Aurten 32 taldek hartuko dute parte Iraurgi Cup futbol txapelketan. Iaz antolatu zuten lehen aldiz kimuetako nazioarteko txapelketa hori, eta aurten, ekainaren 15etik 17ra bitartean jokatuko dute, Azpeitian. Talde kopuruarekin lehiaketa sendotu nahi dute aurten. Ordea, murrizketak eta berrikuntzak, biak dakartza aurtengo txapelketak. Berrikuntzen artean, azpimarratzekoa da, azken fasean parte hartuko duten hamasei taldeez gain, beste hamaseiri ere parte hartzeko aukera eman zaiela, aurreko fasearen bidez. Orotara, beraz, 32 talde izango dira lehian. Tartean daude Gipuzkoako hamabi. Izan ere, euren arteko kanporaketa gainditzen dutenek punta-puntako taldeen aurka jokatzeko aukera izango dute. Besteak beste, Bartzelona, Sevilla, Espanyol, Bordeleko Girondins, Athletic eta Realaren aurka.
Murrizketen artean nagusia, berriz, aurtengo txapelketan neskek ez dutela lekurik izango. Finantzabidea lortzeko “larri” ibili dira antolatzaileak, eta neskentzako txapelketarik ez antolatzea erabaki dute. Hala azaldu du Meliton Rodriguezek. Bera da txapelketaren sortzailea eta antolatzaile nagusia. Ez du aterik itxi nahi, ordea: “Egoera ekonomikoa hobetuko balitz ez dugu baztertzen berriz ere neskek parte hartu ahal izatea”. Izan ere, Iraurgi Cup-en helburua ez da kirol arlora mugatzen: “Hainbat balio sustatu nahi ditugu haurren artean; esaterako, laguntasuna, kirol espiritua, elkarren arteko harremanak eta herrien arteko ezagutza”. Horren harira, iazko bitxikeria bat kontatu du Rodriguezek: Sevillak irabazi zuen iaz finala, penaltietan. Espanyolekoak urtebete gazteagoak ziren, eta lur jota gelditu ziren. “Sevillako entrenatzailea gugana etorri zen esatera garaipena Espanyolekoei ematea pentsatu zutela, gazteagoak zirelako eta irabaztea merezi izan zutelako. Eta hala egin genuen. Halakorik ez nuen sekula ikusi!”.
Talde berriek hartuko dute parte txapelketan, tartean Bordeleko (Frantzia) Girondins-ek. Hori izango da berrikuntzetako bat. Bestea, hamasei taldek txapelketara sartzeko izango duten aukera, tartean Gipuzkoako hamabik —gainerakoak Araba, Nafarroa, Bizkaia eta Kantabriako (Espainia) talde bana dira—.
Txapelketa bera larunbatean eta igandean jokatuko dute, baina aurtengoan ostiralean lehiaketara sailkatzeko kanporaketak jokatuko dituzte. Lau taldetan banatuta, talde bakoitzeko irabazleak hartuko du parte txapelketaren azken fasean. Xumeak izan arren, Azpeitiko eta Azkoitiko futbol talde batzuk zuzenean sailkatu dituzte azken fase horretara: Azkoitiko Anaitasuna eta Azpeitiko Lagun Onak eta Iraurgi Cup hain zuzen ere. “Ez dute beste talde batzuen mailarik, baina ilusio handia egiten du Bartzelona bezalako talde baten aurka aritzeak. Agian hemendik urte batzuetara bateren bat lehen taldera iritsiko da, eta nik haren aurka jokatu nuen esatea handia da hauentzat”. Kimuetako lehen urtekoak ariko dira lehian, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailakoak, alegia. Baina urtebete zaharragoak izango dira gipuzkoarrak, “Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dielako uzten lehiatzen lehen urteko kimuei”.
Kanporaketa horiek ostiral arratsaldean jokatuko dituzte, 17:00etan hasi eta 20:00ak arte. Azpeitiko Garmendipe futbol eremuko bi zelaietan aldi berean jokatuko dituzte partidak. Larunbatean 10:00etan hasiko da txapelketa, eta 13:00ak arte jarraituko du goizean. Arratsaldeko saioa 17:00etan hasiko da. Azkenik, igandean 09:30ean hasiko dira final laurdenak; gero finalaurrekoak jokatuko dituzte, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida, eta azkenik, finala.
Berrikuntza gehiago ere izango ditu aurtengo txapelketak, ordea. Esaterako, elkarte gastronomikoen parte-hartzea azpimarratu behar da. Iaz talde guztiekin bazkaria egin zuten herriko jatetxe batean, baina oraingoan herriko 11 elkarte gastronomikoetan egingo dute otordua: “Elkarte bakoitzak bi talderi emango die jaten. Doan egingo dute, gainera. Gure egoera ekonomikoa kontuan hartuta laguntza handia da hori”, azaldu du Rodriguezek. Izan ere, halako txapelketa bat antolatzeak gastu asko dakartza berarekin, “eliteko taldeei gastu guztiak ordaindu behar zaizkielako etor daitezen”. Iaz Azpeitiko eta Azkoitiko udalen eta aldundiaren laguntza jaso zuten, baina aurten ez da ezer iritsi. Azpeitiko Udalak azpiegitura aldetik eman die laguntza, eta “asko eskertu beharrekoa” dela esan du Rodriguezek. Kontuak kontu, laguntza pribatuen bila jo behar izan dute, eta baita aurkitu ere. Bi babesle dituzte: Altuna y Uria enpresa da nagusia, eta Atracciones Sanz bigarrena. Horiez gain “beste enpresa, saltoki eta taberna askoren laguntza ere izan dugu, bestela ezinezkoa izango genukeen hau antolatzea”. Txapelketaren amaieran eskainiko duten hamaiketakoa, esaterako, herriko tabernariek antolatutakoa da.
Txapelketaren egutegia, ordutegiak eta taldeen zerrendak ikusteko, bisitatu webgune hau:
www.iraurgicup.com