URTEAK PASATA, BERRIZ ELKARREKIN

Euskarazko rockaren aitzindaria da Zestoako Leok’k taldea. 1968. urtean abiatu zuten euren ibilbidea, eta haiei esker, lehen aldiz, The Beatles, The Doors, The Rolling Stones eta beste hainbat rock talderen kantuen euskarazko bertsioak entzun ahal izan ziren. Harridura sortzearekin bat, arrakasta lortu zuten, eta Benito Lertxundirekin ere aritu ziren, behin, agertokian. Soldaduska tarteko, ordea, 1972. urtean eten egin zen taldearen bidea, harik eta hainbat urte geroago, joan den urtean, berriz elkartu ziren arte. Disko bat ere kaleratu zuten: Une bat. Bihar, 22:30ean, Eusebio Gurrutxaga plazan joko dute, Zumaian.