Herri gogo zaharberritua ospatuz

Hilaren 30ean beteko dira 25 urte Astigarragak udal izaera berreskuratu zuenetik. Donostiatik bereizteko unea hiriburuarekin batu eta 44 urtera heldu zen. Ia zazpi mendeko historiak eta, batez ere, bere herritarren nahiak eman zioten hasiera herrigintza gauzatzeko epe berriari.

1987. urtean Astigarragak Donostiako auzo izateari utzi zionean, Antton Arka (HB) izan zen Astigarragako lehen alkatea. Hori baino lehenago, Donostiako udalbatzarreko zinegotzi izan zen, eta Herri Batasunaren izenean administrazio autonomia eskuratzeko egitura baten eskaera egin zuen. Garai hartan, Ramon Labaien (EAJ) zen Donostiako alkatea. Hark ere ongi ikusten zuen desanexioa, baina Astigarragaren bideragarritasun sozioekonomikoaren azterketa bat eskatu zuen.

Astigarragak erreferendum bidez onartu zuen Donostiatik bereizi eta herria sortzea. Parte hartzea hauteskunde erroldaren %65ekoa izan zen; horietatik %92k desanexioaren alde bozkatu zuten. “Galdu ez duzun hori, zure nortasuna, ofizialki berreskuratuko duzula ikustean, poz handia sentitzen da”, azaldu du Arkak. Izan ere, herritarrek hiriburuak ematen ez zizkien zerbitzuak nahi zituzten, baina baita euren herri izaera mantentzea ere.

Lehen agintaldi hartan aldaketak sumatu zirela dio Arkak. “Guztion itxaropena zen herria lehenbailehen indarrean jartzea; zerbitzurik ez zen hasieran, eta herriak eskertu zuen zerbitzu asko izatea lortzea”.

Hala ere, Arkak 25 urte hauetako ibilbidean argi-ilunak ikusten ditu. Urbanizazio prozesuaren norabidearekin kritikoa da, esaterako. “Hurrengo agintaldietan herriaren izaera galtzen joan zen. Egindako eraikuntzen ondorioz, Astigarragara 1.000 pertsona etorri ziren bizitzera, eta herri mugimenduen pisua murrizten joan zen”.

Bestalde, azken hamarkadetan Gipuzkoan egin diren azpiegiturek ere asko baldintzatu dute herriaren garapena. Arkaren arabera, orduko agintariek ez zuten jakin izan “goitik”, alegia, Gipuzkoako Foru Aldunditik, Eusko Jaurlaritzatik edo Espainiako Gobernutik etorritako azpiegituren aurka egiten. “Hor daude, esaterako, Urumeako autobidea eta abiadura handiko trenaren ibilbidea. Astigarraga gaixoa azpiegituraz gainezka dago”.

Egungo Astigarragak 5.000 biztanle ditu erroldan, eta horrek, Arkaren aburuz, itxaropentsu izateko arrazoiak ekarri ditu. “Kopuru horrek Gipuzkoako Foru Aldundian beste tratamendu bat bermatzen du, diru laguntzen aldetik eta abar. Bestalde, oraingo udal agintariek herritarren parte hartzeari ateak ireki dizkiote. Horren adibide da urteurrenean herriko taldeak garela antolaketa lanen protagonista”.

630 urteko historia

“Astigarraga herriaren idatzizko lehen aipamena 1382. urtekoa da”. Lourdes Odriozolaren hitzak dira. Historialaria da Odriozola, eta urteurrenaren karietara hitzaldia eskainiko du datorren ostegunean. Herritarren hamazazpi ordezkarik eta Murgiako jaurerriaren buru Navarra Martinez de Oinazek sinatutako hitzarmenean dago lehen aipamen hori. Dokumentu horren arabera, astigarragatarrek ordainketa oso handia eta hainbat lan egin behar zituzten Murgiaren lurraldean eta Ergobian (Astigarragako auzoa da egun Ergobia) askatasunez ibili ahal izateko eta Ergobiako portuan ordaindu gabe salgaiak garraiatu ahal izateko.

Garai hartan, XIV. mendean, Astigarraga Santiagomendi auzora mugatzen zen. Eta horregatik izan zuen berebiziko garrantzia aipaturiko hitzarmenak. Odriozolaren arabera, horrek eman zion garapenerako bidea Astigarragari. Izan ere, sagarraren eta sagardoaren beharra areagotu egin zen XVI. mendean Ternuarako eta Ameriketarako bidaiak gehitzearekin. “Merkata- ritzaren eta ontzigintzaren aroa zen, eta, une horretan, euskaldunak ginen aitzindari mundu osoan. Eta bidaia luzeetan sagardoa elikagai gisa eta botika gisa erabiltzen zen, ez gaixotzeko”. Hala, Astigarraga sagardoaren herria izanik, horrek ekarri zuen herriaren garapena.

Aiztondoko Alkatetzaren parte zen Astigarraga, baina 1660. urtean bertatik irtetea erabaki zuten herritarrek. Erregeari herria osatzeko eskubidea erosi zioten. “Dirutza eskatu zien erregeak; herria izateko herritarrek beren ondasunak berme gisa jarri zituzten 1660an”, azaldu du Odriozolak.

1840an, Astigarraga hedatu egin zen. Ordura arte Santiagomendik bakarrik osatzen zuen herria, baina, Odriozolak zehaztu duenez, “urte horretan, Murgiako jurisdikzioa eta Ergobia auzoa ez ziren markesarenak, eta, horrenbestez, herrira bildu ziren; hori izan zen gaur egun Astigarraga gisa ezagutzen denaren jatorria”.

1943an, Donostiak Astigarraga bere barnean hartu zuen garaian, herriko jendea, oro har, ez zegoen ados. Garai horretako Murgiako markesa bera ere aurka azal- du zen. “Jendeari denborak arrazoia eman dio, esaten baitzuten anexioarekin ezer ez zutela irabaziko”, ekarri du gogora Odriozolak.

Bateratzeko unean izenpetutako hitzarmena ez betetzeak eta mendeetako historiak desanexio eskaera herritarren artean zabaltzea ahalbidetu zuten. Orain, herriaren independentzia lortu eta 25 urtera, Astigarragaren etorkizunean eragiteko “herritarren gogoa eta ilusioa” ikusten ditu, berriro, Arkak.