Alkoholismo kasuek %22 egin dute gora Gipuzkoan

Alkoholaren kontsumoagatik jasotako tratamendu eskaerek %22 egin dute gora 2011. urtean Gipuzkoan. Agipad drogen gehiegizko erabileraren ikerketarako eta prebentziorako Gipuzkoako elkarteak ateratako 2011. urteko memoriaren ondorio nagusietako bat da. Alkoholarekin dituzten arazoengatik tratamendu anbulatorioa eskatzen dutenen %39 emakumeak dira, Agipaden arabera. Alkoholaren kontsumoarekin arazoak dituztenen adinari dagokienez, erdiek 45 urte baino gehiago dituzte, eta %44k, berriz, 30 eta 45 urte bitartean.

Dena dela, oraindik ere kokaina da esku hartze gehien eskatzen dituen droga. Hala, tratamendu gehien kokainari lotutakoak dira (%31); bigarren tokian dago alkohola (tratamenduen %24), eta hirugarrenean kalamua (%15).

Elkarteak jakinarazi du 2011. urtean 10.000tik igaro dela, lehen aldiz, Agipadek artatutako pertsonen kopurua. Elkartean tratamendua hasten dutenen %55ek abstinentziaren helburu terapeutikoa betetzen dutela ere nabarmendu du.

Prebentzioa oinarrian

Prebentzioaren garrantzia azpimarratu du, beste behin, elkarteak. Eta Fernando Ibarreta presidentea kexu agertu da erakundeen jarrerarekin. Haren arabera, krisi ekonomikoa dela medio, erakunde publikoek “gero eta ahalegin txikiagoa egiten dute drogekin lotutako prebentzio programak bultzatzen”. Edozein moduz, iaz gazteengana ailegatzeko eginiko ahaleginaren datuak eman ditu: prebentzio arloan %29 gazte eta nerabe gehiagorengana ailegatu ziren 2011. urtean.