XIX. mendera begira

Alarde napoleonikoa

Tolosa

Aurten bigarrenez ospatuko dute, Tolosan, alarde napoleonikoaren jaia. Berrikuntzarik nabarmenena Zerkausian antolatu duten herri bazkaria izango da, baita jaiaren harira prestatu duten turismo eskaintza ere.

Andia kultur elkarteak iaz antolatu zuen, lehenengoz, 1813ko Tolosako gudua antzezteko alardea. Urte hartako ekainaren 25ean izan zen gertakaria, eta, 24 ordu iraun zuen gudu hartan, soldadu gipuzkoarrez gain, frantsesak, ingelesak, espainiarrak, italiarrak, portugaldarrak eta alemaniarrak izan ziren Tolosan.

Hori guztia gogora ekartzeko antolatutako jai egunean 150 parte hartzaile elkartzea espero dute Andiako antolatzaileek; izan ere, Tolosako Musika Bandak eta Donostiako Urgull, Gastronomica eta Kañoietan elkarteetako kideek ere parte hartuko dute.

Tolosako alardearen ondorioz, Andia elkarteko hainbat kidek guduak antzezteko talde bat ere sortu dute: “Batzuei, mozorrotzea gustatzen zaie; besteei, guduak gustatzen zaizkie; eta beste batzuek, historiaren interesagatik egiten dute”, azaldu dute.

Antxon Bandres omenduz

Andia kultur elkartekoek berrikuntzak txertatu nahi izan dituzte aurtengo egitarauan, hainbat jardueraren bitartez.

Besteak beste, 2011ko irailaren 27an zendutako Antxon Bandres kidea omentzeko bidea izango da alardea. Horrez gain, herri bazkaria antolatu dute Zerkausian. Bisitari eta ikusleak ere bazkarira joan ahal izango dira; izan ere, turismoari begira jarri da aurtengo alardea: Tolosaldea Tour-ekin eta Zumalakarregi museoarekin elkarlanean, alardearen azalpen historikoa, hamaiketakoa, bazkaria eta Alde Zaharreko bisita gidatua eskainiko dituzte, 35 euroren truke. Menua berezia izango da, eta zuzeneko musika izango da otordu osoan, Andiako kideek eskainiko dituzten parodia napoleonikoekin batera.

TOLOSAKO II. ALARDEA

10:45ean. Nafarroako Zubian bisita gidatua.

12:00etan. Desfilearen hasiera.

13:00etan. Guduaren antzerkia.

14:30ean. Herri bazkaria.