Azkenaldian badirudi ia kontu pertsonal moduan bizi ditudala arauketa eta kontrol adierazpen guztiak. Diot ia kontu pertsonal bezala, kontu politikoak izan badirelako, baina jada nire askatasuna murrizten duten ekintza bezala bizitzen ditudalako. Bartzelonan pasa nuen kurtso hura Bartzelonak duen gauza on guztia izorratzen zuen horrekin bizitzen ikasten igaro nuen. Bai, Zibismo Lege deitzen dioten horrekin, Bartzelonaraino joan gabe Bilbon bertan lotsagarri ikusten dugun lege horrekin.
Beti pentsatu izan dut gizarte honetan bi hiritar mota daudela: polizia ikusi eta lasaitu egiten direnak, eta polizia ikusi eta ea legez kanpoko zerbait egiten ari diren pentsatzen hasten direnak. Ez dut argitu behar ni zein taldetan bizi naizen.
Poliziaren presentziak alertan jartzen nau, gorputza hartzen dit, zurrundu egiten naiz eta bihotza azkartu sarritan, baina ez nago ohituta nire gertuko hirian hori bizitzen. Aste hau, ordea, tentsio aste modura bizi izan dut, eta banoa haserre naukan horretara. Bizikletak. Hain arriskutsu eta kaotiko bihurtu diren bizikleta donostiar horiek.
Aurreko astean eman zuten abisua: dena erregulatzeaz gain isunak jartzen hasiko direla Donostiako bizikleta erabiltzaile ezegoki horientzat. Ezin da sakelako telefonotik hitz egin, are gutxiago musika entzuten joan, espaloiak ezin zapaldu eta txirrina ezinbestekoa da —gauetan argia ezinbestekoa den bezalaxe—. Berriro tontotu gaituzte. Galdetu nahi nioke udalari, zintzo erantzun dezan, ea arazoa zein den, ea ni oraindik ohartu ez naizen kaos deskontrolatu bat bizi dugun hirian, ala —eta ni bigarren honetakoa naiz— diru iturri berri baten beharra dugun.
Baina egia esan berdin zait arrazoia zein den, egia dena da aste hauetan laranjaz doazen munipek Bartzelonako mosso eta urbanaren sentsazio bera igorri didatela. Galduta ibili naizela bidegorriak amaitzen diren zatietan nondik jo jakin gabe, isunen beldur, ongi araua norainokoa den jakin gabe —nahiz argi utzi diguten araua bera ikastea gure ardura dela—.
Eta, orain, txirrina ere arautu diguten honetan, kendu berri digute hiriko espazioak, hiria bera hiritarron artean kudeatzeko gaitasuna. Orain, berriro ere arautu-arautu-arautu legeaz bizikletak legea hausten duten traste bilakatu direla, eta bizikletero garenok, pixkatxo bat delinkuente. Gainera, beti gertatu ohi den bezala, hiritar poliziak azaldu dira nonahi, lehen ezer esan ez eta orain zilegitasun osoz hatzaz seinalatzen gaituztenak, edo baita ere, mendekua nahi eta oinezkoak bidegorrietan sar ez daitezen erregulatu nahi dutenak. Pixka bat surreala iruditzen bazitzaigun ere, jada aspaldi erregulatu dute nolakoa behar duen izan kalean zehar ibiltzeko manera egokiak, bai oinezkoentzat, bai bizikletentzat.
Askotan esan izan da azkenean arnasteagatik ere kobratuko digutela; bueno, egon lasai, hori ez da pasako eta; esan nahi dut ongi nola arnastu behar den esango digutela, eta araua betez gero ez dugula ezer ordaindu beharko. Egon lasai.