G ipuzkoak arazoa du errepideekin. Urte luzez azpiegitura berriak sortzen eta zabaltzen aritu izan da, eta ohartzerako, zor handia egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bidegiren zorrarekin soilik, lurraldea 2032ra arte dago “hipotekatuta”, Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak iragan urrian jakinarazi zuenez; 900 milioi euroko “zuloaz” mintzatu zen Ugarte orduan. Orain, beste datu bat eman du Bilduk: Gipuzkoako errepideak mantentzeko eta “ongi uzteko”, beste 230 milioi euro beharko lirateke. Eta aldundiak ez dauka diru hori.
Egoerari aurre egiteko, urtarrilean bidesarien sistema aldatzeko batzorde txostengile bat jarri zuten martxan Gipuzkoako Batzar Nagusiek; alderdi guztiek eta auzian inplikatuta egon litezkeen eragileek euren ekarpenak egitea zen asmoa, maiatzerako erabaki bat hartzeko. Eztabaida, ordea, ez aurrera eta ez atzera dago, eta alderdien arteko giroa, gero eta gaiztoago; foru gobernuak proposatutako neurriak atzera bota dituzte beste alderdiek orain arte. Aldundiak “eztabaida politikoari beldurra” izatea leporatu die EAJ, PSE-EE eta PPri, egoera horretan duten “ardura onartu beharrean, saboteatzearen hautua” egin dutela argudiatuta.
Bidesarien inguruko eztabaida askoz lehenagotik dator, ordea. Aurreko foru gobernuak Etxegaraten kamioientzako bidesaria jartzea proposatu zuen; oraingo gobernua, printzipioz, aukera horren aurka azaldu izan da, “bidegabea izateaz gain, dirua biltzeko sistemarik egokiena ez zelako”, Ugarteren hitzetan. Horren ordez, Gipuzkoako errepideetan ibiltzeko oinarrizko tarifa edo biñeten alde agertu izan da diputazioa, eta udan AP-8 autobideko prezioak igotzea ere proposatu izan du, turismoak eragindako zirkulazio gorakada “baliatzeko”.
Iragan astean aurkeztu zuen Ugartek aldundiaren “proposamen teoriko” berria: Gipuzkoako errepide nagusi guztiak ordainpekoak izatea. Gaur egun bidesaria daukatenez gain, N-1, A-15 eta Beasain eta Durango (Bizkaia) arteko GI-632 errepideak hartuko lituzke neurri horrek. “Alderdi guztiak ados gaude gauza batean”, esan zuen Ugartek aurreko asteartean, asmoa aurkezterakoan: “Jende guztiak ordaindu egin behar du errepideak erabiltzeagatik”.
Oraingoz, ordea, Batzar Nagusietan atzera bota izan dituzte Bilduren proposamen guztiak. Aldunditik “ponentzia bertan behera uztea” aurpegiratu diete PSE-EE, EAJ eta PPri: “Argi dago ez dutela akordiorik lortu nahi”. Orain, egoera berria “aztertzen” ari da aldundia.
Bien bitartean, eztabaida argitzeko zain daude bidesarien auziak eragiten dien hainbat elkarte eta kolektibo. Horietako batzuek euren ekarpena ere egin dute batzorde txostengilean, eta euren artean ere askotariko iritziak daude.
Hiruk, Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak, aldaketa positiboa ikusi du aurreko foru gobernuaren proposamenetik hona. Estitxu Ugarte bozeramailearen arabera, diputazioak “onartu du errepideak denenak direla”, eta herritar guztiek erabiltzen dituztela, zuzenean edo zeharka: “Urte luzez garraiolariak errudun bilakatzen zituzten politikak alde batera uztea lortu dugu”.
Hala eta guztiz ere, aldundiaren proposamen berriena ere ez da sindikatuaren gustukoa, uste dutelako gipuzkoarrek jada zergen bidez ordaintzen dituztela bertako errepideak. “Errepideen kopagoa ez da formula zuzena, ez eta bidezkoa ere. Ezkerreko ikuspuntu batetik ezin da onartu gidari guztiek berdin ordaindu behar izatea: asko kutsatzen duen autoa erabiltzen duenak, gutxi kutsatzen duen batek bezainbeste; asko irabazten duenak, gutxiago irabazten duenak bezainbeste; autoa dibertitzeko erabiltzen duenak, lanerako erabiltzen duenak bezainbeste…”.
Sindikatua halako irtenbideen aurka dago, kobratzeko modua edozein delarik ere: “Bidesaria, biñeta, ekotasa edo bestelakoa”. Izan ere, ziur daude halako neurrien “biktima zuzenak” garraiolari autonomoak izango direla: “Errepideak gure lanerako ezinbestekoak ditugu, eta Gipuzkoako diputazioak oso ate arriskutsua zabalduko du kopagoa onartuz gero, hortik aurrera beste probintzietan ere erabakiko baitute bidesariak, tasak edo biñetak jartzea”.
