Gipuzkoako pobrezia neurtzeko beste tresna bat prestatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta inkesta formatuaren bidez, diagnostiko bat egingo dute urtero. Gizarte Politikarako Departamentuaren aginduz sortuko dute tresna hori, eta 93.000 euroko kostua izango du. Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak iragarri duenez, espero dute lehen emaitzak urtearen amaierarako jakitea.
Rodriguezek jakinarazi duenez, ez dago Gipuzkoako pobreziari buruzko datu zehatzik, baizik eta esparru geografiko zabalagoetan egindako ikerketatik ateratako kalkulu batzuk. Hain justu ere, datu falta horrek bultzatu ditu tresna berria sortzera, eta inkesta bat egongo da tresnaren oinarrian. Inkesta horrek ez du, ordea, aldagai ekonomikoa bakarrik kontuan hartuko, bazterkeriarekin loturiko beste zenbat aldagai ere aztertuko baititu: osasuna, gizarte harremanak eta arrisku kolektiboetako kide izatea. Horrez gain, beste datu estatistiko batzuk ere erabiliko dituzte. “Errealitatea neurtzeko eta haren bilakaera aztertzeko datuak edukitzea ezinbestekoa da, batez ere egun dugun sistemaren krisiaren pareko garaietan”, adierazi du Rodriguezek. Hala, iragarri du pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurka neurri “eraginkorrak” hartu ahal izango direla tresna berriaren bidez.
Gizarte Politikako diputatuak adierazi du, pobreziaren egoera “arduratzekoa” dela eta “asaldatzeko moduko tamaina” hartzen ari dela. “Erakundeek ezin dituzte begiak itxi errealitate horren aurrean, ezta etsipenaren politika baten betikotu ere”.