“Prestakuntza aldetik, hutsune handia dago eskulangintzan”

Eskulangilea ez den arren, eskulangintza Jone Idiazabalen (Errenteria, 1956) bizitzaren parte da. Ereintzako kidea da. Duela 34 urtetik Errenterian Euskal Herriko Eskulangintza Azoka antolatzen du elkarte horrek. Orain, Gabiltza eta Lur eskulangile elkarteekin batera, Artiola eskulangileen gunea jarri dute martxan. Gipuzkoa osoari begira jaio bada ere, Artiolak Errenterian egingo ditu ekitaldiak, Merkatuzar eraikinean. Ekitaldi horietako batean, I. Beira Jardunaldietan, buru-belarri ari dela egin du elkarrizketarako tartea Idiazabalek.

Duela 34 urtetik asko aldatu al da eskulangileen egoera Euskal Herrian?

Hasieran, gaur egun ez dauden eskulangile batzuk zeuden. Adibidez, gurdia lantzen zutenak gaur ez dabiltza horretan, ez delako erabiltzen. Adinaren kontua ere bada, denborarekin eskulangintza horrek ez duelako jarraipenik izan.

Erroldaren arabera, gaur egun 103 eskulangile daude Gipuzkoan, eta salatu dute zailtasunak pasatzen ari direla. Zein behar dituzte?

Azkenean, autodidaktak dira, eta prestatu, beren kasa prestatzen dira. Ondorioz, ekitaldiak antolatzen ez badira, galtzen joango dira. Baten bat dagoeneko galdua dago. Beraz, prestakuntza aldetik, hutsune handia dago. Gainera, bakarkako lana denez, zerbait ere behar da eskulangileak elkartzeko.

Eskulangintzari bultzada emateko, Ereintzak lan handia egin du, eta Artiola sortzeko lehen pausoak ere elkarteak berak eman ditu.

Azoka [Euskal Herriko Eskulangintza Azoka] urtean behin egiten da, eta ikusi genuen eskulangileen beste zenbait beharri erantzuteko gehiago behar zela. Horretan ari ginela, Ikertalde enpresarekin hitz egin genuen, eta urte barruan gauza gehiago antolatzen hasi behar zela ikusi genuen: tailerrak, erakusketak… Hori dena, gainera, profesionaltasun batekin aurrera ateratzeko. Hausnarketa hori dena udalean aurkeztu genuen, duela lauzpabost urte. Udalari gustatu zitzaion, eta aldundira zuzendu zuen. Ongi iruditu zitzaion hari ere, eta eskulangintza elkarteak ere proiektu horretan sartzeko eskatu ziguten. Bi elkarterekin jarri ginen harremanetan, Gabiltza eta Lur elkarteekin; haiekin elkarlanean jarri dugu martxan.

Horrek guztiak zertarako balioko die eskulangileei?

Beren arteko harreman bat sortzeko, prestakuntza partekatzeko… Esate baterako, momentu honetan [joan den astean] I. Beira Artistikoaren Jardunaldiak egiten ari gara. Hemen askotariko eskulangileak daude eta bakoitzak bere teknika dauka, eta halako proiektu baten bitartez bata bestearen maisu bihurtzen da; oso aberasgarria da. Haiek esan digutenez, astebetez horrelako aukera bat izatea luxua da. Horrez gain, informazioa edo beste edozein laguntza behar badute, haien erreferente izango da.

Nork egingo du lan hori Artiolan?

Oraingoz denak gaude: Ereintza, Gabiltza eta Lur, eta denek dena eramaten dugu. Oraindik antolatu egin behar gara. Alde horretatik, barne egituran ere gauzak egiteko ditugu.

Aldundiak eta Errenteriako Udalak lagundu dute proiektu honetan. Hala ere, eskulangintza nahikoa babes izaten ari dela uste duzu?

Kontua da azkenean eskulangile asko ez direla eta ateratzen duzun zarataren arabera gauza gehiago edo gutxiago lor ditzakezula. Hain zuzen, Artiola edo halako elkarte bat baldin badago, errazago izango da indar egitea. Gainera, zabalik dago; ez da zerbait itxia; eskulangileentzat da. Horrez gain, Gipuzkoan ez daude 103 eskulangile bakarrik; gehiago daude. Kontua da batzuk ez direla erregistratzen, horrek sortzen duen lan burokratikoarengatik. Beraz, Artiola edo halako babes bat baldin badago, denborarekin dituzten zalantza guztiak argitu eta errazago sartuko dira sare ofizialean.

Uste duzu, oro har, jendeak estimatzen duela eskulangileen lana?

Argi dago jendeak nahi duena gutxi ordaintzea dela, ona izatea, azkar lortzea… baina nik uste dut jendea konturatzen dela. Eskulangilearen lana bakarra da. Gainera, normalean, denbora eskatzen duten lanak izaten direnez, ordaindu egin behar dira. Baina egia da ordaintzeko orduan jendeari kosta egiten zaiola.

Hori zer da, heziketa kontua?

Bai, hala da, baina heziketa hori ez da bakarrik eskulangintzarekin egin behar, bizitzako maila guztietan baizik. Gauza asko berriz pentsatu beharko genituzke.

Eta eskulangintzak zein toki dauka gizarte horretan?

Eskulangile ia denek barneratuta daukate beren lanbidea, eta ez dute utziko. Hark bizi ditu. Egoera nola dagoen ulertzen dute, baina eurek aurrera egingo dute. Diru gutxiago irabaziko dute, baina moldatuko dira horretara.

Orain artean Artiola sortzen eman dituzue pausoak. Zeintzuk izango dira hurrengoak?

Orain, I. Beira Artistikoaren Jardunaldiak antolatu ditugu, eta eskulangileen aldetik oso harrera ona izan dugu. Uztailean, ehungintza tailerra egingo dugu udalekuetako haurrekin. Horrelako gauzak egiten jarraitzeko asmoa daukagu. Horrez gain, Errenteriako Erdiko kaleko hainbat lokal hutsik daude, eta pentsatu genuen horiek berritu eta lokal bakoitzean eskulangile batek bere lantegia eta denda jar zitzakeela. Hori luzera begirako proiektu bat da, eta inbertsio handia behar da.