Irristalariak, bizitza gurpiletan

Geroz eta indar handiagoa hartzen ari da Gipuzkoako herrietan irristaketa. Irristailuak oinetan kokatu, eta denborapasarako nahiz kirola egiteko lagunartean kalera irteteko joera da roller-ena. Zaletasunak gorantz egitearekin batera, irristalari elkarteak ere ugaritzen ari dira herrialdean.

Donostiako Donosti Roller elkarteak ehun bat bazkide ditu, eta hura da Gipuzkoako aktiboenetakoa. “Hasiera 2007an izan zen. Lauzpabost donostiar elkartu ziren, irristaketa ikastaro batean elkar ezagutu ondoren. Irteerak egiteko orduak jarriz segi zuten gero. Foroa sortu zuten, beraien arteko komunikazioa lantzeko, eta handik sortu zen Donosti Roller, 2010ean”, gogoratu du elkarteko lehendakari Amaia Corralek.

Donostiako elkarteaz gain (www.donostiroller.com), Bergaran Hanka Labanka elkartea (hankalabanka.com) dago. Tolosan ere, elkarte izaera eduki gabe, bilgune bat badute.

Kirola da jarduera jatorriz, baina “garraiobidea” ere badela argi utzi nahi dute. “Leku batetik bestera mugitzeko modua da. Bizikleta geroz eta usuago erabiltzen den bezala, irristailuak ere berdin-berdin izan litezke”. Modu ekologikoa, erraza, erosoa eta merkea da. Ildo horretan, irristailuak bizikletaren pareko dira.

Europa iparraldean “tradizio gehiago” dute irristaketarako, eta hirian mugitzeko modua da askorentzat. Irristailu bereziak badira, gurpilak kendu eta oinetako soil bihurtzen direnak, “metroan edo autobusean sartzeko, irristailuak jantzita ezin denez”.

Gipuzkoan “orain” hasi da jendea ezagutzen, baina “geroz eta gehiagora” doa erabilera. “Donosti Rollerren bazkideak ehun gara, baina webgunea erabiltzen dutenak 600 inguru. Kalean ere gero eta gehiago ikusten da”, adierazi du Corralek.

Aisirako, kirolerako edo mugitzeko ez ezik, erabilgarritasun zabalagoa badute irristalariek. “Donostian, adibidez, udaletik-eta guregana sarri jotzen dute”, dio Corralek. “Kirol probetan, Donostiako Maratoian esate baterako, hiru urte badaramatzagu stoper gisa lanean. Lasterketaren aurretik joaten gara, bidegurutzeetan zirkulazioa ixteko edo lotura eginez probari laguntzeko. Mugitzeko gaitasuna bizikletariena edo oinezkoena baino handiagoa dugu”. Hala, irristalariek errazago egin ditzakete laguntzaile lanak halako ekitaldietan.

Ikastaro bereziak, hasteko

Arloan murgildu nahi duenarentzat “egokiena” ikastaroetara joatea da. “Gutako gehienek geure kasa, ibiliz eta kolpeak hartuz ikasi dugu. Baina hobeto da norbaitek gidatuta ikastea, noski”.

Uda garaian, Txuri Urdin izotz jauregian umeentzat antolatu ohi dituzte, esate baterako; baita Gipuzkoan herri ugaritan ere, eskola kirol gisa, edo haurren udako jarduera egitarauetan. Donosti Rollerren kasuan, elkarteak ez du ikastarorik antolatzen, baina kide batzuek irristaketa-eskola sortu dute, Manteo kiroldegian.

Jarduera haurrentzat zein helduentzat da aproposa. “Egia da hasieran haurrak direla gehienak ikastaroetan, baina haiek eramatera joaten diren gurasoak ere azkenean animatzen dira, zain dauden bitartean beraiek ere ibiltzeko eta ikasteko aukera berbera dutelako”, dio Corralek.

Behin eskua hartutakoan, lagunartean irristatzeko eta irteteko ohitura da ikasitakoa lantzeko bide bat. Ibilbideak aurreikusiak dituzte elkarteek, bidegorrietan barrena asko. “Donosti Rollerren jatorrizko ibilbidea asteazkenero egiten duguna da, RDR deritzona (Ruta Donosti Roller), 19:30ean Igaratik aterata, Antiguan”. Hogei bat kilometro luze ibiltzen dira, aldiro.

Berriki, otsailean, Ruta Gansa izeneko txangoekin hasi dira. Astelehenetan elkartzen dira. “Maila baxuagoa dutenentzat da bereziki, hasi berrientzat. Irten aurretik plazan elkartu eta han ibiltzen dira”. Ostiral gauetan Alderdi Ederreko topaketa da beste bat, udaletxe aurreko plazan slalom-ak egiteko.

Azpiegitura aldetik, irristaketan ibiltzeko egokitasun ona eskaintzen dute, orokorrean, Gipuzkoako hiri eta herriek, erabiltzaileek diotenez. Hala ere, Landak (Akitania) oso gustuko dituzte. “Hango bidegorriak zoragarriak dira. Asteburua edo eguna pasatzera joateko irteerak antolatzen ditugu webguneko erabiltzaileen artean. Irristaketan ibiltzen ez direnak ere gehitzen zaizkigu taldera, ez dakiten bikotekideak bizikletan ibil daitezke…”, azaldu du Corralek.

Gipuzkoako bidegorrien sarearekin gustura daude irristalariak. “Dena hobetu daiteke, baina ezin gara kexatu. Ibilaldi politak egiteko aukera ematen dute ingurukoek. Bidegurutzeak edo toki arriskutsuak baldin badaude, stoper-ak aurreratzen dira, segurtasunerako. Beldur handiena lurreko koska puntutxoei diegu, gurpil artean katigatzen direlako”.

Lehiaketak irristaketan ere

Ohiko irteerez eta txangoez gain, korrika probak ere ari dira irristalarientzat irekitzen. Behobia-Donostian duela bi urte hasi ziren, adibidez. “Denboraldi bat bageneraman lasterketa horretan sartu nahian. Ez da erraza izan, korrikalari asko joaten delako, eta arazorik suerta ez dadin dena ondo doitu beharra zegoelako”. Esperientziarekin oso pozik daude: “Lasterketa oso polita da; gogorra baina polita”, dio Corralek.

Korrika eta irristaketa uztartzen aitzindaria Donostiako 15km Klasikoa proba izan zen, 2008ko urrian. “Bost minutu lehenago irteten gara. Proba ederra da: distantziaz erraza, hiri barruko ibilbidea… Inguruko elkarteetako asko etortzen dira horra”.

Gainera ez da zaletasun garestia. “Irristailu arrunt batzuk edonork lor ditzake. Bigarren eskukoen merkatua antolatzen dugu, edo probatu nahi duenari utz dakizkioke aldi baterako. Irristailuak, kaskoa eta, oso garrantzitsua dena, babesgarriak; besterik ez da behar”. Aseguruak ez dira beharrezko, lasterketetan ez bada.

Ekainaren bukaeran Donosti Rollerreko bederatzi laguneko talde bat irristaketako Lemanseko 24 orduetara doa, Frantziara. “Eguneko 24 orduetan irristatzen da; autoetan bezala, baina irristailuekin. Bakarka, binaka, bosteko taldean edo hamarrekoan banatzen da. Beste urte batzuetan bostekoen mailan parte hartu dugu. Aurten hamarrekoan ariko gara. Txandaka egiten da proba”.