Enpresek aurkeztutako 123 proiektu diruz lagunduko ditu Gipuzkoako Aldundiak

Gipuzkoako zenbait enpresak aurkeztutako 123 proiektuk jasoko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomia sustatzeko programaren bidez emango dituen diru laguntzak. Laguntza horien bidez 237 lanpostu ere sortuko direla jakinarazi du aldundiak; “gazte kualifikatuentzako” lanpostuak, hain zuzen. Beraz, lanpostuak sortuko dira Gipuzkoako 57 enpresatan, lizentziadunak diren edo goi mailako zikloko ikasketak dituzten 35 urtetik beherako 237 pertsonarentzat, “berrikuntzaren eta lehiakortasunaren erronkei sendo heltzeko”. Laguntzak jasoko dituzten gainerako enpresek, besteak beste, berrikuntzara eta ikerketa eta garapeneko proiektuetara bideratuko dituzte. Diputatuen Kontseiluak aste honetan bertan onartu du dekretua, eta asteartean eman zuten erabakiaren berri Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaileak eta Jon Peli Uriguen Ekonomia diputatuak.

Programa horren bidez, sei milioi euroren laguntzak banatuko dira onartutako 123 proiektuen artean. Aldundiak beste datu bat ere azpimarratu nahi izan du: “Aurten diru laguntza onartu zaien enpresen %80 baino gehiagok lehenbiziko aldiz jasoko dute”. Hargatik, foru aldundiak “berariaz” landutako helburu bat bete izana nabarmendu du: “Laguntza horiek enpresa txikiek ere ezagutzea eta aprobetxatzea, ez korporazio handiek bakarrik”. Horrekin lotuta, beste datu bat ere eman dute: aurreko legealdian diru laguntza horiek jaso zituztenen artean, %10 ziren enpresa txikiak; orain, berriz, %43,9. Onartu diren proiektuen batez bestekoa aurreko urteetan onartutakoaren parekoa dela ere nabarmendu dute aldundiko ordezkariek.

Diru kopuru osoaren ia herena, 1.852.636 euro, 37 enpresa handiri emango diete; 1.281.086 euro, 32 enpresa ertaini; eta gainerako 2.865.443 euroak 54 enpresa txikik jasoko dituzte. Proiektu bakoitzak, gehienez, 275.000 euro jaso ahal izango ditu.

Onartutako proiektu guztiak “traktoreak” izango dira, gainera. Alegia, enpresaren beraren posizioa hobetzeaz gain, enpresaren ingurunean ere eragingo dute, “Gipuzkoako ekonomian eragin biderkatzailea sortzeko”.

Eskualdez eskualdeko lana

Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Jon Peli Uriguen diputatuak berak azken hilabeteetan “eskualdez eskualde” programaren berri emateko egindako “ahalegina” ere azpimarratu du Ugartek, eta adierazi du ahalegin horrek emaitzak eman dituela. Diputazioaren arabera, eskualdez eskualde egindako bost informazio bileretan parte hartu zuten 520 enpresetatik askok aurkeztu dituzte laguntza jasotzeko proiektuak: 477 enpresak, hain zuzen.