Nire paperak eta gure paperak

Paperak sufritu ditut duela egun batzuk. Tira, medikuaren ahoan parotiditis hitzak politagoa zirudien, baina nire aurpegiak ez zuen hitz politen inguruan jolasteko intentzio handirik erakusten. Zer da belarritik kokotseraino atera zaidan papo zahar hau? Horixe, papera. Irudika dezazuen, bi puzzletako piezak elkartzen saiatzea bezalakoa izan da nire itxurari osotasunean begiratzea. Astean bost aldiz sagardotegian afaltzen duen 60 urteko gizonaren burua metro eta erdiko gorputzari itsatsita, horixe izan naiz astebetez.

Eta hori dena zergatik kontatu dizuedan jakin nahiko duzue. Aste honetako zutabean zer idatzi ez nekiela nenbilen, eta nire nahasmen huts horretan esan dit Lucíak, “paperei buruz idatz dezakezu”, eta ez zait hain ideia txarra iruditu; bat-batean ez zait hain gogaikarria iruditu nire papoak duen pisua. Nire alboan jarri da ordenagailu aurrean, eta paperei —edo parotiditis esan beharko nuke agian— buruzko informazioa bilatzen hasi da intentzioz gainezka, nire sendabidea bere esku balego bezala. Begira gelditu naiz, eta momentu horretan konturatu naiz lerro hauek ez dizkiodala parotiditis-ari eskaini nahi, zuri baizik, Lucía.

Gaurkoan, Gipuzkoako irakurleen aurrean biluztuko dut neure arima; hainbeste zor dizudalako. Nire intimitatea beti giltzapean gordetzeko obsesioa badut ere, oraingoan ez dut isilik gelditu nahi. Badirudi askoz errazagoa dela jendaurrean gorrotoaz hitz egitea —edo kasu honetan, idaztea— maitasunaz aritzea baino. Errazago egiten zaigu “hango hura gorroto dut” esatea “hemengo hau maite dut” esatea baino. Hementxe nator, muga eta lotsa guztien erditik, arau moral ororen gainetik, zer esango ote duten beldurrik gabe, astekari publiko bat nire hasperenik intimoena adierazteko urratuz… Maite zaitut, printzesa.

Ez diot bizitzari printze urdinik eskatzen. Printze bat eta bakarra ezagutzeko zortea izan nuen 16 urterekin; hura hobetuko duen printze urdinik ez da sortu oraindik. Eta hortxe egon zara zu beti, pazientziaz, isurtzen nuen malko bakoitza lehortuz, zergatia galdetu gabe, isilean. Mila pusketatxo banan-banan jaso eta erantsi dituzu maitasunak soilik eman dezakeen adore itsu horrekin. Noizbait izan nintzen mila pusketatxo haietatik emakume indartsu bilakatu nauzu; ez dakit bizitza guztian behar bezainbeste eskertzeko astirik izango dudan, baina zin dagizut egunero horretan saiatuko naizela. Zertarako nahi dut printze urdin bat, zu bezalako printzesa koloretsu bat izanda?

Paperekin edo paperarik gabe, bihar goaz gure paperak sinatzera, eta ez zait opari hoberik bururatu, ezin nuen aukera hau galdu, beti isilean, itzalean egon zarelako. Ez pentsa, morena, zu maitatzeaz lotsatzen naizenik. Belarrira egunero esaten badizut ere, batzuetan garrasi egiteko gogoa izaten dut: “Maite zaitut, Lucía!”. Jakin dezatela guztiek goizero esnatzean zoriontasunak gainezka egiten didala bularrean, ia lehertzeraino, baina minik eman gabe. Denborak ilea zuritu arte, zimurrek azala ebaki arte; zure besoetan zahartu nahi nuke, betirako ene maite.