta iruzkin horien kalitatea.

Euskaraz egindakoa da Martinen lana, eta jakin arren irakurle gutxiagorengana iritsi zitekeela, iritsi, iritsi zen. Horren erakusle da, lana bera ez ezik, jasotako komentarioen kopurua eta kalitatea ere altua izatea.

Gainerako lanak gaztelaniazkoak ziren, nahiz eta Unesco Etxearen baldintzen baitan, euskaraz jakitea derrigorrezkoa zen, Euskal Herri mailako lehiaketa zelako. Ausardiak ere balio izan dio Martini, eta azkenean euskarazko lan bat izan da garaile lehiaketan. Mundu mailan hiru pertsona aukeratu ditu Unescok Rio de Janeirora joateko. Ingelesez arituko da bat, gaztelaniaz bestea, eta euskaraz zein gazteleraz Martin.

Izan ere, proiektua euskaraz aurkeztu arren, euskaraz eta gaztelaniaz idatziko du: hala eskatu diote. Ingelesez idazteko ere eskatu zioten, baina bere burua ez du gai ikusi.

Goi bileran, ikusle gisara

Martinek, han gertatzen denaren berri emango du, blog baten bidez: “Horrelako goi bilera batean zer gertatzen den azaltzea izango da nire lana. Jendeak jakitea bilera hori badagoela, horixe da lehen helburua. Bigarrena, zer hitz egiten den kontatzea izango da, eta zergatik den guretzat garrantzitsua”. Baina ez du nahi erabakien berri bakarrik eman: “Beste ukitu bat eman nahi diot kontakizunari: han egongo den giroa, azalpenak, istorio dibertigarriak…”.

Bi bilera izango dira Rio de Janeiron. Politikariena da bat, eta herrien bilera bestea. Herrien bilerak, politikariena zeharkatuko du. Herrien biltzar horrek hartutako erabakiak, politikarienean aurkeztuko dituzte, eta horiek zenbait puntu aintzat hartzea espero dute han izango direnek.

Oso bilera garrantzitsua da, eta besteak beste, mundu guztiko agintariak izango baitira bertan. Sartu ahal izateko, begien kolorea, pisua, altuera eta beste hainbat datu ere eskatu dizkiote. Hala ere, ez dauka bertigorik: “Ur handitan mugitu izan naiz, eta ez nau horrek arduratzen. Ikusmina eta kuriositatea ditut. Haur txiki batek bezala, begiak zabal-zabalik izango ditut”. Izan ere, Martinentzat, garrantzitsua da nora doan, baina baita nork hautatu duen ere.

Petrolioak eman dio Rio de Janeirorako giltza Jon Martini. Eta petrolioari esker iritsiko da haraino. Petrolioa bukatu bitartean, eta ekaineko egun batzuetan behintzat, gozatu egingo du.

@Jon Martinek beka irabazteko egindako lana ikusteko, jo helbide honetara: http://oiartzun.hitza.eus/ 2012/05/19/