Baso Kontseilua sortuko du foru aldundiak, kontsultarako organo gisa

Gipuzkoako Baso Kontseilua sortzeko erabakia hartu du aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen kontseiluak. Mendi publiko zein pribatuen ustiapen eta erabilera antolatzeko eta arautzeko aholkularitza eta kontsultarako organoa izango da, eta bertan, aldundiko ordezkariez gain, sektorearekin zerikusia duten hainbat taldek ere hartuko dute parte, hiru batzordetan banatuta. Administrazioari dagokion taldean aldundiko hiru ordezkari eta udaletako bi ordezkari egongo dira; sektorearen taldean, industriako, baso elkarteetako eta EHNE eta ENBA nekazari sindikatuetako ordezkariak; hirugarren taldea, berriz, diziplina anitzekoa izango da, eta bertan, besteak beste, mendi eta baso ingeniariek, biologoek eta ekologistek hartuko dute parte.

Lantaldearen eginbehar nagusiak ere aurreikusi dituzte. Besteren artean, basoen plangintzarako tresnak nola garatzen eta betetzen ari diren jakitea, Gipuzkoa- ko mendien antolamenduari eta zaintzari loturiko jarduerak proposatzea eta gainerako erakundeen erabakien berri izatea daude betebehar horien artean.

Aldundiak jakinarazi duenez, izatez, 2006an onartutako Gipuzkoako Mendien Foru Arauak proposatzen zuen kontseilu hori sortzea, “baina oraindik eman gabeko pausoa zen”. Kontseilua gutxienez urtean behin elkartuko dela ere esan du. Hala ere, barneko batzordeak ere sortuko direla iragarri du, “sortuko diren gai jakin batzuk aztertu eta ikertzeko”.