Zarautz
Urtero bezala, antzerkiak hartuko ditu Zarauzko kaleak uztaileko bigarren asteburuan, atzo hasi eta igandera arte iraungo baitu Kalerkik, Nazioarteko XIX. Kale Antzerki Topaketak. Lehen antzezlana herriko Alproja taldearena izan ohi da; atzo ere aritu ziren Lege Zaharren Enparantzan, Musika Plazan eta Kale Nagusian, Hau hastera doa antzezlanarekin. Horren ostean, kanpoko taldeei eman zieten lekukoa: iluntzean Kataluniako Visitants antzerki taldeak Judith y Paul lana aurkeztu zuen, eta ¿Quieres ser mi amigo? antzerkia, berriz, Txileko Murmuyo y Metrayeta taldeak.
Gaurko eta biharko ere hiruna ikuskizun antolatu dituzte: gaur, arratsaldeko zazpietan, Patxi Santamaria herriko aktoreak Aktibo toxikoa lana antzeztuko du Frontoi Txikian, eta 20:30ean, Italiako Nily Nils taldeak Nily Nils Show emanaldia eskainiko du Lege Zaharren Enparantzan.
Gauetan emanaldi ikusgarriak antolatu ohi ditu Kalerkik, sarritan argi eta soinu efektuz jantziak. Gaur, gaueko hamabietan, Malditas antzerki eta dantza ikuskizuna egingo du Organik taldeak Torre Luzeako parkean.
Bihar arratsaldean Euskal Herriko beste bi talderen txanda izango da: 19:00etan Markeliñe taldea arituko da Zoozoom lanarekin Villa Manuelako frontoian, eta 20:30ean, Trapu Zaharra taldea Ametsetan bizi-rekin, udaletxe plazan. Extremadurako (Espainia) Teatrapo taldearena izango da azken emanaldia: Natura: principio y fin, gaueko hamabietan, Malekoian.
Euria eginez gero, emanaldiak Gaztelekuan edo udal kiroldegian egingo dituzte.