Konkistaren arrasto apurrak

Gipuzkoa oso berria da, barrutik oso desitxuratua, eta daukan egitura dauka Gaztelak erabili zuelako Nafarroaren kontrako gerran hornitzeko”. Kritika zuzena egiten dio Angel Rekaldek (Tolosa, 1957), Nabarralde elkarteko zuzendariak, Gipuzkoaren lurraldetasuna historikoa dela defendatzen duen bertsio “aranistari”: “Bertsio historikoak dio Gipuzkoa betidanik zegoela, dinosauroen garaitik; euskalduna zela, bai, Nafarroaren barnean zegoela, baina une jakin batean erabaki zuela Gaztelarekin paktua egitea, parekoak balira bezala, eta hortik datozela foruak eta egoera berezia. Hori bertsio bat da”. Errealitatea bestelakoa da, Nabarraldek eta zenbait historialarik defendatzen dutenez. Gipuzkoa, gaur egun den bezala, Gaztelak konkistatu ostean sortu zela diote, 1200. urtetik aurrera.

Konkistaren aurretik, hiru lurralde edo tenentzia nagusi zeuden gaur egun Gipuzkoa den eremuan. Horren heren bat Ipuzkoa tenentziak hartzen zuen: Urola eta Oria ibaien arteko eskualdea, kostatik hasi eta Aralarreraino. Donostia inguruko eskualdea beste tenentzia bat zen —izen bera zeukan, Donostia—, eta Deba harana, bestea; azken eskualde horrek Markina zuen izena. “Hiru lurralde zeuden, eta hori historikoa da” azaldu du Rekaldek, “horregatik dituzte hirurek hiru euskalki desberdin: gipuzkera, nafarrera eta bizkaiera”. Eskualde horietako bakoitzean, hiribildu batek zeukan nagusitasuna: Ipuzkoan, Getariak; Donostian, Donostiak; eta Markinan, Aitzorrotzek (Eskoriatza). Merkataritzarako eta defentsarako gune estrategikotzat zeuzkaten orduko agintariek hiribilduak, eta foru edo legedi bereziak ematen zizkieten.

Garai hartan, Gipuzkoako hiru tenentziatan, denera 20.000 pertsona inguru biziko zirela argitu du Rekaldek: “Euskal lurraldeen barruan zeuden, eta inguruko hiri nagusia Gasteiz zen”. Lurraldeok hartzeko bidean, gune gakoa zen hiri hura; Gaztelak setioa jarri zion 1200. urtean.

Nabarraldeko kidearen ustez, gerra horren testuinguruan ulertu behar da Gipuzkoaren konkista: “Gasteizko setioak zortzi hilabete inguru iraun zuen; hor borroka zegoen bitartean, inguruko gazteluak-eta harrapatzeko aprobetxatu zuten [Gaztelako tropek], eta gaur egungo Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugaraino heldu ziren ia-ia”. Rekalderentzat, nekez azaldu daiteke prozesu hori paktuaren bertsioaren bidez.

Gaztelak Gipuzkoa militarki eskuratu zuela pentsatzeko arrazoi gehiago ikusten dituzte Nabarraldekoek. Besteak beste, Gaztelako erregeak hiribildu berriak sortu izana, helburu militarrekin: “1256an, urte bakarrean, hiribildu titulua eman zien Hernaniri, Tolosari, Ordiziari, Segurari, Aguraini (Araba), Kanpezuri (Araba) eta Harori (Errioxa, Espainia)”. Herri horiek osatzen duten lerroa irudikatzea aski da Gaztelaren asmoa antzemateko: “Muga berria eraiki zuen gotorlekuen bidez. Gerrarako muga”.

Hain justu, Gaztelak Gipuzkoa baliatu zuen 1512an Nafarroari eraso egiteko: “Hornidura hemendik egiten zuten; horren ondorioz, Gipuzkoak sufritzen ere hartu zuen parte gerran. Nafarrek, erasoetan, Donostia setiatu zuten, Hernani erre… Gerra Gipuzkoara sartu zen”.

Gaztelako erregea lurraldeaz jabetu bezain pronto, Gipuzkoa berrantolatzeari ekin zion: tenentzien egitura desegin eta hiribilduei botere gehiago eman zien, egitura “askoz feudalagoa” ezarriz, landaguneen kalterako. Urte gutxiren buruan, hiribildu izaera aitortu zien kostako hainbat herri nagusiri; Donostiari, Hondarribiari, Getariari, Mutrikuri eta Zarautzi, hain justu. “Lehenbizi kostaldea eratu zuten”, argitu du Rekaldek. “Hor izugarrizko itsas potentzia zegoen, balea ehizarako, merkataritzarako eta gerrarako”. Herri horietako batzuek, ordea, bazuten aurretik titulu hori: “Horrek esan nahi du hor egon zela boterearen eskualdatze bat”.

