JAUZI ETA BIRA, BERTSOEN ERRITMOAN

Errimak oinetan ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, igandean, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, 18:30etik aurrera. Duela hilabete eskas estreinatu zen; bertso saio batek entzuleei bertsoekin sentiarazten diena sentiarazteko asmoz jaiotako ikuskizuna da Errimak oinetan, baina, bertsolarien ordez, dantzariak aritzen dira. Bertso saio baten egitura formala hartuta, Aiert Beobidek eta Unai Elizasuk zuzentzen dute ikuskizuna, eta Haatik dantza konpainiak taularatzen du. Sarrerak sei euro balio du. www.sanagustinkulturgunea.net webgunean zein kulturguneko tabernan eskuratu daitezke.