“Sexu praktikak ez dira zerbait intimoa; zentzu politikoa dute”

Sexualitatea ez da etxeko kontua; gizarte kapitalistaren neurrira eta haren mesedetan sortutako produktu bat da. Sexualitate eredu hegemonikoak gizarte horren oinarrian dauden desberdintasunak iraunarazten ditu, eta bestelako aukerak bazterrean laga; irakurketa horretatik abiatuta ospatu dute aurten ekainaren 28a, sexu askatasunaren aldeko eguna. LGTB kolektiboek atzo egin zuten manifestazioa, Donostian; bertan izan ziren, besteak beste, Gehitu, Magala eta Errespetuz elkarteak, baita TransMarikaBollo koordinakundea ere.

Azken hori Bilgune Feministak, EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak, Garaipen-ek eta Medeak-ek osatzen dute. Bertako kide dira Nora Alejos (Donostia, 1983) eta Ana Txurruka (Ordizia, 1979). Aurten, sexu aukeraren izaera politikoa nabarmendu nahi izan dute; sexualitate hegemonikotik kanpoko “zirrikituak” bilatu eta eredu berriak sortzeko deia egin dute.

“Heterokapitalismoaren aurka” irten zineten atzo kalera. Zergatik aukeratu duzue gai hori?

Ana txurruka. Krisiaren irakurketa feminista bat egin nahi genuen, TransMarikaBollo ikuspegitik. Guretzat, krisi honen zutabe nagusi bat heteronorma edo heterosexismoa da; kapitalismoa mantentzeko, hori behar du oinarrian. Krisiaz eta kapitalismoaz hitz egiten denean, langileak aipatzen dira, eta emakumeak, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun TransMarikaBollo ikuspegi hori ere sartzea.

nora alejos. Martxoaren 8an egin genuen irakurketa izan zen eraldaketa feminista izango dela ezinbestean, bestela desberdintasunek hor jarraituko dutelako eta ez direlako hainbat ahots kontuan hartuko. Orain, ekainaren 28an, horrez gainera, heterokapitalismoa ikusarazi nahi dugu, banaketa horiek egiten dituelako eta harreman ereduak hierarkizatzen dituelako. Ez da gauza bera zu sistema horretara moldatzen bazara edo ez.

Zein lotura dago sexu aukeraren eta eredu ekonomikoaren artean?

a.t. Gaur egungo gizartea etekin materialetan oinarritzen da, eta ez bizitzan. Sexu banaketa argia egiten du, eta emakumeoi balio gutxiagoko lanak egokitzen zaizkigu. Krisiaren ondorioz, gainera, sektore horiek gehiago ari dira feminizatzen. Sistema hau genero-sexu egitura horretan oinarritzen da: bi genero behar ditu, eta sexuaren araberako lan banaketa bat. Eta hori heterosexualitatearen barruan ulertzen da.

Hala ere, sexu aukera hautu pertsonal gisa ikusten da. Zuek jarrera politiko gisa aldarrikatzen duzue.

n.a. Praktikak berak ez dauka garrantzirik; hori norberaren askatasuna da. Hemen badirudi badagoela normala den zerbait eta hori errespetatu behar dela; guk ikusarazi nahi duguna da ez dagoela ez normarik eta ez normalik, sistemak behar duen zerbait dela eta horregatik sustatzen dela. Praktikan lesbiana zaren edo ez ez du axola; subjektu gisa lesbiana zarela esaten eta aldarrikatzen baduzu, esan nahi duzu sistema honekin guztiarekin apurtu nahi duzula, sistema zapaltzaile bat delako, kategoriak sortzen dituelako eta bazterketak egiten dituelako.

a.t. Guk sexualitatea ez dugu ulertzen zerbait naturala balitz bezala; guretzat, sexualitatea, generoa bezala, eraikuntza sozial bat da. Hori, sistema oso konkretu batean eta heterosexualitatearen gainean eraikita: gizon eta emakume. Guretzat, horregatik du zentzu politikoa: horri aurre egiten diogu, sexualitatearen eraikuntza sozial horri.

Ez zaizue iruditzen sistema horrek LGTB mugimendua bere moldeetara egokitu nahi duela?

N.A. Kapitalismoa, bere beharren arabera, modernizatu egiten da, mantendu ahal izateko. Heterokapitalismoak ez ditu jendearen beharrak asetzen; orduan, kapitalismoak eskaera horiek barneratu egiten ditu. Zenbait LGTB mugimenduk heterosexualen eskubide berak aldarrikatzen dituzte, eta beste batzuek esaten dute hori ez dela bidea. Adibidez, ezkontza eskubidea. Alde batetik, aurrerapausoa da, baina, bestetik, ezkontzak zera esan nahi du: sistema onartzen duzula, pribilejio batzuk onartzeko prest zaudela, baina zure harremanak ez direla askeak.

A.t. Gaur egun, politikoki zuzena da pentsatzea gay eta lesbianok eskubide berak ditugula, baina hori ere tranpa moduko bat da: normatiboa den horretan sartzen garen neurrian onartzen gaituzte, eta ez bagara sartzen, ez. Euro arrosa esaten diogu: sexualitate desberdinak onartzen dira gizarterako onak diren neurrian, atera dakiekeen etekinaren arabera.

Queertasunak, eredu hegemoniko horretatik irteteak, beti du zerbait erresistentziatik, hortaz.

a.t. Queer dei diezaiokegu, edo transfeminismoa; guretzat mugimendu horrek daukan alde positiboa da gizarte egitura bat kritikatzen duela eta eredu horren aldaketa handi bat proposatzen duela. Guk ez dugu norman sartu nahi; norma aldatu nahi dugu.

n.a. Ustezko naturaltasunari aurre egitea ere bada. Dena eraikia da, eta zuk eman ditzakezu pauso batzuk eta heteronorma bete, edo beste bide bat hartu eta beste zerbait eraiki. Baina eraiki egiten da.

“Generoaren terroristak” izateko deia egin duzue. Nola aurre egin dakioke sistemari, harremanetatik abiatuta?

a.t. Sexu praktikak ez dira zerbait intimoa edo pertsonala; zentzu politikoa dute. Egunerokotasunean egiten ditugun gauza guztiak politikoak dira.

n.a. Sistemak berak esaten dizu sexualitatea nola bizi. Helburua ugaltzea bada, eta sistemarako pertsonak sortzea, sexualitatea minimotara murrizten da. Baina sexualitatea norberarentzat bada, plazera lortzeko, beste zerbait izango da.

Zer dago sexualitatearen intimizazio horren atzean?

A.t. Alde batetik, naturalizatu egin da, eta, bestetik, pribatizatu. Naturalizatzeak suposatzen du pentsatzea horrela jaio garela eta gauzak ezin direla aldatu; eta pribatizatzeak zentzu politiko edo soziala kentzen dio, zentzu kolektibo hori. Azken batean, ezkutatzen dena da sexualitatea eraikuntza sozial bat dela.

Gizarte osoari zuzendu diozue aurtengo aldarria. Zer esan nahi diozue?

n.a. Sexualitatea ez da gizartetik aparte dagoen zerbait: dena dago lotuta. Arau hauek batzuei gehiago mugatuko die askatasuna, eta bizitzeko zailtasun gehiago ekarriko dizkie, baina guztioi jartzen dizkigu mugak: heteronorman gusturago dagoen horrek ere kontuz ibili behar du, muga pasatuko ote duen.