Duela ez asko, inkestetan “norekin hartuko zenuke kaña bat?” galdetzen zutenean, Juan Jose Ibarretxe izan ohi zen gehien errepikatutako erantzuna. “EAJko hauek jota zabek”, pentsatzen nuen hori irakurtzen nuen bakoitzean. Gibela zigortu behar dudanean, tipo txistezale eta kaletarrekin izatea gustatzen baitzait, eta ez herriko txintxoenarekin. Parrandarako txoro haizez betetakoak askoz hobeak izaten dira; horrelakoekin ibiltzen bazara, ez zara ordu txikitaraino etxeratu gabe ibiltzeaz sekula aspertzen.
Ernesto Gascorekin ez nuke garagardorik hartuko, aukeratu ahal izanez gero. Ez PSEkoa delako, preseski, aspergarri samarra dirudielako baizik. Bere Facebook-eko profilean kuxkuxeatzen ibili naiz, eta Kelerra gustatzen zaiola dio, baina baita Madonna eta Xavi —sic— Alonso ere. Hala ere, festagatik kezka behintzat erakutsi du Gascok. Donostiako Aste Nagusia “demokraziako pobreena” izango dela aurreikusi baitu, programa ikusitakoan. Kontzertuetan talde euskaldunak programatzearen aurka ezer ez duela dio, baina “erakargarriagoak” izan litezkeela uste du, festak dirua egiteko baliatu behar direla azpimarratuz.
Ramon Gomezekin ere ez dut uste mozkorkerian ibiliko nintzenik. Ez PPkoa delako preseski, Antonio Basagoitirekin after batera gustura asko joango bainintzateke. Gomezek gogaikarri samarra dirudielako baizik, haren Bilboko kideak ez bezala. Hala ere, badu festa galantak egiteko gogoa pizteko ahalmena: abuztuan zazpi gaupasa basati egiteko kristoren irrika jarri dit niri, Aste Nagusiari “kutsu euskalduna ematearen aurka” dagoela esanda.
Edozein parrandero hasiberrik daki Donostiako jaiak Benedikto XVI.aren meza bat baino aspergarriagoak direla. Sanferminak edo Bilboko Aste Nagusia hain hurbil izanda, ez zait okurritu ere egiten nire udako agendan haientzat tarte bat egitea. Su artifizialak ikusi eta izozki bat jatea plan edertzat dutenak oso susmagarritzat ditut, eta beraiekin joateko proposatzen didatenean, kontrako norabidean korrika hasten naiz.
Melendiren partez Zea Maysen emanaldi bat antolatzeagatik haserretzea, ordea, zentzugabekeria galanta iruditzen zait. Nire senak dio —ez du hutsik egiten— tabernek diru gutxiago ez, gehiago egingo dutela ordu horietan. Jende gehienak nahiago izango duelako tabernetara joan talde euskaldun bat entzun baino, Saguestik igaro diren asko baino hobeak izanda ere. Hori bai, Ernesto Gasco eta Ramon Gomez katxi bana eskuan Berri Txarrak-en doinuekin dantzan ikusten badituzue, nik garagardoa betiko lagako dudala zin egiten dut.