Antzerkia, txokoz txoko

Eztena teatro egunak

Errenteria

Joan den asteazkenetik etzira bitartean, Eztena antzerki jaialdia ari dira ospatzen, Errenterian. Mikelazulo elkarteko kideek antolatu dute, laugarrenez, eta aurten ere, askotarikoa da prestatu duten programazioa. Antzerkia herrira eraman eta zabaltzea da jaialdiaren helburu nagusienetariko bat. Hala, proposamen berriak eskaintzeko ahalegina ere egiten dute, urtero. Baita mota guztietako adierazpenei aukera ematekoa ere. Izan ere, kultur jarduera “parte hartzaile, libre eta kritikoa” sustatu asmo dute.

Egitarau “eder-ederra” prestatu dute aurtengo. Eskarmentu handiko sortzaileei ateak ireki dizkiete, eta baita konpainia berriei ere. Horrez gain, sormen bidean diren lanen aurkezpenak ere eskainiko dituzte Piezak atalean.

Atzo eta herenegungo emanaldien ondoren, gaur, 17:30ean, Espaloietan dantzan ikuskizuna egingo dute, erdigunean, Biteri Txiki kaletik abiatuta. Sofie Dubs, Xafor-K eta Eneko Alkarazek hartuko dute parte. 20:00etan, berriz, Piezak atalaren txanda izango da Mikelazulon.

Bihar, 18:30ean, Mikelazulon, J. B. Pedradasen No estoy para nadie emango dute, eta 19:30ean, Iñaki Moralen Orgax-men, herriko plazan. 20:30ean, Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak Xentimorik gabe ikuskizuna eskainiko dute Beheko kalean, eta 00:00etatik aurrera, Zo-Zongo taldeak Psicho-Clown Perkushow ikuskizunaren estreinaldiaren aurreko saioa egingo du herriko kaleetan, Txintxarri elkartetik abiatuta.

Igandean izango da jaialdiaren azken eguna. 10:30ean, Antzerki antolaketaren amarauna izenburupean, gosari eztabaida egingo dute, Mikelazulon. 18:30ean, Anakrusa taldeak Tempus-i dantza antzerkia taularatuko du Errenteria Hiria kulturgunean. 20:00etan, Legaleon-T taldeak Ella y él: Ficciones antzerkia emango du, hori ere Errenteria Hiria kulturgunean.