“Dianak goizago izaten ziren lehen, baina ohiturak aldatu egiten dira”

Agustin Laskurain (Villabona, 1959) 15 urte zituela hasi zen jotzen Donostiako Udal Txistulari Bandan. Denbora honetan guztian, hiriko auzoetako eta inguruko herrietako jaietan dianak eta erromeriak jotzeaz gain, igandero izaten da Donostiako erdialdeko ibilbideetan eta Konstituzio plazako emanaldietan. Perkusionista da Laskurain. Era tradizionalean ari direnean, atabala jotzen du; ganbera kontzertuetan, berriz, edozein perkusio tresna. Taldearen intendentziaz ere arduratzen da atabalaria.

Noiz hasi zinen zu Donostiako Udal Txistulari Taldean jotzen?

Ene, auskalo… Ea, bada: 15 urterekin hasi nintzen, eta orain 53 ditut… aurten, 38 urte beteko dira taldean hasi nintzela.

Urte hauetan guztietan aldaketarik ikusi al duzu?

Bai, pila bat. Ni hasi nintzenean, lau bakarrik ginen bandan, eta orain, berriz, hamar gara. Lau izanda, beti era tradizionalean jotzen genuen; gaur egun, berriz, zenbait egitura dauzkagu. Era tradizionalean jotzen dugunean, ahotsak bikoiztu egiten dira, zortzi garelako: lau txistu, hau da, bi lehenak eta bi bigarrenak; bi silbote; bi atabalari eta, gero, bi tronpeta. Tronpetak beti izan dira bandan, baina protokoloetan eta segizioetan jotzen zuten bakarrik. Orain, berriz, beti dira gurekin; bandako kideak dira.

Kontzertuak ere jotzen dituzue.

Bai, Bilbora joaten gara… Iruñera ere urtero joaten gara, eta beste toki askotara. Ganbera emanaldietan gu bakarrik edo besteei laguntzen aritzen gara. Donostiako abesbatzekin harreman handia daukagu. Santa Zezilia, Orfeoi Txikia, Mariaren Bihotza abesbatza… eta horiekin jotzen dugunean, guk laguntza harmonikoa ematen diegu.

Donostiako Udal Txistulari Taldea zein neurritan da profesionala?

Erabat profesionala da. Gu bandako kideak gara, eta gutako batzuek jardunaren %40 irakasle gisa egiten dute, baina beste %60, txistulari bandako zereginetan. Jose Ignazio Ansorena zuzen-daria, Jokin Campion artxibozaina, eta ni, errejidorea, berriz, erabat taldeko zereginetarako gaude.

Atabalariaz gain, taldeko errejidorea zara. Zein da zure lana?

Errejidoreak antolatu behar ditu kontzertuko egiturak eta garraioa. Gure bandak ganbera kontzertuak edo erromeriak jotzen dituenean egitura erabat ezberdina du. Egitura ezberdin horretan sartzen dira teklatuak, baxu elektrikoa, bateria… marinba. Horiek denak antolatu behar dira, ordezkoak bilatu… Material guztiak mugitzeko prestatu behar dira, eta garraiolariekin hitz egin… Herri batera joaten bagara, ezustekorik ez izateko, agertoki aproposa dagoen jakin behar dut; baita plazako kontuak ere: megafonia baden edo ez… Horrelakoez ni arduratzen naiz.

Donostiako erdialdean eta Parte Zaharrean ez ezik, auzoetan ere jarduten zarete.

Gure eginkizun nagusia igandero Parte Zaharretik abiatuta diana jotzea da; erdialderaino joan eta buelta. Gutxi gorabehera ordubeteko saioa izaten da. Gero, kontzertua jotzen dugu Konstituzio plazan, 12:15ean. Horrez gain, auzoetatik deitzen badigute, joan egiten gara. Esaterako, joan den ostiralean Igeldon aritu ginen, eta Santiago egunean Zubietara joango gara. Horietan diana jotzen dugu. Igeldon egin genuen bezala, mezetako sarreran eta irteeran jotzen dugu, eta gero sokadantzan-edo. Edozein auzotatik deituta joaten gara. Martutenera ere urtero joaten gara, Egiara, eta abar. Betiere antolatzaileek deitzen badigute.

Zerbait kobratzen du bandak diana emanaldi eta horrelakoengatik?

Gu, nolabait esanda, zerbitzu publikoa gara. Guk ez dugu ezer kobratzen jotzeagatik. Deitzen digunak garraioa eta, kontzertuetan behar izatekotan, megafonia eta horrelakoak ordaindu beharko ditu, baina gu, Donostiako Udaleko Txistulari Taldea, udalaren zerbitzu bat gara, eta jaien antolatzaileei ez diegu kobratzen jotzeagatik.

Alderik ba al dago igandero erdialdean egiten dituzuen saioen eta jaietakoen artean?

Bai. Hemen, erdialdean, igandero zortzikoak jotzen ditugu; normalean, goizeko zortzikoak. Garai batean —tira, oraindik ere bai—, herri askotan egunsentian jotzen ziren zortzikoak. Festetan, kalejirak eta gauza alaiagoak jotzen ditugu, beti tronpetek lagunduta.

Publiko berdina al da ohiko igandeetan eta jaietan?

Oheratu gabeko asko egoten da festetan, baina horrelakoak igandeetan ere gertatzen zaizkigu. Anekdota izaten da horietako asko dantzan saiatzen direla, baina zortzikoa denez, egia esan, ez dira oso iaioak izaten. Normalean, jendeak errespetua du, baina beti izaten dira salbuespenak. Donostiako Larratxo auzoan arrautzak bota zizkiguten garai batean, baina ez dira nabarmentzekoak. Jendeak ondo hartzen gaitu.

Dianarekin esnatzen delako kexatzen denik ere izango da…

Baita hori ere. “Txistulari puta horiek!” eta halakoak esaten dizkigutenak badira.

Hala ere, ez al ziren lehen dianak goizago jotzen?

Guk, igandeetan, 09:00etan jotzen dugu; euskal jaietan, berriz, 08:30ean. Hainbat herritan, Villabonan kasu, aitarekin igandero 08:00etan jotzen nuen. Egia da lehen dianak goizago izaten zirela, baina ohiturak aldatu egiten dira. Esaterako, Parte Zaharrean, gauetan izaten den zaratarekin, 08:00etan abiatzea bizilagunek ez lukete gustuko izango.