Rolando Toro (Txile, 1924-2010) da biodantzaren sortzailea. Irakaslea eta psikologoa izan zen. Dantza terapeutikoek buruko gaixoen artean sortzen dituzten onurak egiaztatu zituen lehenengo. 1960ko hamarkadan, kontzientziaren inguruko ikerketen harira, haluzinogenoekin hainbat proba egin zituen; Alejandro Jodorowsky izan zuen bidelagun. Santiagoko etxean egindako festetatik sortu ziren Psikodantza Jokoak.
Pinocheten diktaduragatik, Argentinan erbesteratu zen, eta biodantzak han egin zituen lehenengo urratsak egituratutako sistema gisa. Brasilen garatu eta aurkeztu zuen 1985. urtean. Ordutik, mundu osora zabaldu da. Dantza, musika, afektibotasuna eta topaketa uztartzen dituen sistema gisa sortu zuen biodantza, osasuna hobetzeko eta emozioak adierazteko balio duena.