Ez da erraza ametsen atzetik joatea. Are zailagoa da, ametsa garestia bada eta abiadura bizian badoa. Igor Izagirre (Urretxu, 1982) eta Angel Ruiz (Urretxu, 1985) Espainiako Rally Txapelketan parte hartzen ari dira; utzitako auto batekin eta senitartekoen, lagunen eta herritarren laguntzarekin lortu dute erronkari heltzea. “Gozatzen eta ikasten” ari dira, aukera hori berriz izatea zaila izango dela jakitun.
Biek ere esperientzia dute Euskal Herriko rallyetan. Izagirre 2000. urtean hasi zen, anaiaren kopilotu gisa. Hark uztean, auto bat erosi, eta bera hasi zen gidari. Ruizi eskaini zion kopilotu izateko aukera, eta hark “pozik” eman zion baiezkoa; 2007. urte amaieran hasi ziren elkarrekin. Ford Sierra batekin bi urtez ibili ostean, Citroen Saxo bat erosi zuten. “Oso auto lehiakorra da, txikia eta arina, eta, horrekin, kopa askotan parte har dezakezu”, azaldu du Izagirrek. Hala, hurrengo urtean Hankook kopan hasi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan.
Izagirre eta Ruizen arabera, baliabide “gutxi” dituzten gazteei “aukera” ematen dien kopa bat da. Parte hartu, eta irabazi egin zuten. EAEko lehen bi sailkatuek final bat jokatu zuten Madrilen, beste autonomia erkidego batzuetako bina sailkaturekin batera, eta Izagirrek eta Ruizek irabazi zuten. Sari gisa, Suzuki markako auto bat utzi diete, aurten Espainiako Rally Txapelketan aritzeko. Suzuki koparen barruan ere, beste hamalau piloturen kontra ariko dira.
Autoa utziko badiete ere, gainerako gastuak haiek ordaindu behar dituzte. “Zalantza izan genuen, saria hartu edo ez, baina, azkenean, jendeak asko lagundu digu, eta aurrera egin dugu”, azaldu dute. Elastikoak egiteaz gain, hogei euroren laguntza bonuak ere atera zituzten. Bat erostearen truke, eroslearen izena euren autoaren gainaldean jartzeko aukera eman zuten, eta ia ehun pertsonaren izenak daramatzate lasterketa bakoitzean. Ideia gehiago ere izan dituzte: Egoitz Mujika pilotu urretxuarraren eta bi sukaldariren laguntzaz, paella erraldoiak egiten hasi dira Euskal Herrian egiten diren rallyetan. Ateratzen duten dirua Espainiako txapelketan aritzeak dakartzan gastuak ordaintzeko da. Azken lasterketetan, 60 eta 80 errazio artean banatu dituzte. “Dirua zertarako den ikusita, asko etorri ohi dira paella jatera. Hemengo lasterketetan, laguntza guneak industrialdeetan egon ohi dira, eta, askotan, bazkaria etxetik eraman behar izaten du jendeak. Horrentzako irtenbide bat ere bada”, adierazi du Ruizek, esker onez.
“Ez da Espainiako txapelketan ibili nahi dugula, eta diru eske goazela. Parte hartzeko aukera suertatu zaigu, eta guk bakarrik ezin genion erantzun horri”, azaldu du Izagirrek. Herriko hainbat tabernariren eta dendariren laguntza ere izan dute. Autoan dituzte haien izenak ere. “Lasterketaz lasterketa goaz. Sarietan irabazitako diruak ere laguntzen digu aurrera egiten”. Mekanikari lanak senitartekoek eta lagunek egiten dizkiete. “Profesional bat kontratatzeko aukera aztertu genuen, baina aurrekontu handia zen”, dio Izagirrek. Haren anaiak eta kuadrillako lagunek egiten dute lan hori. Izagirrek dioenez, “guztiak mekanikariak dira, eta badakite zertan ari diren. Haientzat ere polita da aukera izatea maila horretan aritzeko”.
“Beste mundu bat”
Espainiako txapelketan, lasterketak luzeagoak dira Euskal Herrian egin ohi direnak baino. Hala azaldu du Ruizek: “Euskal Herriko rally oso bat adina luze diren zenbait tarte ditu Espainiako rally bakoitzak. Hemengoetan, gurpil berriekin lauzpabost lasterketa egin ditzakezu. Espainiakoan, lasterketako sei-zortzi gurpil gastatzen ditugu, eta bakoitzak 200 euro balio du”. 26.000 euroko auto bat gidatzen dute, “eta argi bakoitzak 1.000 eurotik gora balio du”. Zazpi lasterketa dituzte orotara, eta hiru eginak dituzte. Bosgarren doaz, hamabost pilotuko sailkapenean. “Gu hasiberriak gara, eta ez ditugu ezagutzen ibilbideak. Maila honetan urteak daramatzaten pilotuen aurka ari gara”, dio Ruizek. Bitxikeria moduan, Santiago Cañizares futboleko atezain ohia eta Oscar Pereiro txirrindulari ohia dituzte aurkarien artean.
Orain “txundituta” daudela dio Izagirrek: “Edozein zalek nahiko lukeen lekuan gaude; oso gustura gaude. Zale gisa ikusita, hauek dira benetako rallyak, eta ez hainbeste Euskal Herrian egiten ditugunak. Euskal Herrian motzagoak dira, eta ez dago bide txarrik. Rally bat berez denaren funtsa apur bat galduta dago”. Bertakoen artean, Gabiriakoa aipatu dute biek. “Politenetarikoa da, eta, guretzat, berezia ere bada. Hemen ondoan da, jende ezaguna doa… Baina 18 kilometro dira. Ourensen (Galizia) egin dugun rallyak 220 kilometro zituen”.
Azaroan amaituko dute txapelketa, eta, beste jakinarazpenik ezean, autoa itzuli egin beharko dute. “Helburua da podiumera igotzea azken lasterketetako batean”, Izagirreren arabera. Azkena Madrilen izango dute, Hanook kopako txapeldun bihurtu ziren ibilbidean. “Urte bukaerarako, esperientzia hartu, eta aurrenekoekin borrokatzeko prest egongo gara”, diote. “Hemengo rallyek ez dute abentura ukitu hori; agian, ezagutu egiten ditugulako. Orain gauden txapelketan, abentura bat bestearen atzetik dator”. Elkarri begiratu, eta zera dio Ruizek: “Nik harekin fidatu behar dut, eta hark nirekin. Oso esperientzia ona izaten ari da”. Izan ere, gozatzen ari dira. “Jende asko ezagutu dugu, eta giro oso ona dago pilotuen artean. Urte hau baliatzea da gure asmoa. Asko gozatzen ari gara, eta, batez ere, asko ikasten. Badakigu urte hau pasatakoan ez garela izango lehen ginen pilotuak”.