Metroa Donostia erdigunera iristeko tramiteak, abian

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak aste honetan hasi ditu Donostialdeko metroa hiriburuaren erdigunera iritsi ahal izateko tramiteak. Izan ere, Lugaritz eta Kontxa lotuko dituen zatiaren lanen eskaintzari ekin dio. Lan horiek 53 milioi euroko aurrekontua izango dute, eta udazkenean hastea espero du Jaurlaritzak. 39 hilabeteko iraupena izango dute, orotara. Garraio Sailaren arabera, tramite horiei ekitearekin, “Donostialdeko Metroari beste bultzada bat” eman zaio. Izan ere, lan horiek hastearekin proiektu osoaren %25 “abian” egongo da.

Metroak Donostiako erdigunean lau geltoki izango dituela ere jakinarazi du Jaurlaritzako Garraio Sailak: Benta Berrin, Matia-Antiguan, Kontxan eta Eason. Jaurlaritzaren arabera, urtean 33 milioi erabiltzaile izango ditu Donostialdeko Metroak. Hala, gaur egun Zarautz eta Irun artean Euskotren sarea erabiltzen dutenen kopurua “laukoiztu” egingo dela nabarmendu du.

Aldundia ez dago ados

Gipuzkoako Foru Aldundia bere aldetik, berriz ere, Donostiako erdigunea zeharkatzen duen zatiaren proiektuaren aurka azaldu da. Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak adierazi duenez, aldundia Euskotrenen sarea bikoiztearen aldekoa da —orain arte Lasarte-Errekalde, Errekalde-Añorga, Fanderia eta Oiartzun zatiak bikoiztu dira—, baina “oso kritikoa da” Donostia erdiguneko zatiarekin. Adierazi duenez, uneotan “asko erreparatu behar zaie lehentasunei”, eta, diputazioaren arabera, erdiguneko metroa ez da lehentasun horietako bat.