Osasuna lurretik hazten da

Ohiko buruko minek edo hilekoaren hanturek eguneroko erritmoari eragiten diotenean, erraza da botiken tiradera ireki eta eskura dagoen lehen pilula hartzea. Farmazia industria garatzearekin batera, sendabelarrak etxeetako sukaldeetatik eta pertsonen gorputzetatik atera dira, eta, kasu askotan, bide ertzetara eta etxe atarietako dekoratu izatera kondenatuta gelditu dira. Medikuntza konbentzionala ere ez da, ordea, ahalguztiduna, eta geroz eta gehiago dira ohiko botikek huts eginda sendabide naturalak bilatzen dituztenak. Haien inguruko desinformazioa eta legedia, ordea, lauso samarrak direlakoan daude haiekin aritzen direnak.

“Egia da medikuntza konbentzionala zalantzan jartzen dela”, hausnartu du, esate baterako, Nekane Martiarena sendabelar adituak (Oiartzun, 1969). “Jende askok jotzen du homeopatiara, makrobiotikara eta halako gauzetara. Farmazeutikak hori ikusi egin du, eta horregatik ateratzen ditu berak ere horrelako produktuak”. Martiarena bera afizioz aritzen da sendabelarrak biltzen eta haiekin produktuak egiten; tarteka ikastaroak ere ematen ditu. “Euskal Herrian baditugu belar batzuk, denok ezagutzen ditugunak, baina ez dakigunak sendabelarrak direla”, azaldu du. Iritzi berekoa da Sara Letamendia (Aizarna, Zestoa, 1962): “Medikuarengana joaten gara, eta antibiotikoak hartzen ditugu; askotan, kalte handiagoa egiten digute, eta landare pila bat ditugu inguruan horiek ordezkatzeko, kalterik egiten ez dutenak”. Osasunerako bestelako bideak bilatzeak “norbere buruaren jabeago” egiten duela uste du Letamendiak.

Sendabelarren eta botika konbentzionalen arteko desberdintasun nagusia da landareen kasuan, osagai eragileak naturalak direla. Hala azaldu du Laura Gurbindo (Iruñea, 1962) sendabelarretan adituak: “Gorputzak errazago xurgatzen ditu. Medikamentu asko landareen printzipio aktiboetatik kopiatutakoak dira, baina asimilazioa ez da berdina; zailagoa da”. Gainera, kontuan hartzekoak dira ohiko sendagai askok dituzten albo kalteak: “Botikak, portzentaia izugarri handi batean, oso kaltegarriak dira gibelarentzat”.

Sendabelar espezieak bezain kontaezinak dira bete ditzaketen funtzioak eta hartzeko moduak. Etxean, ohikoa izaten da ukenduak, enplastuak eta infusioak egitea. Elorri zuriak, esaterako, bihotzekoak eta tentsioak erregulatzen ditu; garraiskak, berriz, lasaitu eta lo hobeto egiten laguntzen du. Letamendiak azaleko eta hezurretako gaitzetarako ere erabiltzen ditu belarrak.

Martiarenak, ordea, uste du “gauza sinpleetarako” erabiltzen direla, oro har, landareak: “Gure belaunaldiak medikuntza konbentzionaletik funtzionatzen ikasi du. Horregatik, zerbait larria dugunean, horra jotzen dugu, eta etxean gauza errazagoak egiten ditugu”. Gurbindo ez dago guztiz ados: “Jakina, bihotzeko batek ematen badizu, korrika joaten zara ospitalera, eta ez zara hasten landare baten bila. Baina behin zerbait gertatu zaizunean, asko egin dezakete laguntzeko. Denetik dago; badago oso gauza serioak landareekin tratatzen dituen jendea ere”.

Osasuna nola kudeatu bakoitzaren erabakia dela uste du Gurbindok: “Nik ez diot inori esango landare bat hartzeko medikuarengana joan gabe. Beste kontu bat da medikuarengana joatea eta konforme ez gelditzea, eta beste zerbait bilatzea”. Bere hitzetan, ez batak eta ez besteak ez dute gaitz oro sendatzen. Horregatik, garrantzitsua da bakoitza bere osasunaren jabe izatea: “Dena besteen esku uzteko joera horrek ez digu batere mesederik egin. Bakoitzak bere burua gehixeago zaindu eta gehixeago maiteko balu, hasieratik askoz arazo gutxiago izango genituzke”.

Hain justu, horregatik errepikatu du Gurbindok garrantzitsuena “ez gaixotzea” dela. Horrekin, osasungintza konbentzionalean egin ohi den akats handiena nabarmendu nahi izan du: osasunaz soilik gaixotzean gogoratzea. “Maila prebentiboan, landareek lan izugarria egin dezakete. Defentsak igo, organismoa garbitu eta nerbio sistema orekatu; hiru gauza horiekin asko hobetzen da edonoren osasuna”.

Hiru adituak bat datoz: errazagoa da osasuntsu dagoen gorputza zaintzea, gaixotutakoa sendatzea baino. Izan ere, sendabidea ez dago beti bermatuta, Gurbindoren hitzetan: “Landareek ez dute dena sendatzen, baina medikuntzak ere ez”.

Farmazia-industriaren menpe

Belar dendak eta naturopatiako kontsultak ugaltzen ari dira apurka, baina oraindik oztopo asko ditu gainditzeke sendabelarren arloak. Izan ere, debekatuta dago hainbat landare komertzializatzea. Gurbindok horren zergatia azaldu du: “Zuk sendabelar bat saltzen duzunean, ez daukazu informazio jakin bat emateko baimenik. Belarra botika gisa erregistratzen baduzu —eta horrek diru eta tramite asko eskatzen ditu—, eman ditzakezu azalpenak: zertarako balio duen, zein dosi gomendatzen den, zer egin intoxikazio kasuetan… Sendabelar bat saltzen duzunean, ez duzu horretarako baimenik”. Informazio hori ematea debekatuta dagoenez, kontraindikazioak izan ditzaketen sendabelarrak ezin dira saldu: “Arrisku oso txikia duten landare askorekin gertatzen da: agian oso onak dira azaleko erabileretarako, baina ez barrukoetarako. Duela urte batzuk, saldu ezin daitezkeen landareen zerrenda bat atera zuten, kontraindikazioren bat zutelako. Eta horietako batzuk asko erabiltzen diren belarrak dira. Erromeroa, esaterako, jende pila batek erabiltzen du, baina ez da gomendagarria haurdun daudenentzat, abortua eragin dezakeelako. Orduan, zer egin behar dugu, salmentatik kendu? Jende askori gauza askotarako balio dionean?”.

Denborarekin, sendabelarren inguruko legeak aldatuko direlakoan da Gurbindo, baina oraindik asko dago hobetzeko: “Farmazia industriak ere saltzen ditu landareak. Ez zaio interesatzen belarrik ez saltzea; interesatzen zaio berak nahi duenean saltzea”. Ikasketa ofizialik ere ez dago arlo horretan; ahoz aho egin du jakintzak bere bidea. Letamendiak horren garrantziaz ohartarazi du: “Jendeak ezagutu behar du inguruan daukaguna; oso berezia da. Jakin behar da zein indar duten landareek; sentitu behar da natura, eta ezagutu, pixkanaka. Behar dugun guztia inguruan daukagu, eta ez dugu ezagutzen”.