Minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkarteak argi dio: azala urte osoan babestu behar da. Elkarteko prebentzio arduradun Maider Sierrak azaldu dizkio Gipuzkoako Hitza-ri arrazoiak: “Eguzkia, zorionez, egunero ateratzen da. Lainotuta egon edo ez, eguzkiaren argia jasotzen dugu eta haren gauza honekin batera, baita azalarentzat kaltegarriak diren izpiak ere. Beraz, garrantzitsua da babesa”. Prebentzioa da azaleko minbiziaren aurkako giltzarria. Nork bere larruazala ezagutzea eta hari kasu egitea ere bai. Datuek hala diote: “Oso garrantzitsua da azaleko minbizia bere lehen fasean harrapatzea. Kasu horietan, %90 sendagarriak dira”.
Gizarteari mezua ondo helarazteko asmoz, aurten ere prebentzio kanpaina kalera atera dute. Edo, zehazkiago esanda, hondartzara. Informazioa banatzeaz gain melanina probak egiten dizkiete herritarrei, doan. Hala, minutu gutxi batzutan pertsona bakoitzak badaki babesgarririk eman gabe bere azalak zenbat minutu jasan dezakeen eguzkia.
Ekainaren amaieran hasi zuten kanpaina, Mutrikuko hondartzan. Uztailean Hondarribian egin dituzte lehen saioak; aste hasieran izan dira han. Atzo eta gaur, berriz, Zarautzen dira AECC elkarteko langile eta boluntarioak. Animatzen denak hondartzan jarritako karpan aurkituko ditu, 10:30etik 13:30era bitartean.
Sierrak adierazi duenez, gizarte osoari zuzendutako kanpaina da hau. Hala ere, bereziki haurrengana eta nerabeengana iritsi nahi dute. Baita haurren gurasoengana eta adinekoengana ere. Haurren kasuan, garrantzitsua da haiek eguzkitatik babestea: “Haurren azala askoz meheagoa da, sortzen ari da, eta gorputzak daukan tenperaturaren kontrola ere txikiagoa da. Ez du izerdirik botatzen, eta agian intsolatzen ari da gu ohartu gabe. Horregatik, gure ustez hobe da 3 urte baino gutxiago dituzten haurrak zuzenean eguzkitan arroparik gabe ez jartzea. Ezta krema emanda ere”. Haurtzaroan erretzearen arriskuez ere ohartarazi du: “Haurra nintzenean askotan erre izan banaiz aukera gehiago ditut helduaroan melanoma bat sortzeko. Heldutan erretzen banaiz, arriskua txikiagoa da”.
Haurren kasuan, gurasoen esku dago haurra eguzkitik babestea. Nerabeen kasuan, ez da hain erraza. Gaztetxo asko gurasorik gabe joaten dira kalera eta hondartzara, esaterako. Gurasoek motxilan krema sartuta ere, ezin dute bermatu haiek behar adina aldiz emango dutenik. Horregatik, AECC elkartekoek gaztetxoengana jo dute zuzenean. Haiek kontzientziatzea da helburua. Hala, sakeleko telefonoetarako aplikazio batzuk sortu dituzte, jokoen bitartez eguzkiaren aurrean nola babestu azaltzeko. Jokoa doakoa da, eta euskaraz eta gaztelaniaz jaitsi daiteke Smartphone telefonoetan. Aplikazioa App Store eta Android Market euskarrietan dago, eta 10 eta 13 urteko gaztetxoei zuzendutakoa da.
Adinekoei ere eguzkiarekin kontuz ibiltzeko aholkatzen die elkarteak, “adin batetik aurrera azalak babesteko duen berezko indarra galdu egiten duelako”.
