Kirolaren bitartez kulturak ezagutzeko aukera eskainiz

“Kanpotik datozenei eskualdea erakutsi nahi diegu, ez dugu nahi dena futbola izaterik”. Hala diote Iraurgi Cup futbol txapelketako antolatzaileek. “Egun horietan jende pila bat etortzen da, adin horietan gurasoek lagundu egiten dietelako haurrei. Bertako kultura ezagutzea eta turismo pixka bat egin dezaten ere nahi dugu”. Horregatik, txapelketaren hasieran talde guztiak desfilean zelaira iristen direnean, dantzariek aurreskua dantzatuko dute. Bertsolari batek ere abestuko du. Txapelketaren webgunean eskualdeari buruzko hainbat informazio ezarri dute, eta aurtengoan, besteak beste, elkarte gastronomikoak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek.