Hondartzarako giro askorik ez zegoen asteartean. Orain euritan, orain ateri, hondartzak bake-bakean zeuden. Biluzteko girorik ez, baina azala babesteko beharra egun eguzkitsu batean bezalakoa zen. Mezu hori eman zieten minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkartekoek Hondarribiko hondartzan jarritako karpara gerturatzen zirenei. Eta konbentzitu ere, konbentzitu zuten bat baino gehiago. Halaxe zioen herriko gaztetxo batek proba egin ondoren: “Aurrerantzean krema gehiago emango dut!”. Begi urdin eta ile horidun neskatoa lagunekin joana zen proba egitera, eta azala gehiago babestu behar zuela ondorioztatu zuen. Elkartekoek emandako informazioa eta gomendioak institutuko azterketa baterako ikas-materiala balitz bezala zekitela erakutsi zuten, Gipuzkoako Hitza-k ea zerbait ikasi zuten galdetzean. Gaztetasunaren freskura.
Mahaiaren bestaldean zeudenak ez ziren horren gazteak. Bidasoa eskualdeko boluntarioak egon ziren elkarteko langileekin batera herritarrei informazioa banatzen. Hondartza hutsik egon arren, “tantaka-tantaka” goiz osoan zehar jendea informatzen aritu zirela azaldu zuten boluntarioek: “Eguraldiak ez digu askorik lagundu, baina ezin gara kexatu. 25 lagun inguru gerturatu zaizkigu, eta denek egin dute proba”, azaldu zuten adinagatik erretiroa hartuta egongo diren hiru emakumeek.
Eguerdi partean aipatutako neska taldea egon zen proba egiten beraiekin. 15 eta 18 urte artekoak ziren. Kolorea hartuta zeuden guztiak. Izatez, azal argi-argikoak ziren batzuk, beltzaranagoak beste batzuk. Ilehoriak proba egin, eta emaitzarekin harrituta gelditu zen: bere azalak 14 minutuz bakarrik egin ziezaiokeen aurre eguzkiari babesgarririk gabe.
Bi mutil etorri ziren gero, 19-20 urtekoak. Kolorea hartuta zuten haiek ere. Telebistaren bitartez jakin zuten kanpainaren berri, eta zehazki jakin nahi zuten zenbat denbora egon zitezkeen eguzkitan azala babestu gabe. “Nik uste dut 20 minutu inguru babestuako nauela nire azalak”, zioen batek.
Melanina proba egin aurretik hasierako galderak egiten eta informazioa ematen aritu ziren boluntarioak. Elkarteko beste bi kide, berriz, melanina neurgailuarekin melanina proba egiten. Hantxe zen elkarteko prebentzio arduradun Maider Sierra: “Gorputzeko lau partetan neurtzen dugu azalak jaso duen argia. Bi besoen atzealdean, hori delako eguzkiak gutxien jotzen duen tokia eta gure azal kolore naturalena hor dugulako, eta aurpegiaren bi aldeetan, hori delako kolore gehien izaten dugun tokia, egunero biluzik dugun zabalera eta izpi gehien bertan jasotzen dugulako”. Lau puntu horiekin batez besteko antzeko bat egiten da, eta emaitza bat ematen du: eguzkitan babesgarririk gabe zenbat denbora egon gaitezken jakinarazten du. “Horren arabera, guk babesgarri mota bat edo bestea gomendatzen dugu”, dio Sierrak.
Melanina proba Zarautzen egingo dute gaur 10:30etik 13:30era. Ordutegi bera mantenduko dute gainerako hitzordu guztietan ere: astelehenean Zumarragan izango dira; asteazkenean eta ostegunean Tolosako igerilekuan; eta hilaren 24tik 26ra Donostian. Hilaren 24an Ondarretako hondartzan izango dira, 25ean Kontxakoan eta 26an Zurriolakoan. Herritarrak proba egitera animatu ditu Sierrak.