Konkistaren zantzuak

Duela hiru urte, herria hiribildu izendatu zuteneko 800. urteurrena ospatu zuten Getarian, 1209. urtean eman baitzion titulu hori Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak. Urtemugaren harira, gertaera hura ikertzeko eskatu zion herritar talde batek Getarian bizi den Idoia Arrieta historialariari (Donostia, 1962), eta hura jabetu zen mendeurrena oker ari zirela ospatzen: “Ez garai desegokian, baizik eta mendeurrenari ez zegokion lurralde batean”. Izan ere, Gaztelako erregeak Getariari bere hiribildu titulua eman aurretik, Nafarroakoak emana zion berea.

Aurkikuntza hori hainbat arrazoiengatik da garrantzitsua. “Mendeurrenak ez dira neutroak izaten”, esan du Arrietak; “Mundu sinboliko bat antolatzen dute eta, azken batean, mundu sinboliko hori da historiaren eragilea”.

“Intuizioari jarraiki”, Getariako eta Gipuzkoako konkisten zantzu izan daitezkeen hainbat elementu topatu ditu Arrietak: “Garaiko kronista guztiek aipatzen dute harresiak ‘berreraiki’ egin behar zirela. Nik atera nuen ondorioa izan zen harresiak bazeudela, eta suntsituak izan zirela”.

Getariako hiribilduko foruaren bila ari zela, Donostiakoaren kopia batekin egin zuen topo, eta haren lerro artean, Donostiako konkistaren aipamen bat aurkitu zuen. XIX. mendekoa da Arrietak eskuratu ahal izan duen kopia; haren ertz batean, garai hartako eskribauaren ohar bat dago: “Ojo, conquista de San Sebastián” (“Kontuz, Donostiaren konkista”). Arrietak kopia horren testuingurua azaldu du: “XIX. mende hasieran, foruak kendu nahi zituzten, eta historiografiari eraso larri bat egitea erabaki zuten: esatea foruak erregeak emandako pribilegioak zirela. Eta erregeak ematen duena, erregeak kentzen du”. Arrietaren iritzitan, hori da eskribauak oharra eranstearen arrazoia: konkistaren bertsioa ematen zuelako, eta ez itunarena. Eta itunik ezean, erregearen eskumen hori ez zatekeen zilegi.

Eztabaida, gaurkotuta

Ipuzkoa eta Donostia aldea 1397an elkartu ziren, Gipuzkoako Hiribilduen Ermandadea sortuz; ehun urte geroago, Deba inguruko herriek ere egin zuten bat. Oraingo Gipuzkoa, ordea, ez zen osatu 1845 arte; urte horretan sartu zen Oñati, azken herri nagusia. Gaur egun duen itxura “behartutako prozesu” baten ondorio dela dio Rekaldek: “Euskaldunak zatituta gaude administratiboki eta politikoki, eta baita identitate aldetik ere; eta hori guztia ez da sekula izan gure prozesu naturala. Gaur egun batzuk gipuzkoarrak izatea eta beste batzuk nafarrak, hori Gaztelak inposatutako prozesua da”.

Gaur egungo lurraldearen legitimazioaz hitz egiterakoan, hizkuntzak orientagarri gisa balio behar duela deritzo Arrietak: “Euskarak badu dimentsio historiko bat, lurraldearen antolaketari dagokionez. Euskal Herriari buruz hitz egiten dugunean hizkuntza kontuan izan gabe, zentzua galtzen du historiak”.

Historiako une batek ez luke egungo lurraldea baldintzatu behar. Bat dator horrekin Arrieta, baina argudio horrek ezkutatzen duenaz ohartarazi du: “Ados, gu izango gara nahi duguna, dudarik gabe; baina konkista ezkutatu dutenek, dirudienez, garrantzia eman diote”. Historia beste era batera irakurtzearen alde egin du: “Euskal Herrian, aspalditik egon dira bi ikuspegi, bi kultura, bi sentiberatasun, eta batak besteari ateak itxi dizkio. Mendebaldean, agintea guda eta konkisten ondorio da. Garbi dago nork ez daukan agintea —nork daukan ez dago horren argi, nahiko sakabanatuta dagoelako—. Agintea ez dutenen historia egin behar litzateke”.