Hamasei urteko inurri lana

Hasiera haietan egon ziren emakumeetako batzuek esan izan dute jakinez gero zer-nolakoak gertatuko ziren ez ziotela ekingo, inondik ere, abiatutako bideari”. Josema Alberdiren hitzak dira; Irungo alarde parekidearen ordezkaritza osatzen duen Alardezaleak elkarteko presidentea da bera. Hamasei urte igaro dira hasiera haietatik; alegia, emakumeak kantinerarena ez den postu batean desfilatzen saiatu ziren lehendabiziko alditik. Alarde moduan duela hamalau urte desfilatu zuten aurrenekoz, eta bihar, San Martzial egunez, berriz abiatuko dira Urdanibia plazatik. Gauzak asko aldatu dira hastapenetatik; asko, eta ezer ere ez.

Hamasei urte igaro eta gero emakumeek herriko festetan parte har dezakete, gizonen eskubide berekin, nolabait. Baina bi alarde daude, eta emakume soldaduen desfilea galarazten duena da oraindik nagusia. Parekidea da publikoa, EAEko Auzitegi Nagusiaren aginduz, baina ez du udalaren babesik; alarde tradizionalarekin daude Bildu eta Ezker Batua salbu, gainontzeko alderdi guztiak, baita Jose Antonio Santano alkate sozialista ere. Egia da ez direla ikusten hasierako urteetako liskarrak, baina egia da jarrera batzuk bere horretan mantendu direla, eta zenbaitek gogor kolpatzen jarraitzen dutela desfile mistoa, ekainaren 30a hurreratu ahala.

Alberdiren ustez, gertatutakoa “erabat neurriz kanpokoa” izan da. Areago, egun udalean dagoen ordezkaritzak eta alarde tradizionaleko Agintarien Batzordearen osaketak konponbidea “ezinezkoa” egiten duela deritzo.

Une gogorrenak hasierako urteetakoak izan baziren ere, ordukoak dira egoerari irtenbidea bilatzeko egindako ahalegin handienak ere. Batetik, bi aldeak mahai berean eseri zirelako, Alberto Buen alkateak deituta. Bilera hark ez zuen emaitzarik utzi, baina 1996ko hura izan da elkar ulertzeko egondako saiakera bakarra. Eta bestetik, 1997ko alardearen bezperan Agintarien Batzordeko gehiengoak —hamalau boz alde eta hamaika kontra— onartu egin zuelako, udaletxean egindako bileran, konpainia misto batek alardean parte hartzeko aukera. Bozketa galdu zutenek, hala ere, aldatu egin zuten desfilearen ibilbidea, eta konpainia parekidea Urdanibia plazan geratu zen, alardean parte hartu ezinda. Ordutik, berrituz joan dira alarde tradizionaleko agintariak, eta berriek sekula baino gogorrago eutsi diote bereari. “Ez dute sekula onartuko gurekin esertzea”, dio Alberdik.

Gatazkaren bigarren urtean EAEko Auzitegi Nagusiak hala ebatzi zuenetik, udalak antolatzen du alarde parekidea —pribatua da orduz geroztik alarde tradizionala—. Baina udalak ez du desfile mistoa babesten eta, horren adibidea da, esate baterako, jai egitarau ofizialean ez agertzea. Alberdiren arabera, “hipokrita” da gaur egungo diskurtso politikoa. “Orain aste gutxi mozio bat atera zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ, PSE-EE eta PPk, bi alardeekiko errespetua agertuz. Baina hiru alderdi horietako ordezkariak ez dira egoten Irungo udaletxeko balkoian gure konpainiak iristen diren uneetan. Errespetua agertu nahi baduzu presentzia eta jokaera berdina erakutsi behar dituzu, eta hori ez da gertatzen”.

Hiritik kanpo jaso du alarde parekideak udalaren gehiengoak ukatzen dion babesa. Mende honen hasieratik Emakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dute desfilea. “Ibarretxe lehendakaria asko inplikatu zen, baita Txaro Arteaga ere”, dio Txaro Arribasek, lehen urtetik lerro mistoetan desfilatu duen emakumeak. Arribasek ondo gogoan du hasieratik izan zutela Emakunderen babesa. “Lehen urte haietan EAJk eta EAk finantzatu gintuzten, Jaurlaritzatik eta Aldunditik”, gehitu du. Hala izan zen EAJ eta Eusko Alkartasuna erakunde horietan zeudenean, eta hala jarraitu du izaten aginte makilak eskuz aldatu eta gero ere. Aurtengo apirilean Emakunderen Berdintasun Saria jaso dute Irungo alarde parekideak eta Hondarribiko Jaizkibel konpainiak —Hondarribian alarde bakarra dago, eta konpainia mistoak ezin du bertan parte hartu—, eta Arribas bera izan zen irundarren izenean Donostiako Kursaal jauregian saria jasotzen. Bere diskurtsoan ibilbide garratzaren errepasoa egin zuen: “Hasieratik bagenekien gaia delikatua zela, baina ez nuen uste hainbeste denbora beharko zenik”.