Estitxu Ugartek adierazi du “bide bakarra” ikusten duela errepideak finantzatzeko: gastu publikoa. Aurrekontuetatik bideratu beharreko auzia da sindikatuko kideen ustez, eta horretarako politika fiskala moldatzea proposatu dute, gidariei errepideen erabilera zuzenean kobratu ordez: “Gu prest geundeke salbuespenezko neurriak onartzeko zulo honetatik ateratzeko, baina jakinda neurri horiek ezin direla betikotu”.
Herritarren ekarpenak eskatu ordez, aldundiak banketxeetara ere jo behar lukeela defendatzen dute garraiolariek, haiei erantzukizuna eskatzeko: “Herritar xumeoi errepideak finantzatzeko eskatzen zaigun esfortzu berdina eskatu behar zaie errepideen eraikuntza finantzatzearen truke milioi askoko etekin ekonomikoak lortzen dituzten finantza erakundeei”.
Errepideen erabilera kostuek gora egiten badute, garraio publikoarenak ere joera berbera hartuko du. Agitax Gipuzkoako taxilarien elkarteak kezkaz ikusten du bidesariei buruzko eztabaida. “Berez, diputazioaren proposamena ez zaigu gaizki iruditzen; lehen herritar batzuek bidesariak ordaintzen zituzten eta beste batzuek ez, zergak denen artean pagatzen zituzten arren”, adierazi du Emilio Fernandezek, elkarteko presidenteak. Hala ere, neurri horiek sektoreari nola eragingo dioten da zer pentsatua ematen diona: “Zerbitzu publikoa erabiltzea nahi badute, ezin da erabiltzaileentzat garestitu. Gipuzkoako garraiolarientzat neurri malguagoak hartuko omen dituzte; gure kasuan ere hala egin behar luketela uste dugu, taxien erabilera sustatzeko”.
RAC Hego Euskal Herriko Automobil Klubak, berriz, ez du batere pozik hartu bidesari gehiago kobratzeko proposamena. Izan ere, mugikortasun gaiak sarritan bihurtu dituzte dirua falta denerako baliabide erraz, Luis Murgia klubeko mugikortasun aholkulariaren esanetan: “Garraioa eta bere inguruko zergak beti izan dira dirua ateratzeko putzu agortezina”. Murgia ez dago ados errepidea gehien erabiltzen dutenek gehiago ordaintzeko proposamenarekin; izan ere, autoan gehiago ibiltzen direnek erregai gehiago ere erosten dutela azaldu du, eta erregai horrengatik zerga gehiago ere ordaintzen dituztela. Kontua argi dago automobil klubeko aholkulariarentzat: “Gehien erabiltzen duenak gehiago ordaintzeko erlazio hori ez da inon zergetan baino hobeto betetzen”.
Murgia ados dago garraiolarien elkartearekin: ohiko erabiltzaileei gehiago kobratzea ez da irtenbidea. Herrialdeko ekonomia garraioari oso lotuta dagoela, eta horrenbestez, errepideak herritar guztien zerbitzurako erabiltzen direla argudiatu du. Ezer aldatzekotan, bideen arteko desorekak leuntzearen alde agertu da: “N-1 inguruan mugitzen direnak dohain mugitzen dira, eta AP-8 inguruan mugitzen direnek diru mordo bat ordaindu behar dute; hori konpondu behar litzateke”.
Errepide gehiegi
Besterik diote ingurumenaren aldeko eragileek. Eguzki talde ekologistako kide den Garikoitz Plazaolaren hitzetan, oraindik zehaztu gabe dute auzi honekiko iritzia, “informazioa falta” dela argudiatuta. “Historikoki bidesarien aurkako jarrera izan dugu, errepide berriak finantzatzeko erabili izan dituztelako. Hori onartezina iruditzen zitzaigun” azaldu du Plazaolak.
Bidesari gehiago jarrita, autoen zirkulazioa ere murriztu litekeela aipatu izan dute aldunditik. Plazaolaren ustez, eragin handiagoa lukete bestelako neurriek: “Jendea garraio publikoa erabiltzen hasteko ondo etortzen da batzuetan prezioarena, baina esango nuke garraio publikoaren eraginkortasunak oraindik garrantzi gehiago daukala”.
Eztabaida nagusia ekonomikoa da, ordea, eta ez ekologikoa: “Errepideak asko erabiltzen dituen jendea kexu da zergak eta erregaia ordaintzeaz gain bidesariak ere ordaindu behar dituelako. Ulertzen dut, baina beste jarrera ere badago: autoa erabiltzen ez duenak ez du errepidea erabiltzen, eta erabiltzen duenari ordaindu behar al dio?”. Zorrarekin zer egin ez daki, baina argi dauka nondik datorren zuloa: “Hainbeste errepide eta, sarritan, justifikatu gabe egin izanak ekarri gaitu hona”.