Ondarreta pasealekuko aparkalekua itxi egingo dute abendua baino lehen

Donostiako Udalak baieztatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Ondarreta pasealekuko parkingaren orubea aurten berreskuratuko duela. Hori de- la eta, 241 automobilentzako tokia duen aparkaleku hori itxi egingo dute datozen hilabeteetan. Horrek sortutako arazoak leuntzeko asmotan, gobernu taldeak Igarako aparkalekuaren erregulazioa kentzeko proposamena eramango du uztaileko udalbatzarrera.

Ondarreta pasealekuko aparkalekuak TAO tarifa merkea dauka. Inguruko kaleetan automobila hiru orduz utz daiteke gehienez ere, orotara 3 euro ordainduta; atari zabaleko parking horretan, berriz, 3,80 eurotan bederatzi orduz aparka daiteke. Hori dela eta, Donostiara hondartzara edo lan egitera etorri ohi diren pertsona askok erabiltzen dute. Baita alboan dauden EHUren hiru fakultateetan ikasten duten ikasleek ere.

Jon Albizu Mugikortasun zinegotziaren aholkulari Xabier Vazquezek baieztatu duenez, “datozen hilabeteetan” itxiko dute aparkalekua; egun zehatzik eman ez duten arren, hondartza sasoia bukatu ondoren utziko dio orubeak parkinga izateari. Donostiako Gobernuak 2006. urtean hartu zuen, utzita, Ondarreta pasealekuko orubea; 440.733 euro erabili zituen aparkalekua berritu eta atontzeko.

Aparkalekua ixteak epe luzeko aparkatzeko tokien murriztea ekarriko du Donostiako inguru horretara. Horrelako ezaugarriak dituen eta gertuen dagoen parkinga Igarako industrialdearen sarreran dago. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Hitza-ri adierazitakoaren arabera, udal gobernu taldeak parking horretatik OTA kentzea proposatuko dio udalbatzarrari.

Momentuz, inguruetako bizilagunek kezka handirik ez dute agertu aparkalekuaren itxiera dela eta, oro har ez baitago arazorik automobila uzteko tokia aurkitzeko. Inguruko taberna batean lan egiten du Iñigo Aierbek, eta, hark dioenez, “arazoa inguruko herrietatik datozenek izango dute; horiek egun osoan utz zezaketen automobila hemen, lanean ari ziren bitartean”.

Astelehen arratsaldean, Garikoitz Ibarbia irurarrak bertan aparkatu zuen automobila, Ondarretako hondartzara joateko. Parkingaren itxieraz galdetuta, adierazi zuen ez zuela horren berririk eta “pena handia” hartu zuela. “Asko erabiltzen dut: udan, hondartzara joateko, eta neguan, kirola egitera etortzen naizelako. Igeriketan ibiltzen naiz eta maiz etortzen naiz”. Bestalde, ibilgailua uzteko tankerako tokien falta nabarituko duela dio. “Merkea da eta, honen faltan, toki gutxi izango da automobila merke uzteko. Nik ezagutzen dut Antiguan barrena gune bat, baina hori, batez ere, han bizi direnentzat pentsatuta dago”.

EHUren eskubidea

EHUko arduradunek gai honen inguruan ez dute adierazpenik egin nahi izan, baina otsailean esan zuten orubea berreskura-tzeko asmoa zutela, bertan campusaren osagarri izango den eraikin berri bat altxatzeko 2012. urtean.

Eremuaren jabea unibertsitatea da, eta erabilera eskubidea Donostiako Udalari utzia zion bien arteko akordio baten bidez. Gauza bera gertatzen da Igarako sarreran dagoen aparkalekuarekin eta karabanentzat egokitutako Berioko aparkalekuarekin; hirurak, EHUren Ibaetako campusaren inguruan. 2008tik, akordioa sinatu zutenetik, hiriko gobernuak urtero 15.000 euro eman dizkio EHUri, lur eremuen erabilera ordaintzeko. Erakundeen arteko itunak, baina, orubeak erabiltzeko eskubidea berreskuratzeko aukera ematen zion EHUri, horretarako beharra zuen momentuan bertan.

Hasieran hiru parkingak doakoak izan ziren, baina TAO sistemaren zabaltzearekin ordainpekoak izatea erabaki zuten.

Xabier Vazquez mugikortasunerako aholkulariak azaldu duenez, “udalak penaz hartu du unibertsitatearen erabakia”. Baina normal-normal hartu beharrekoa dela ere adierazi du.