Araudiaren mugak lausotuta daude

Marihuana kontsumitzaileak biltzen dituzten elkarteak eta banakako kontsumitzaileen jarduerak erregulatzeko araudi zehatz baten beharra berehalakoa dela salatu du azken urteetan Eusfac Kalamuaren Euskal Federazioak. Borroka horretan dihardute 1977tik, alegia, duela hiru hamarkada baino gehiagotik. Ordurako hainbat kanpaina eginda zituzten, baina urte hauetan egindako lanaren emaitzak orain egun batzuk iritsi zaizkie. Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza bat Donostiako Ganjazz elkartea bisitatzen izan da, marihuana kontsumitzaileak hartzen dituzten elkarte horietan egiten dutena ezagutu, eta gaur egun duten ezegonkortasun juridikoa pixkanaka zehazteko asmoz. Gaiaz eztabaidatzeko taldea ere sortu dute.

Eusfac-en, oraingoz, Gipuzkoako zazpi elkarte daude federatuta. Elkarteen erregistroan izena emanda dute, eta haien jarduera zein den zehaztuta: kalamua modu kolektiboan landatzea. Klub horiek marihuana kontsumitzaileek osatzen dituzte, irabazi asmorik ez dute, eta ekoizten duten kalamua elkarteko bazkideen artean banatzen dute, berehala kontsumitzeko adinako kantitateetan. Elkarte horien jarduera, ordea, ez dago erregulatuta, ez eta zenbat landare izan ditzaketen ere. Horregatik, “segurtasuna eta gardentasuna ziurtatzeko” ezinbestekotzat jotzen dute erakunde publikoek araudi bat sortzea eta mugak zehaztea.

Martin Barriuso KEF Kalamu Elkarteen Federazioko lehendakariak azaldu duenez, “edozein droga kontsumo zigorgabetuta dago 1974tik; hau da, kontsumitzaile izatea ez da delitua”. Marihuana landarea, ordea, “ez da legezkoa, eta ezin da landatu”. Elkarteek duten izaera pribatuak, baina, “nolabaiteko babesa” ematen die.

Europako herrialde batzuetan zehaztuta dago pertsonako zenbat landare landatu daitekeen, baina Hego Euskal Herrian ez. Zenbat landatu daitekeen zehaztea falta denez, “legeari dagokionez hutsune bat sortzen da, eta elkarteak legezkoak izan arren, beraien aktibitatea ez dago behar bezala araututa”.

“Legebiltzarrak aho batez onartu du pertsona heldu batzuen eskubideak urratzen ari direla”, dio Barriusok, eta, hori amaitzeko, elkarteak eta Eusko Legebiltzarra elkarrekin ari dira lanean. Barriusoren arabera, “etxea teilatutik” eraikitzen hasi dira, “oraingoz elkarteen izaera bakarrik erregulatuko delako, eta Legebiltzarrak ez duelako banakoen alorrean jarduteko eskumenik”. Prozesua “modu egokian” gauzatzeko, banakoen legezko kontsumoa zenbatekoak izan beharko lukeen zehaztu beharko litzateke aurrena, Barriusoren ustez, eta, ondoren, kopuru hori elkarteko bazkide kopuruarekin biderkatu.

Ignacio Muñagorri EHUko Zigor Zuzenbideko katedraduna da, eta irakaslea Donostiako fakultatean. Hark azaldu duenez, “autokontsumoa ez da delitua, kontsumitu behar den hori trafikorako erabiliko ez bada”; baina autokontsumoa zertara mugatzen den ere ez dago legez zehaztuta.

Zigor Zuzenbideak emandako hainbat sententziatan zehazten denez, autokontsumoa “bost egunerako adina” da bakarrik, “baina kontsumo hori ezberdina da banako bakoitzean, eta zehaztapen horrek ez du balio”. Hala, azken urteetan, kontsumo hainbat motazehazteko hainbat kontzeptu garatu dituztela azaldu du Muñagorrik.

2003. urtetik, kontsumo partekatua kontzeptua garatuz joan dira, kontsumitzaileen eskubideak bermatze aldera. Mendekoak diren kontsumitzaileak hartzen ditu bere barruan kontzeptu horrek; kasu horietan, kontsumoa legearen barruan egingo litzateke leku itxi eta pribatu batean egingo balitz, kantitate txikitan eta beste pertsona bati eragin gabe. 2005ean asteburuko kontsumitzailea zer den definitu zuten, talde eta kantitate txikietan egiten den kontsumoa izendatzeko. Bi kasuetan ez da zehazten kantitateak zenbatekoa izan behar duen gehienez legezkoa izateko.

Bi kontsumo mota horiek onartuta daude, betiere trafikorako ez baldin badira. Banakoaren kontsumorako elkartzea ez da delitua, Muñagorriren arabera, “kontsumitzen dutena produzitzen dutelako, eta bazkideak direlako kontsumitzaile bakarrak”. Muñagorrik azaldu duenez, “lege guztiak zerbait babesteko egiten dira; kasu honetan, osasun publikoa”. Kontzeptu hori, ordea, “oso zabala eta zehazten zaila da”.

Lau puntuko arautegia

Legeen zehaztapen falta horrek sortu du azken egunetan kalamu elkarteen inguruan izaten ari den eztabaida, eta, Muñagorriren ustez, “ez da amaituko erregulazio zehatz bat egiten den arte”. Zigor ikuspegitik arautegi bat zehaztea posible ikusten du. Administrazioak, baina, ez du horren argi: “Segurtasun publikora jotzen du administrazioak, eta kalean kontsumitzea edo autokontsumorako substantziak soinean izatea, zigortuta dago”. Izan ere, “oso zaila da zehaztea segurtasun publikoa zer den, eta administrazioak hor aurkitu du autokontsumoa zigortzeko bidea”.

Banakako kontsumitzaileen eta elkarteetako kideen eskubideak defendatzeko asmoz, eta erregulazio falta amaitzeko, Eusfac-ek lau puntuko arautegia eratzea proposatzen du. Adinez nagusia den edozein pertsonak kalamua edo beste edozein substantzia libreki kontsumitzeko duen eskubidea aitortzea eta errespetatzea eskatzen du, eta autokontsumoa eta produkzioa—modu pribatuan edo publikoan— legezkoak izatea, inolako baimenik behar izan gabe.

Trafikoa galarazteko arauak zehaztea ere eskatzen dute, baina kontsumitzaileek euren artean banatzeko aukera izatea aldarrikatzen dute, “betiere, tratu ekonomikorik ez badago tartean”. Beraz, elkarte bereko bazkideen artean eta osasun arazoak dituzten gaixoen artean banaketa legezkoa izatea.

Barriusok honela azaldu du euren eskaera zertara mugatzen den: “Guk, irabazi asmorik gabeko elkarte sare bat nahi dugu, kontsumitzaileek kudeatutakoa, demokratikoa, gardena, juridikoki fiskalizatua eta merkatu beltzera jotzea galarazten duena”.