Emakumeen Etxeak uztailaren 27an ospatuko du hirugarren urteurrena

Donostian, Emakumeen Etxea elkarteak batzen ditu emakumeen eskubideen aldeko mugimenduetako kideak, instituzioetako berdintasun politiketan dihardutenak eta bestelako emakume feministak. Emakumeen egitasmoei espazio bat emateko sortu zuten elkartea, eta dagoeneko hiru urte bete dira harrezkeroztik. Uztailaren 27an egingo dute elkartearen urteurrena ospatzeko festa; Donostiako Guardetxean izango da, 20:00etatik aurrera.

Egitasmo feministak antolatzeko espazioa da elkartea, baina badu leku fisiko bat ere: Okendo kalean dagoen Emakumeen Etxea. Bi solairuko lokal handia da; goian hitzaldi eta tailerretarako aretoa dago, eta behean bulego batzuk eta ordenagailu gela. June Gonzalez da hango koordinatzailea; hark azaldu duenez, elkarteko biltzar orokorrak hartzen ditu antolatutako egitasmoei buruzko erabakiak. Haren hitzetan, ongi bereizi behar dira elkartea eta lokala: “Elkarteko bazkide izateagatik, urtean 40 euro ordaintzen ditugu guk, baina antolatzen ditugun ekintza guztiak dohainik dira”.

Batez ere talde feministen eskariz sortutako elkartea da Emakumeen Etxea: herri mugimenduetan ez zeuden emakumeei feminismora hurbiltzeko eta “sortzaile izateko” espazio bat eskaintzea zen asmoa. “Kolektiboetan ez zeudenak elkartu nahi genituen”, azaldu du Gonzalezek; “Zaila egiten zitzaigun kaleko emakumeak etortzea, baina modu aktiboan, ez soilik jada prestatuta dagoen hitzaldi batera, baizik eta beraiek proposamenak egitera, eta eragitera”.

Gonzalezen ustez, lortu dute helburu hori: “Oraintxe 130 bazkidetik gora gara, eta hori asko da”. Emakume horietako asko talde feministatik datoz, baina norbanako gisa daude elkartean. Donostiako Udaleko ordezkariekin batera hartzen dituzte Emakumeen Etxeari buruzko erabakiak. Koordinatzaileak azaldu duenez, “primerako” harremana dute instituzioarekin; lokala ere hark utzi zien, duela urte eta erdi.

Gonzalez bera izan zen Emakumeen Etxeko atea lehenengoz ireki zuena: “Izenaren inguruan pila bat eztabaidatu genuen. Ezinezkoa zen biltzar orokorrean denok ados egotea, eta izen erraz bat inprobisatu genuen: Emakumeen Etxea. Gero aldatzeko ere eztabaida asko izan ditugu, eta, azkenean, horrela utzi dugu”.

Emakume batek, idazteko, gela propio bat behar duela aldarrikatzen zuen Virginia Woolf idazleak; sortzeko eta hedatzeko espazio bat. Asmo berarekin jaio da Emakumeen Etxea: “Leku guztiak dira gizonen etxeak; hori da kontua. Oso arraroa da hau bezalako lekuak topatzea”.

Espazio publikoan, sarritan, bazterreko eremuetara mugatuta gelditzen dira emakumeen egitasmoak, gizonezkoenen itzalpean, eta nekezagoa izaten da euren egitasmoak ikusaraztea. Arlo horretan, emakumeen burujabetza da Emakumeen Etxeak bultzatu nahi duena. Hori dela eta, batzordean emakumeak daude soilik: “Hor ere eztabaida ugari izan genituen, baina horrela da: erabakitzeko, emakumeak. Gero, sartzeko, egoteko eta gozatzeko, gizonak ere bai; baina erabakitzeko, ez”. Gonzalezek azaldu duenez, garrantzitsua da emakumeek euren egitasmo propioak sortzea: “Hemen frogatzen ari gara oso aktiboak garela, ideiak ditugula, eta, lekua lortzen dugunean, badugula sormena eta indarra gauza interesgarri pila bat egiteko, eta erreferente izateko”.

Feminista izatearen beharraz

Batez ere, prestakuntza eskaintzen du Emakumeen Etxeak; horren barruan “denetik” antolatzen dutela esan du Gonzalezek, eta edozein proposamen hartzeko prest daudela. Baldintza batekin: “Hemen egiten ditugun gauzak beti dira feministak; ikuspuntu hori beharrezkoa da”.

Ikasturte osoan, tailer eskaintza zabala izan dute, eta horietako batzuekin udan ere jarraituko dute. Besteak beste, autodefentsa feminista, sexualitatea, informatika, brikolajea eta antzerkia landu dituzte ikastaro horietan. Arrakasta berezia izan du, gainera, Itziar Ziga idazle eta ekintzaile feministak bi astetik behin ematen duen Maitasun subertsiboak tailerrak.

Horiez gain, hilean behin zineforum saioetarako eta literatur tertulietarako elkartzen dira; irakurle talde hori Kattalin Minerrek dinamizatzen du. Objektuen truke gunea eta “denbora bankua” ere martxan dituztela azaldu du Gonzalezek; liburu aurkezpenek, hitzaldiek eta antzeko jarduerek ere badute lekua Emakumeen Etxean, eta duela gutxi sortu dute musika banda feminista bat.

Ekintza horiek guztiak ikuspegi feminista batetik lantzeak daukan garrantziaz ohartarazi du koordinatzaileak: “Maitasun subertsiboaren tailerrak maitasun erromantikoaren aurka egiten du; neska gazte asko etorri dira horretara. Banda feminista kalea hartzeko modu bat da, eta antzerki tailerra ere bai: emakumeok nola okupatzen dugun espazioa, gure gorputzarekin”.

Dinamika propioak dituzten talde feministekiko harremana ona da, eta elkarren osagarri izaten saiatzen dira: “Autodefentsa tailerra, adibidez, Bilgune Feministako kideek emango dute. Harremanetan gaude eta beti ditugu kontuan”. Kolektibo gehienetako kideak ere badaude Emakumeen Etxeko batzordean. Gonzalez bera, esaterako, Garaipen taldeko kidea ere bada: “Azken batean, gu hori gara, elkarte bat; saretzea da gure xedea”. Elkarteak “espero baino askoz hobeto” funtzionatzen duela gaineratu du: “Gero eta jende gehiagok hartzen du parte”. Hala ere, adierazi du emakume gehiago etortzea nahi luketela, bereziki neska gazteak.