Parke naturala ezagutuz

Aratz-Aizkorri Eguna

Zegama

Aratz-Aizkorri Parke Naturalaren Eguna ospatuko dute, bihar eta etzi, Zegaman eta inguruko parajeetan. Parke Natural hori ezagutarazteko eta toki hark gordetzen duen natura eta kultura ondarea jendeari gerturatzeko helburuarekin antolatu du Zegamako Udalak egitaraua.

Bihar, 18:00etan, Aizkorriko Ataria Interpretazio Zentroan bi ekitaldi nagusi izango dira. Batetik, Vicente Guinearen Animaborlak argazki erakusketaren irekiera ekitaldia izango da. Eta bestetik, Zegamako Tobera Musika Eskolako txalaparta jotzaileek girotuta, gazta pintxo eta edarien dastatzea izango da.

Iganderako ere, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte. 06:00etan, Zegamako plazatik abiatuta, Zegama-Aizkorri-Zegama mendi irteera egingo dute. 09:30ean, beste mendi irteera bati ekingo diote: San Adrian-Aizkorri-San Adrian izango da ibilaldi hori. Aldaolako aparkalekutik irtengo dira, eta Zegamako Turismo bulegoko kideek gidatuko dute ibilbidea. 09:30ean eta 11:30ean San Adrian koba, gure historiako giltzarri, natura-paradisu ibilaldi gidatua egingo dute, hori ere, Aldaolako aparkalekutik abiatuta. 10:00etatik 13:00etara, bestalde, Xilotekaren irekiera izango da, eta bertako egurrak ukitzeko eta gertutik ezagutzeko aukera ere izango da, Imanol Artolaren eskutik, Aizkorriko Ataria Interpretazio Zentroan. 13:00etatik 15:00ak bitartean, Eusko Label hegaluzearen eta sagardo dastatzea egingo dituzte, horiek Zegamako plazan.

Arratsaldean, berriz, 16:30etik 18:30era haurrentzat tailerrak izango dira interpretazio zentroan. 19:00etan, txokolate jana eta buruhandiak, herriko plazan.

Horrez gain, bihar (egun osoz) eta etzi (11:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara), doakoa izango da Aizkorriko Ataria Interpretazio Zentrorako sarrera.