Gipuzkoako Artxibo Orokorrak bost mende inguru daramatza Tolosan. Egungo eraikina, San Frantzisko pasealekuan dagoena, 1904an eraiki zen. Aurretik, aldundiak hala erabakita, 1530. urtetik Santa Maria parrokian gorde ziren. Eraikin dotorea da artxiboa gordetzen duena. 1986tik 1990era, moldaketa bat izan zuen, txiki geratu zelako.
Egun, edozeinek ditu artxiboko ateak irekita, baina ez da beti horrela izan. “Mendeetan artxiboaren helburua aldatzen joan da”, azaldu du Ana Otegi teknikariak. “Hasieran, XIV. mendetik XVI. mendera, administrazioaren memoria historikoa izatea zen helburua. Gero, XVII. mendetik, garaiko jakintsuei ireki zitzaien artxiboa. XIX. mendearen erdi aldera, historialariei ere artxiboan sartzeko aukera zabaldu zitzaien, eta azkenik, XX. mendearen erdi aldetik aurrera, herritar orok erabili dezake artxiboa”.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Batzar Nagusien artxibo historikoa da, izatez, Gipuzkoako Artxibo Orokorra. XX. mendean jatorrizko artxiboari eransten zaizkio Gipuzkoako korrejimenduaren artxiboa, Tolosako notariotza barrutiko protokoloak eta beste zenbait artxibo, bai publikoak eta baita pribatuak ere. “Esan daiteke artxiboen artxiboa izatera heldu dela”, dio Otegik.
Batzar Nagusiei eta aldundiari dagokionez, aktak, aurrekontuak, espedienteak… daude. Bestalde, korrejimenduaren funtsa, Erregearen ordezkariak, alegia korrejidoreak, lehen eta bigarren instantzian epaitzen zituen auzi zibil eta kriminalez osaturik dago. Artxibo hori XVI. mendean hasten da eta 1841. urtera arte iristen da, korrejimendua bertan behera gelditu zen arte.
Notariotzari buruzko funtsari dagokionez, bertan XVI. mendetik hasita, notarioek edo eskribauek baimendutako jatorrizko eskrituren bildumen ordenatuak daude, hau da, ezkontza kontratuak, testamentuak, salmenta kontratuak, obra kontratuak… Hala, dokumentuak ehun urte betetzen dituztenean eramaten dituzte Tolosako artxibora. Aurten, beraz, 1911ko eskriturak hartu dituzte.
Tolosakoaz gain, notariotza arloan beste hiru barruti daude Gipuzkoan: Azpeitikoa, Bergarakoa eta Donostiakoa. Hiru barruti horietako protokolo artxiboak Oñatiko Protokoloen Artxiboan gordetzen dira, herri horretako unibertsitatearen eraikinean.
Familiari buruzko datuak
Bi aukera daude artxiboak arakatzeko: eraikinera bertara joanez, edo Internet bidez. Azken honetan, jendeak kontsultak egin nahi baditu, agg-gao@gipuzkoa.net helbidera idatzita egin behar du informazio eskaera.
Eraikinera bertara joanez gero, eskatzen duten gauza bakarra nortasun agiria edo identifikazio txartel bat da. “Artxibora lehenengo aldiz joaterakoan, datu pertsonalak eskatzen zaizkio, eta zein den aztertu nahi duen gaia, erabili ditzakeen tresnak aholkatu ahal izateko”, zehaztu du Otegik. Inbentarioak eta datu baseak kontsultatu ondoren, artxiboko teknikariei dokumentuak eskatzeko aukera dago, eta gehienetan jatorrizkoak uzten dituzte.
Erabiltzaile mota asko izan ditzake artxiboak: aldundia bera, doktore tesiak egiten ari direnak, irakasle eta ikasleak, arkitektoak, abokatuak, eta herritarrak, oro har. Azken horiek, genealogia, familiaren historia zein sendiaren baserriaren historia ezagutzeko baliatzen dute, batez ere.
Norberaren historia arakatzeko protokoloen artxiboa nabarmendu du Ana Otegik: “Bertan bizitza pribatuak eta familia bizitza, harreman sozialak, azken finean, gure arbasoen bizimodua eta pentsamoldeen berri izan daiteke”. Aurretik elizbarrutiaren artxibo historikoan, www.mendezmende.org helbidean, norberaren arbasoen bataio, ezkontza eta heriotza datak bilatu daitezke, eta horietatik abiatuta, Gipuzkoako Artxibo Orokorreko protokoloen artxiboa arakatu. Hala, arbasoren baten heriotza data jakinez gero, protokoloen artxiboan testamentua bilatu daiteke, eta familiaren historiari buruzko datuak bildu. Kaperatasun agiriak ere erabili daitezke norbere historia osatzeko.
Hori bai, norbanakoek ezin dute dokumentu orijinalik atera artxibotik. Izan ere, bi modu besterik ez daude dokumentuak ateratzeko. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere kudeaketarako eskatzen dituenean, errepide baten proiektua egiteko, adibidez. Bestetik, erakusketa baterako eskatzen dizkietenean. Fotokopiak eskatu daitezke, baina gero eta gehiago banatzen dituzte kopia digitalak, horrela jatorrizko dokumentuak gutxiago hondatzen direlako.
Zaharberrikuntza laborategia ere badu artxiboak. “Azken aurrerapenekin hornitua dago, eta batez ere artxibo orokorreko agiri eta liburuak berritzen dira. Tarteka, Oñatiko artxiboko eta Koldo Mitxelenako artxiboa zaharberritzen dituzte teknikariek”, dio Otegik. Prozesuaren hasieran dokumentuaren diagnostikoa egiten da, gero garbitu, azidoa kendu, papera berreraiki, eta koadernatuak badira, koadernaketa ere berritu egiten da. Dokumentuak baldintza jakin batzuetan gordetzen dituzte, hau da, batez beste 18-20 gradu bitarteko tenperaturan eta %55-60ko hezetasun erlatiboarekin.
Batzarretako eta aldundien akta liburuak digitalizatuta dituzte, XVI. mendetik hasi eta 1840 urtera arte. Bestalde, protokoloetan dauden aurkibideak jarri dituzte modu digitalean. “Eskribauek liburuan zeuden eskrituren nolabaiteko laburpena egiten zuten. Horiek oso lagungarriak dira informazioa bilatzeko”, azaldu du Otegik. Horrez gain, udaletako kaperatasun agiriak ere digitalizatuta dituzte. Egun, guztira 300.000 irudi baino gehiago dituzte.
Artxiboan balio berezia duten hainbat dokumentu ere badituzte. Horietako bat 1558. urtekoa da. Garai hartan Felipe II.a Espainiako errege zela, Valladolideko Errege-Kantzelaritzaren errege-gutun beterazlea da dokumentua, hain justu, Gipuzkoako probintziak Donostiako Kontzejuaren aurka duen auzian, Donostiako Santa Katalina zubiko garraio eta bidesariak direla eta. Euskaraz idatzita dauden bertso batzuk, 1685ekoak ere gordeta ditu artxiboak. Eibarko Migel Basterretxeak konposatu eta abestutako bertsoak jasotzen ditu dokumentuak. Antonio de Elzarzagak, Eibarko San Andres parrokiako erretoreak, Basterretxea auzitara eraman zuen, bere aurkako bertso horiek iraingarriak zirela argudiatuz, eta kausa kriminalean daude idatzita bertsoak.