Gomendio orokorrak
Sierrarentzat garrantzitsua da pertsona bakoitzak bere azalaren ezaugarriak ezagutzea, hura egoki babesteko. Izan ere, pertsona guztien azalak ez dira berdinak. Melanina probarekin jakin daiteke nolako neurriak hartu behar diren. “Lau fototipo dira hemengoak”, dio Sierrak. Lehenengokoa albinoa litzateke: oso zuriak direnak dira, ile kolore argiarekin eta begi oso argiekin. Bigarren fototipokoek begi argiak mantentzen dituzte baina ile kolorea pixka bat ilunagoa dute, peka gehiago dituzte, eta kolore pixka bat har dezakete. Hirugarrengoak beltzaranagoak dira, eta laugarrenak ile beltza edo marroi oso iluna dutenak izango liratezke, begi ilunekin eta kolorea hartzen dutena. Fototipo bakoitzeko azalak bere zainketak behar ditu. Hala ere, badaude gomendio orokorrak: “Berez urte osoan zehar babestu beharko genuke azala. Hori da guk ematen dugun mezuetako bat, oso argia. Eta beharrezkoa bada lau bider esaten diogu pertsona bakoitzari. Eguzkia egunero ateratzen da eta, beraz, babestu ere egunero babestu behar da”.
Azalaz gainera, begiekin ere gogoratu egin behar dugu: “Begiez askotan ahaztu egiten gara, eta eguzkiak izugarrizko lesioak sortzen ditu begian: kataratak eta halakoak, esaterako. Eta gero eta gazte gehiago ari gara ikusten eguzkiagatik begiko arazoekin”, dio Sierrak.
Udan sartuta gaudenez, udari begira hainbat aholku eman ditu elkarteak. Alde batetik, uda hasieran eta amaieran gorputzeko orinak begiratzea gomendatzen dute. Tarte horretan aldaketarik egon al den begiratu behar da bereziki. Susmoren bat izanez gero, medikuarengana jotzea aholkatzen dute. Gainerakoan, aholkuak askotan entzundakoak dira: 11:00etatik 16:00etara bitartean ez jartzea eguzkitan; jarraian denbora askoan ez egotea eguzkitan; ur asko edanez ondo hidratatuta egotea; eta eguzkitako kremak erabiltzea eguzkitan jarri baino ordu erdi lehenago, bainu bakoitzaren ondoren eta baita egun lainotsuetan ere, besteak beste.
Gainera, ez da nahikoa hondartzan eguzkitan jarritakoan bakarrik babestearekin. “Kalean erosketak egiten ari garenean, lagunekin trago bat hartzen terrazan gaudenean… UVA eta UVB izpiak guganaino iristen dira momentu oro. Berdin du uda, udaberria edo negua izan. Eta izpi horien aurrean babestu egin behar gara”.
Goraka ari den minbizi mota
“Azaleko minbizi kasu asko daude, eta areagotzen ari da. Zergatik? Bada, zerikusi handia duelako gure bizi-ohiturekin. Denbora atzera botatzen badugu, orain 50 urte edo gutxiago ere bai, beltzarana zegoena baserrikoa zen eta ez zegoen ondo ikusia. Aldaketa egon da eta orain polita dena da eguzkia hartzea, kolorea hartzea, eta horrek ekarri duena da azaleko minbizia gehiago izatea orain 50 urte baino”. Hala esplikatu du Sierrak. Horregatik ateratzean dira kalera, kanpaina hau egitera: “Gure osasunarengatik gauza asko dugu egitea. Eta hori da guk erreibindikatu nahi duguna”.
Gaixotasuna garaiz harrapatzearen garrantzia ere azpimarratzen ari dira kanpainan: “Minbizi honen alde ona da ikusi egiten direla sintomak. Horregatik da hain garrantzitsua nork bere azala ondo ezagutzea, orinak aldatzen al diren begiratzea”. Gaixotasuna lehen fasean harrapatzen bada, “medikuaren kontsultan minutu gutxitan erre egiten da orin hori edo ebakuntza txiki batekin kendu egiten da eta arazoa hor amaitzen da”. Denbora pasatzen utziz gero, berriz, beharrezkoa izaten da kimioterapia edo radioterapia saioak jasotzea.