Maiatzean jarri zuten martxan Errenterian Kabia Espazio Kreaktiboa, Pontika auzoan. Habia baten itxurako egitura bat da, baina garrantzitsuena horren barruan egiten diren proiektuak dira. Bost lantaldetan bilduta daude, eta guztira, ehunetik gora lagunek parte hartzen dute. Elkarbizitza, normalizazio politikoa, kultura eta sormena, teknologia berriak eta hirigintza dira talde horiek.
Egitura hori udazkenera arte egongo da jarrita Pontikan, baina asmoa da herriko norbanako eta elkarteen arteko harreman sareak sortzea; hala, martxan jarritako proiektuak amaitu, eta berriek jarraipena izan dezaten. Donostia 2016, Arkitektura Kolektiboak eta Errenteriako Udala dira Kabiaren sustatzaileak.