Itzalpeko emozioei argi egiteko

Biodantza saio bat amaituko du Maider Bartolome irakasleak. Bozgorailuetatik, The Beatles taldearen Here comes the sun abestiaren doinua entzuten da; itxaropenari gorazarre egiten dion abesti bat da. Beasaingo osasun etxean, bost emakume elkartzen dira astero dantza egiteko. Gaur, saioa amaitzerakoan, emakume horien ezpainetan irribarrearen lerroa margotu da, biribilean eskuetatik elkarri heltzen dioten bitartean. Bizitzari dantza egin diote.

Emakume horietako batek biodantza ikastarorako izena eman zuenean, ez zekien zer zen zehatz-mehatz. Hala ere, emozioak eta dantza uztartzen dituen jarduera bat denez, erakarri egin zuen. “Barru guztiak mugituta, negar batean atera nintzen lehenengo saiotik”, onartu du. Beste dantzarietako bat yoga egiten hasi zen, baina pentsamenduak gelditu ezinean zebilen, eta utzi egin zuen: “Biodantzan, gorputza etengabe mugitzen ari naizenez, burua gelditzeko aukera daukat”.

Gehienak lagunen gomendioei jarraikiz iritsi dira biodantzara, eta kontent daude. Hala ere, aho batez diote emozioak lantzea ez dela gauza erraza, barruko sumendi askok eztanda egiten baitute.

Bartolome irakaslearen iritziz, emozio hitzak, oro har, “uxatu” egiten du jendea. Biodantzan, besarkatu, ukitu eta laztandu egiten dute elkar. Norberak bere gorputza laztantzen du, eta ondokoari fereka egiten dio. “Gure gizartean, beharrezkoak izanda ere, galdutako ohiturak dira” dio; are gehiago, “beldurra sortzen dute”, haren iritziz.

Biodantzaren helburua da musikaren, dantzaren eta mugimenduaren bitartez bizipenak eragitea, itzaletan dagoenari argi ematea, lo dagoena esnatzea.

Bost potentzialak

Bost arlo lantzen dituzte biodantzan: bizitasuna, sexualitatea, transzendentzia, sormena eta afektibitatea. “Potentzial horiek guztiak barruan ditugu, baina ez ditugu askotan ateratzen”, dio Maider Bartolomek. Saio bakoitzean, emozio bati erreparatzen diote, betiere, alde positiboari garrantzia emanez.

Irakasleak gidariarena egiten du. Saioaren egituran, inprobisatzeko tarteak daude, taldearen ezaugarriek eta bakoitzaren aldarteak zeresan handia dutelako. “Gaur, adibidez, gogorik gabe etorri dira. Batzuk burumakur, beste batzuk nekatuta. Hasiera zaila izan da, baina bideratu dugu”, azaldu du.

Lantzen duten emozio horietako bat, esate baterako, amorrua da. Musika terapeuta batek aukeratutako abestiak entzungo dituzte. Atalka landuko dute emozio hori. Partitura batean bezala, fase horietan erritmoa aldatu egingo da, crescendo-ak, gailurrak eta barealdiak tartekatuz.

Lantzen duten emozioaren arabera, deseroso edo eroso sentituko dira. “Batzuetan, burura datorkizun pentsamendu soil batek saiotik ateratzen zaitu bat-batean”, kontatu du ikasle batek. Irakasleak kasu egiten die bakoitzaren gorputzak transmititzen dituen seinaleei: “Mugimenduan garena gara. Kalean ere, ibiltzeko moduak, gorputzaren jarrerak eta mugimenduek hitz egiten dute. Halere, gorputzaren beharrei ez diegu jaramonik egiten”.

Emozio bakoitzak energia asko mugitzen du. Gosea, gihar mina, malkoak, zorabioak eta gozamenaren oihartzuna sentituko dituzte amaieran. Barruak biluztu eta geroko sentimenak dira guztiak. Norbera hobeto ezagutzeko aukera ematen du biodantzak, “esentziarekin, barruan daukazun pertsonarekin konektatzeko parada”, azaldu du Bartolomek. Egun, xalotasunak ez du izen onik; aitzitik, “bizi osoa ematen dugu horren bila, galdutako zentzuen eta senaren bila”, dio Bartolomek.

Gehienak, emakumeak

Beasaingo biodantza ikastaroan, guztiak emakumezkoak dira. Gizonezkoei mendeetan erakutsi izan diete ezin dituztela beren sentimenak agertu, eta, Bartolomeren ustez, “zaila da hortik askatzea”. Emakumezkoak “ohituago” daudela ere esan du. Euskal Herrian sentimenak agertzeko ezintasuna “areagotu” egiten dela ere uste du; “izan ere, inguruak eragiten du, eta gu zulo batean bizi gara”.

Ikasle batek gogorarazi du aspaldiko emakumeek harraskan arropa garbitzen zuten garaia. Emakumeen topagunea zen, bizipenak eta sentimenak elkarri kontatzeko lekua: “Taldean egiten dugu dantza, eta elkarrekiko loturak sortu eta sendotu egiten dira”. Biodantzan, kideen itzalaren azpian norberaren argia bilatzen da.