Urtero jendetsuagoa

2009an beste koska bat igo zuen emakumeak soldadu bezala onartzen dituen desfileak. Urte hartan, Ainhoa Ruiz Arbulo izendatu zuten alardeko jeneral. Emakume batek hartzen zuen, lehen aldiz, alardeko kargu gorena. Komandantea izan zen lehenago, eta hori baino lehen txilibituarekin desfilatzen zuen. Duela lau urte Ruiz Arbulo zaldiarekin San Juan plazan agertu zenean, begi guztiak zituen berari begira, aldekoenak, eta baita kontrakoenak ere. “Ardura hori nabaritzen dut oraindik, baina beste modu batera. Egia da begira dauzkadala sentitzen dudala, baina jendearen bultzada ere sentitzen dut”. Behin zaldi gainean igotzen denean, alarde parekideko partaide eta zaleak ditu gogoan batez ere, baina baita besteak ere, eta denengatik saiatzen da lana “txukun” egiten. “Garrantzitsua da haiek ere kontuan izatea, ea pentsatzeko modua aldatu eta guregana etortzen diren, gurekin desfilatzen hasten diren”.

Alberdirentzat ere garrantzitsua da desfilea “txukun” egitea. “Gauza bat da gure alardea integratzailea izatea, arau demokratikoagoak ezartzea, baina horrek ez du esan nahi desfilea behar bezala egin behar ez denik. Alardearen egitura zaindu eta desfilea txukun egin behar da, gizarteak gu errespetatzea nahi badugu”. Aldaketa batzuk nabaritu dira, hala ere. Urtetik urtera, geroz eta gehiago dira eskopetaren ordez musika tresnak aukeratzen dituzten partaideak. Baina hori normala dela uste dute bai Alberdik, baita Arribasek ere. “Alardean hasten diren gazteak antimilitaristak dira, ez dute eskopeta bat hartuko”. Baina hori alarde tradizionalean ere gertatzen den fenomenoa dela diote.

Jendetsuagoa urtetik urtera

Aurten laugarren urtea egingo du Ruiz Arbulok zaldi gainean, eta oinez zihoanetik gauzak aldatu direla sumatu du: “Urtez urte hazten goaz, poliki-poliki baina etengabe. Hamar partaide berri sartzen direla, ba hamar gehiago gara. Poliki-poliki goaz, baina gero eta gehiago gara, eta hori etorkizunerako positiboa da, etorkizunean alarde parekidea bakarra izango delako”.

Ama Xantalen konpainian, esaterako, dozenaka dira entseguetan parte hartu duten gazteak. Maialen Beltran horietako bat da; emakumearen parte hartzearen aldeko borrokak bezala, 16 urte ditu berak, eta lehen aldiz desfilatuko du, txilibitua joaz. Bere aitak konpainiako kapitain kargua utziko duen urtean hasiko du bere ibilbidea. “Aitarekin batera desfilatzeko gogoa nuen, baita festa barrutik ezagutzeko ere”. Kanpotik ikustea zer den badaki, baina desfilatzeko irrikaz zegoen.

Arantza Ugartek ere estreinako desfilea izango du biharkoa, Anaka auzoko konpainiarekin; dagoeneko hirutan entseatu du haiekin, eta uste baino giro hobea aurkitu duela dio: “Niretzat ezustekoa izan da. Lehen egunean urduri joan nintzen, baina gero oso polita iruditu zitzaidan. Nahiko giro ona aurkitu genuen kalean, nik pentsatzen nuen baino hobea. Hiru egunetan atera gara, eta lehen egunean baziren neska gazte batzuk bizkarra ematen. Baina, bestela, aurpegi txarrik ez. Ikusteko dago alarde egunean Kale Nagusia nola egongo den”.

Beltranek ez bezala, alarde parekidearen une gogorrenak pasatu behar izan ditu Ugartek. Lehen desfilea egin zenean, 1996an, orduan parte hartu nahi izan zuen, baina aurten eman du urratsa; orain arte, kanpotik jarraitu du festa:”Hasierako urteetan balio handia behar zen alardean parte hartzeko. Kanpoan egiten nuen lana, eta etxean egoera zaila nuen gurasoekin… baina aurten dena dut alde: larunbata da, gurasoen istorioa pixka bat lasaiago dago eta senarra ere animatu da”. Ugartek 47 urte ditu.

Gero eta gehiago dira beldurra galdu eta urtero desfilatzen hasten diren emakume eta gizon irundarrak. “Badira lehen aldiz aterako diren 60 urtetik gorako emakumeak, eta zergatik egiten duten galdetzean koherentziagatik egiten dutela erantzun digutenak”, nabarmendu du Alberdik. Bere ustez, gizartea ari da aldatzen eta irundarren gehiengoak begi onez ikusten du gizon eta emakumez osaturiko alarde publiko bakarra, baina “tradizionaleko agintariak inoiz baino lerratuago egonik”, konponbidea urruti ikusten du. “Alderdien esku dago hau konpontzea, eta ez dira ezer egiten ari horretarako”, gehitu du.