Zer gertatuko litzateke politikariek hain gustuko dituzten dekretu horietako baten bidez supermerkatuak ixtea aginduko balute? Azter dezagun.
Hasteko, egungo krisi egoeran lanpostu berrien sorrera ekarriko luke, herriko denda txiki, auzo-denden nahiz azoken kopurua hazi egingo baitzen. Estatistiken arabera, supermerkatu batek sortzen duen lanpostu bakoitzeko beste bost galtzen dira. Horietatik bi zuzenak: denda txikiak ixteagatik; eta beste hiru zeharkakoak, horien artean baserritarrak.
Gure poltsikoari erreparatuz, mesedea baino ez luke ekarriko, izan ere, aurreztu egingo genuke herriko nahiz auzoko denda txikian erosita. Zenbait azterketen arabera, ez dago supermerkaturik bere prezioen batezbestekoa denda tradizionalena baino merkeago duenik, eta, bestalde, supermerkatuetan, pentsatuta genuena baino ehuneko hogei gehiago erosten dugu. Hau da, 100 euro gastatu beharrean, 120 euro gastatuko genituzke.
“Hemengo nekazaritza eta elikagaiak sustatu behar dira”; nork ez du entzun era honetako esaldirik? Supermerkatuekin ezinezkoa da, ordea. Izan ere, estruktura izugarri horiek ez dute balio baserritarrekin lan egiteko: batetik, ezin dira garaian garaikora egokitu, horietako apalak beti beteta egon behar baitute halabeharrez. Horregatik, produktu freskoaren presentzia gutxitzen ari da etengabe, eta produktu prozesatuak dira nagusi.
Bestalde, supermerkatuek publizitate kostu izugarriak dituzte, inbertsio erraldoiei atxikitako kredituak ordaindu beharra daukate, energia gastu ikaragarriak (argiak, musika, aire girotuaren sistemak…) eta abar. Eta gastu horiei aurre egiteko modu bakarra nekazaritza-industriatik hornitzea da, kanpoan oso merke erosiz eta hemen askoz garestiago salduz. Eta zer esanik ez, horren atzean beste herrialdeetako nekazarien esplotazioa eta miseria dago, eta hemengo baserritarren desagerpena.Txanpon beraren bi aldeak.
Denda txikiek, berriz, inguruko baserritarren garaiko eta kalitatezko produktu freskoak erosteko gaitasuna dute, bai tamainagatik, bai gertutasunarengatik, bai bitartekaririk gabeko harreman zuzenagatik ere.
Produktuen barietateari dagokionez, berriz, FAOren datuek diote, supermerkatuei guztiz lotuta dagoen nekazaritza-industria sortu zenetik, laboreen barietatea, alegia, nekazaritzaren bioaniztasuna, laurdenera jaitsi dela. Supermerkatua esatea, uniformizazioa eta estandarizazioa esatea da, janarien %95ek 19 laboreetan eta 8 espezietan baitu jatorria.
Supermerkatuak ixteak zero zabor filosofiaren alde ere egingo luke. Azterketa ugariren arabera, azoketan eta salmenta zuzeneko ereduetan %90 zabor gutxiago sortzen da; batetik, baserritarrek jatorrian zabor gutxiago sortzen dutelako, eta, bestetik, ontzi nahiz plastiko gutxiago erabiltzen dutelako.
Ikusi bezala, denak dira abantailak, beraz, hain erraza izanda, zergatik ez dira agintariak hasten supermerkatuak ixtea proposatzen? Bai, badakit, hori ezinezkoa dela, eta gainera, legez kanpokoa. Tira, eta gutxienez, ezin al diete horien handitzeko eskaerei uko egin?… edo Carrefour, Mercadona edo Eroski ezartzeko eskaerei uko egin?… edo gutxienez zailtasunak ipini, baserritarrei behin eta berriro ipintzen zaizkien bezala?
Zuen udaletako ordezkariren batek supermerkatu baten irekieraren berri ematen badu, eta esaten lanpostuak sortuko dituela, merkatari txikiei eta baserritarrei ez diela eragingo, hemengo ekonomia sustatuko duela… Badakizue zein den erantzuna: gezurra, gezurra eta gezurra!
Lehenengo supermerkatua ireki zenetik 50 urte inguru pasatu diren honetan eta dugun krisi egoera larria kontuan izanda, balantzea egiteko unea iritsi zaie, ezta? Herritarrentzat ere bada garaia azpitik sentitzen duguna esateko: Andersenen ipuinean bezalatsu, enperadorea biluzik dagoela; dena gezurra dela.
Egiaz, gure herriak azokez eta denda txikiz, eta zelaiak baserritarrez jantzita nahi ditugu.